Maider Eizmendi
Elkarrizketa
Iker Merchan
Komunikazio digitalean aholkularia

«Gizartea parekidea ez den artean, Internet bera ere ez da izango»

Komunikazio digitalean aditua, emakumeek Interneteko blogetan duten eragina aztertzeko eta zergatietan sakontzeko tesia aurkeztu du

Internet eta oro har teknologia berriekiko lilura agertzen du Iker Merchanek. Bere lan ibilbidea haien bueltan eraiki du eta ohiko komunikabideetan tarterik ez duten pertsonei bestelako aukerak eskaintzen dizkietela sinisten du. “La brecha digital de género. Análisis de las causas de la menor influencia de las mujeres en internet” izenburupean aurkeztu duen tesian emakumeek sarean duten lekua eta eragina aztertu du. Erabileran aurrera eginagatik, eraginean ez dela aurrerapen handirik ondorioztatu du. Internet «tresna parekidea» dela dio, baina gizarteak ematen dion erabilera ez. «Gizartea parekidea ez den artean, Internet bera ere ez da izango», nabaremendu du.

Teknologia berriei lotuta egin duzu zure ibilbidea. Baina zerk eraman zintuen haietan emakumeen duten eragina neurtzera?

Ni betidanik egon naiz maiteminduta teknologia berriekin. 1995ean hasi nintzen Interneten nabigatzen eta lan ibilbidea teknologia berrietara bideratu nuen. Abantaila handiak eskaini dituzte eta haietako bat, nire ustez, gutxitutako kolektiboei ematen dizkieten aukerak dira. Kontua da ni gizona naizela, heterosexuala, zuria, hipoteka ordaintzeko arazorik ez duena... Jaiotzez, eta ez horretarako egin dudan esfortzuagatik, ez naiz beraz gutxitutako kolektibo bateko kidea. Argi neukan, ordea, teknologia berriek eskaintzen duten boteretzeko ahalmena aztertu nahi nuela eta gutxitutako kolektiboen artean ugariena delako emakumeak aztertzea erabaki nuen.

Boteretzeko duten ahalmena abiapuntu gisa hartu zenuen.

Lana hasi nuenean hipotesi nagusi bat nuen: teknologia berriek, zalantzarik gabe, emakumeak boteretzeko ohiko komunikabideek baino erraztasun gehiago eskaintzen dituzte. Nire sorpresa izan da frogatzea Interneten bestelako komunikabideetan bezain gaizki edo okerrago daudela emakumeak.

Agian Interneten abantailen inguruko itxaropen handiegiak zeuden?

Agian bai. Hasieran itxaropen handiak zeuden jarrita Internetek dituen ezaugarri teknikoengatik. Azken batean, sareari esker gaur egun guztiok dugu poltsikoan inprenta bat eramateko aukera. 80ko hamarkadan “The New Yorker” agerkarian argitaratu zuten esaldi batek zioen AEBetan izan bazela inprenta askatasuna, baina bat zuenarentzat bakarrik; hori hala da, izan ere, ohiko komunikabideetarako sarbidea mugatuta dago. Zuk ez baduzu milaka ale inprimatzeko eta banatzeko baliabiderik, aukera izan baduzu kalera irten eta oihu egiteko, baina hori al da inprenta askatasuna?

Teknologia berriekin egoera desberdina da. Nire Twitterra “New York Times” egunkariaren Twitterraren parekoa bada, horrek nolabait parekatu egiten gaitu. Ikuspuntu teknologikotik, beraz, boteretzeko tresna bat dugu. Azken batean egun hitz egiten ez duenak nahi ez duelako da, plaza izan bada-eta.

Plaza ez dela nahikoa frogatu duzu baina.

