Maialen Arratibel Garcia
EREITETIK HAZTEN

Erroak ez ote zaizkigun ahazten ari... Horiek berreskuratzera dator Sustraibarri

Ametsei esker bizi omen gara. Horiek lortzeko bidean, ordea, ezinbesteko giltza da norbanakoaren barne oreka eta naturarekin nolabaiteko harremana mantentzea. Horrek batzen ditu Sustraibarri elkarteko kideak. Hainbaten ametsek bat egiten ahal zutela ikusita, bideak elkartu eta etorkizuna batera eraikitzen hastea otu zitzaien.

Norbanakoen emozioei eta hauen kudeaketari ematen diegun garrantzia hutsala dela. Eta behinola naturari erakutsi genion miresmen hura, desagertzen joan dela asfaltoaren mesedetan, harekin zorretan egoteraino. Hari mutur horiei tiraka, korapiloak askatu eta inoiz amestutakoa gauzatzeko nahitik sortu zen Sustraibarri. Sonia Etxenausia eta Goizane Arce elkarteko kideek tarte bat hartu dute irakurleekin beraien bizipenak konpartitzeko.

Proiektuari, hasiera batetik, Etxenausiak ekin bazion ere, gaur-gaurkoz bost dira elkartea eusten duten zutabeak; Maria Nafarrate, Iratxe Atxa, Naiara Corcuera, Goizane Arce eta Etxenausia bera. Gizarte langilea ogibidez, iritsi zitzaion une bat non ikusi zuen gizarteratze zerbitzuek ezer gutxi eskaintzen zutela norbanakoen garapen pertsonalari begira. «Sentitzen nuen gizarteratze proiektuek, programek eta, oro har, zerbitzu guztiek askoz ere integralagoak izan behar zutela».

Etxenausiaren ustez, lan munduratzea oso kontuan hartzen den zerbait da horrelakoetan, baina, hori ez bada norbanakoaren bizitzako beste arlo batzuekin batera lantzen, ez dio berak zentzu handirik ikusten. Lan munduratzea «garrantzitsua» dela, «oso», badaki, baina horrek osotasun baten atal bat behar du izan, haren irudiko. «Zertarako balio du soldatapeko lan batek norbera ez badago emozionalki osasuntsu?», galdetzen du, irmo. Sendotze horren bidean, egiteke lan handia «zegoen, eta dago oraindik ere».

Arce ere iritzi berekoa da. «Pertsona asko ezagutu genituen gizarteratze taldeen barruan, lan bat lortzen zutenak baina lehenago edo geroago langabezian gelditzen zirenak berriro». Sakoneko zerbait zegoen hor inork kontuan hartzen ez zuena. Euren filosofiaren arabera, bizitzaren osotasunean zerbaitek huts egiten badu, gauza jakina da denborarekin gainontzeko «guztia» ere desorekatuko dela.

Hortaz jabetuta, Etxenausiak beka bat lortu eta bere barruko nahi hori garatu ahal izateko aukera izan zuen, Saiolan Enpresen eta Berrikuntzaren Zentroari esker. Saiolanek deialdi bat zabaldu zien bailarako gazteei, sei hilabetetan zehar nork bere ideia egia bihurtzeko balioko zuena. Arrasateko gazteak garapen emozionala gizarteratze zerbitzuetan txertatzea zuen xede. Hala, Iratxe Atxa tutorearekin batera proiektu bati ekin zion, zeinaren bihotzean sentimenduen kudeaketa egongo zen. Horrez gain, formakuntza berezitua eskaintzea zen beste helburu bat, betiere lehenengo sektoreari begira egongo zena. Hori izan zen hasierako planteamendua, eta, «zorionez», dio Etxenausiak, erakunde ezberdinen sostengua jaso zuen haien egitasmoak: Landa Garapen Elkartea, Lanbide, Hazi Fundazioa, eta Nekatur, besteak beste. Eta behin puntu horretara iritsita, galdera da: nortzuk izango ziren gizarteratze prozesuan parte hartuko zuten norbanakoak? Bada, Etxenausiak argi zuen aniztasuna izango zela ezaugarrietako bat. Langabezian zeuden pertsona batzuk, genero indarkeria jasan zuten emakumeak, etorkinak, bestelako arazoak zituzten pertsonak... Behin lanean hasita, garapen emozionala Beasaineko Pagorriaga baserrian hasi ziren lantzen, animaliekin zein ortu edo naturako elementuekin. Horrez gain, nekazaritzan teknikari izatea ahalbidetuko zien formakuntza jaso zuten guztiek, bizileku baimenik ez zelako eskatzen. «Horrez gain, auzolanak egin genituen bailarako zenbait baserritan. Horien helburua zen norbanakoaren sare soziala handitzea, ezagutza elkarbanatzea, naturarekin kontaktuan jartzea...».

Proiektuaren azkenengo fasea, ordea, lur sail bat lortzea zen, bertan etorkizunari forma eman ahal izateko. Hor etorri ziren arazoak. «Inbertsio handia zen, eta gure baliabideekin ezin izan genuen ezer lortu». Beraz, hor bukatu zen Sustraibarri Debagoiena. «Egia da parte hartzaile askok erdietsi zutela aurreikusitakoa». Batzuek beraien proiektuak martxan jartzea lortu zuten, eta beste hainbat lanean hasi ziren.

Hari horri jarraipena emateko asmotan elkartea sortzea erabaki zuen azkenean Etxenausiak, diru laguntzak lortzeko bide bakarra hori izango zela ikusita. Pausu hori ez zuen, ordea, bakarrik eman. Arestian aipatutako beste lau emakume izan zituen bidelagun. Eta horrela sortu zen duela bi urte, gaur Debagoienan Sustraibarri izenez ezagutzen dutena.

Ametsak ereiten

Gaur egun, Sustraibarri elkartea gizarte lanean, hezkuntzan, agroekologian, animalien bitartez lagundutako terapietan eta gizarte berrikuntzaren arloetan profesionalak diren lagunek osatzen dute, nork bere ametsak erein nahian. Hala, askotariko ekintzen bitartez, honako helburuak lantzen dituzte: garapen emozionala, ingurugiroaren zaintza, pertsonen eta gizartearen ongizatea, pertsonen eta naturaren arteko harremanaren indartzea, eta, azkenik, landa eremuaren balio soziala eta ekonomikoa sustatzea.

Jarduera esperientzialak landuz eta emozioetan oinarrituz, parte hartzaileek pertsona eta talde gisa garapenerako baliabideak eskuratzea bilatzen dute. Alde batetik, elikadura burujabetzaren inguruko kontzientzia piztea helburu duten saioak egiten dituzte, Aramaion. Tailerrak eta bisita gidatuak eskaintzen dituzte ideia horren bueltan, ipuin eta musika egokituen bidez lagunduta. Ogia egin, ortua bizi, haziak erein eta fruituak jaso. Deialdiak irekiak dira, beraz, gogoa da eskakizun bakarra.

Arceren eskutik eskaintzen dute Sustraiberrin zaldiekin lagunduriko terapia. Gizarte bazterkeria arriskuan daudenei bideratuta badago ere bereziki, edonorentzat da terapia onuragarria. Zornotzako Katibi zalditegian egiten dira saioak, eta, normalean, banakakoak izan ohi dira. Ordubeteren bueltan, beharrizan ezberdinak lantzen dira, betiere pertsona bakoitzaren premiei egokituta. Errehabilitazio fisikoari begira, muskulatura indartzea, eta oro har, tonu muskularra hartzea bilatzen da hipoterapiaren bidez. Eta bestetik, ekinoterapiaren bidez, pertsonaren alderdi psikologikoa lantzen du Arcek zaldien laguntzaz; konfiantza eta autoestimua haztea, emozioen kudeaketa lantzea, eta frustrazioak kudeatzeko baliabideak garatzea bilatzen da, besteak beste.

Emozioei eskainitako tailerrak dira Sustraibarriko beste ardatzetako bat. Lidergoa, ametsen identifikazioa, sentimenduen kudeaketa, gorputza sentitzen eta arrazoia alde batera uzten ikastea... Behar horien bueltan, txakurrekin eta ortuko elementuekin egiten dute lan Arcek eta Etxenausiak. Saioak izaten ari diren arrakasta «emozioez hitz egiteko dugun ohitura ezari» egozten diote. «‘Nola sentitzen zara orain?’ galdetze hutsarekin barrenak aztoratzen zaizkigu, ez gaudelako hori erantzutera ohituta». Ipuin batekin ekiten diote saioari, «ipuinetik momentura etortzeko», eta ondoren dator aurkezpen emozionala, non izenak esan ordez norberak nola sentitzen den esan behar duen.