Ohiko komunikabideetan emakumeak kazetarien erdia zarete, baina ez zarete botere postuen erdia betetzera iristen. Komunikabideetan bi botere postu mota bereizten dira: ohikoak, zuzendaritzari lotuak; eta iritzi boterea dakartenak; emakumeek iritzi emateko duten aukerari lotuak. Interneten, hasiera batean behintzat, ez dago inolako eragozpenik inork bere iritzia eman dezan, baina, hala ere, eragin handiena duten blogen artean emakumezkoen presentzia %17koa da. Beraz, hasiera batean boteretzeko ahalmena duen tresna batek ez du pentsatutako eragina lortu.

Emakumeen kasuan, erabilera soilik handitu al da?

Kontua da heziketa dela medio, teknologiak gehiago erakartzen gaituela gizonak emakumeak baino. 1997an Interneten nabigatzen zuten lau lagunetik hiru gizonak ziren. Orduan pentsatu zen parekidetasuna lortzeko emakumeek gehiago nabigatzea zela soluzioa. Denborak frogatu du kopuruan behintzat berdintasuna lortu dela, baina horrek ez duela boteregunerik lortu Interneten. Erabiltzaileen erdia izatea ez da eraginaren erdia emakumeena izatearen sinonimo.

Nola aztertu duzu emakumeen eragina?

Konplexua den kontzeptua da. Nire helburua eraginaren definizioan ez katramilatzea izan da. Eraginaren inguruan egiten diren zerrenda hainbatek erabiltzen dituzten irizpideak hartu ditut oinarri eta handik aurrera lan egiten saiatu naiz. Hautemandako eragina eta eragin erreala aztertu ditut. Lehenak, jendearen ustea neurtzen du, hau da, «zein da zure ustez Interneten eragin handiena duen bloga?» galderaren erantzunak osatzen du emaitza. Eragin erreala ezagutzeko blogak dituen loturak hartzen dira kontuan; orduan eta lotura gehiago, eragin handiagoa.

Zeintzuk dira, zure ustez, kopuru eta zenbaki horien atzean gordetzen diren arrazoiak?

Zergatiak zehazteko orduan gaian aditu diren pertsonen iritzian oinarritu naiz, gisa honetako lanak ezin baitira norberaren uste edo iritzietan oinarritu. Interneten eragin handia duten hamar emakumeren eta gaian aditu diren lau lagunen iritziak jaso ditut. Haietatik ondorioztatu dut Interneten gizonek eta emakumeek duten eragin desberdinaren arrazoietako bat batzuek eta besteek duten denbora dela. Emakumeek, oro har, aisialdirako gizonek baino denbora gutxiago izaten dute, zer esanik ez seme-alabak badituzte. Bikote batean emakumeak hartzen badu haurren zaintzaren pisurik handiena, bere bikotekideari baino zailagoa izango zaio Interneten eragina izatea lortzea. Beste arrazoi bat Interneten zabaltzen denaren ondorioak dira. Nik Interneten hanka sartzen badut, egin dudan horregatik kritikatuko naute. Aldiz, hanka sartu duena emakumea bada, kasu batzuetan egin duenagatik ez, beste arrazoi batzuengatik jasotzen ditu kritikak. Emakumeek, oro har, zigor bikoitza dutela hautematen dute. Jazarpen kasuak ere deskribatu dituzte.

Zein motatakoak?

Elkarrizketatutako emakume batek kontatu du, esaterako, egoera gogorrak jasan behar izan dituela. Deigarria da, hala ere, kasu askotan ez dituztela identifikatzen. Galdetzen hastean Interneten berdintasuna zegoela esanez hasten ziren, nahiz eta gero parekidetasun egoera batean batere normalak ez diren egoerak deskribatu. Kasu zehatzak ez dituzte testuinguru orokorrago baten baitan kokatzen. Hori da, hain justu, arazo honen aurpegirik itsusiena, ikusgarritasun eza.

Ikusgarritasuna aipatuta, Interneteko blogetan idazten duten emakumeak ere ez dira lehen lerroan agertzen, ezta?

Ikusgarritasunaren kontzeptua erlatiboa da. Zuk Interneten dena publika dezakezu, baina, leku zehatzetan agertzen ez bazara, edo, hainbat lagunek ez bazaituzte aipatzen, oso zaila da ikus zaitzaten lortzea.

Jorratzen diren gaietan ere desberdintasun handiak daude?

Oinarrizkoa da interes orokorreko blogak gainerakoetatik bereiztea. Interes orokorra ez da nire ikuspegi subjektibotik interesgarri jotzen dudana, gure bizitzan eragina duten gaiak baizik. Athleticek egiten duenak taldeko zaleei edota futbolzaleei eragiten digu; aldiz, osasun arloan BEZari lotuta hartzen diren erabakiak guztiei interesatzen zaizkigu. Interes orokorreko gaietan gizonen presentzia askoz handiagoa da. Emakumeak nabarmen nagusi dira “femeninotzat” jotzen diren gaiei lotutako blogetan: haurren ingurukoak, edertasunari lotutakoak... Ez dakit interesa den edota, lehen aipatutako arrazoiak medio, gai potoloetan sartzeko beldurrak eragiten duen gehiago. Azken batean, gai “femeninoak” lantzen badituzte, esperotako rola ari dira betetzen emakumeak.

Internetez zenuen ikuspegia zeharo aldatu al zaizu?

Tresna bera parekidea da. Aurretik komunikatzeko behar izan ditugun baliabideekin (inprenta, telebista katea...) alderatuta parekideagoa da. Beste kontu bat da gizarteak tresna horri ematen dion erabilera ez dela parekidea. Interneten ezaugarriak lagungarriak dira, baina, aldi berean, infinitua da eta horrek zailtasunak dakartza. Egunkariek har ditzakete neurriak emakumeen ikusgarritasuna ahalik eta handiena izateko, egun batetik bestera gainera. Internet denbora eta espazio aldetik mugarik ez duen komunikabidea da: pertsonok sortu nahi ditugun adina mikro eta makrokomunikabide egon daitezke nahi beste gairen inguruan. Arazoa da: nola lortzen dugu berdintasuna infinitua den espazio batean? Arazoa ez dago inondik inora komunikabidean. Ez dugu esaterik gizarte parekide batean zapaltzailea den komunikabide baten aurrean gaudenik; Internet ispilu ezin hobea da gizarteak bere burua begira dezan. Gizartea parekidea ez den artean, Internet bera ere ez da izango.

Lan handia dago egiteko?

Bai, baina zorionez gero eta gehiago gara diskriminazioa agerian jartzeko saiakerak egiten ari garenak. Nire ustez, horrek ez du esan nahi, batzuek sinestarazi nahi diguten moduan, okerrago gaudenik. Hobeto gaude; hori bai, gero eta kontzienteago gara. Uste dut eskubide zibilen leherketa partikularra ari garela bizitzen. Kontzientzia hartzen ari gara eta soilik ikusten diren arazoei eman ahal zaie soluzioa. Maila pertsonalean ikerketa oso aberasgarria izan da, erantzun aberatsa aurkitu dut eta. Interneten dena ona dela esatea eta natibo digitalek askoz ere errazagoa dutela esatea okerra da. Egoeraz kontzientzia hartzeko balio izan dit, nire aurrean nuen eta orain artean ikusi ez dudan mundu bat ikusteko aukera eman didalako.

Egoera ikusarazteaz harago soluzioak ere planteatu dituzu, ezta?

Emakume asko Interneten egiten ari diren lan ikaragarriaz jabetu behar dugu, ikustarazi egin behar ditugu. Argi utzi behar dugu zeintzuk diren eta ondo egiten ari direnak ezagutarazi egin behar ditugu. Horretarako zerrendak egin daitezke. Azken batean, emakume horiek eredu izango dira gai desberdinen inguruan eta gaion gaineko iritzia emateko ausartagoak izan daitezke. Komunikatzera animatu behar ditugu emakumeak, interes orokorreko gaiak jorratzera. Horrek ez du esan nahi femeninotzat jotzen diren gaien inguruko blogak baztertzea, baina bai bestelakoak indar handiagoarekin bultzatzea.