Behin hasierako tentsioak askatzen hasita, txakurren laguntzarekin lantzen eta ikusten da «nola eragiten duen besteengan gure egoera emozionalak, eta besteenak gugan». Horren helburua zera da, ordea; konturatzea «guk geuk erabaki dezakegula» zein jarrera hartu emozio jakinen aurrean. «Txakurrekin hori ezin hobe antzematen da; zuk lasai egotea erabakiz gero, txakurra ere lasaituko da, ziur», azaldu du Arcek. Txakurrak erabiltzen dituzte, ez direlako izaki arrazionalak. «Gu hainbeste arrazionalizatu gara, hainbeste ikasi dugu burutik, ezen gorputzarekin dugun harremana desagertu dela ia. Nahiko genuke, tailer horien bidez, berreskuratzea gure alderdi irrazional edo sentibera hori». Horrez gain, ortuko elementuen bidez «bizitzan pilatutako harriak» identifikatzea bilatzen dute, «nor bere ametsetara hurbiltzeko». Amets hori irudikatzen duen hazi bana ereiten bukatzen dute saioa, landatzen den oro «ondo» zaindu behar dela gogoratuz.

Azkenik, Etxenausiak, Manex Arriolabengoa gitarristaren laguntzaz, ipuin musikatuak eskaintzen ditu. Diotenez, ipuinek gizakion bizipenetatik, mitologiatik, naturatik, eta, batez ere, emozioetatik bidaiatzeko aukera ematen digute. Hala, gai ezberdinak jorratu nahian, ipuinetako batek emakumeen aurkako tratu txarrak ditu jomugan. Beste batek, ingurugiroa zaintzearen aldeko mezua darama.

Erroetara bueltatu eta sustraiak zaintzera dei egiten duen etenik gabeko mezua zabaltzen jarraitzeko asmoa dute Sustraibarrin. Informazio gehiago www.sustraibarri.com atarian.

 

Auzolanean, Emakumeen Mundu Martxari harrera

Martxoan ekin zion ibiliari Emakumeen Mundu Martxak. Kurdistanen lehen pausuak eman eta gero, Europa ia osoa zeharkatu eta irailaren 28an emango dio Euskal Herriak ongietorria, “Gure gorputzak gure territorioak” lelopean. Urriaren 4an egitasmo ibiltariari agur esateko unea iritsiko bazaigu ere, Sustraibarrin beraien aletxoa jarri eta aldarrikapenarekin bat egiteko aukerari ez diote ihes egiten utziko. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxarentzat «sarean lan egitea eta aniztasuna kudeatzea» helburu izanik, behar bereziak dituzten pertsona talde batekin elkarlanean, hainbat ekintza antolatuko dituzte Meatzerreka auzoan. Izan ere, Arrasateko Udalaren laguntza tarteko, hiru hektareako lursail batean auzolanerako grina eta ilusioa sustatzea du xede Sustraibarrik. Hala, Bergaran sortutako Naturtzaindia elkarte ekologistarekin eta Arrasateko Besaide mendi elkarterekin batera antolatzen dituzten askotariko proiektuen baitan, Emakumeen Mundu Martxari ongietorria emateko ideiak ontzen ari dira. Ez da nolanahikoa elkartea Meatzerreka auzoan egiten ari den biziberritze lana. Izan ere, Udalak erositako lurretan, bertako biodibertsitatea berreskuratzea xede duten ekintzak antolatzen dituzte, betiere edozein herritarri parte hartzeko gonbita eginda. Auzoak urte luzetan jasandako kalteak zuzentzeko, eta bertako egoera orekatzeko beharrari erantzunez, esaterako, 400 zuhaitz landatu dituzte herri-lan ezberdinei esker. Ekintzetarako finantzaketa Udalak ematen du, baina, proiektuen planifikazio eta prestaketa osoa Naiara Corcuera Sustraibarriko kideak egiten du.