Ander Gortazar
Arkitektoa

Hundertwasser gainbegiratuz

Hundertwasserren lana ezagutu nuenean 14 urte besterik ez nituen. Irakasle batek artista austriarraren liburu monografikoa klasera ekarri zuen, eta, artean Hundertwasserren lana testuinguruan jartzeko irizpiderik ez banuen ere, berehala harrapatu ninduten haren irudi biziek, forma eliptikoek eta bisio naturazaleak. Ordutik, Hundertwasserren poster bat dut zintzilik logelan, logela hori dagoen tokian dagoela: «You are a guest of Nature, behave».

Margolaria zen batez ere Hundertwasser; koadro, poster eta zigilu eder askoak ditu. Naturaren aldeko aktibista, eta, hein batean, arkitektoa ere bazen. Karreran ez genuen bere obra ikasi –arkitekturaren historian duen lekuak ozta-ozta duelako anekdota maila–, baina haren lana testuinguru egokian jartzeko aukera izan nuen.

Hundertwasserrek «marra zuzenak deshumanizaziorantz garamatza» esaten zuen momentu historiko berean, Le Corbusierrek poema-liburu bat eskaini zion angelu zuzenari, besteak beste esanaz «ikatz puska batez/ dugu/ angelu zuzena trazatu/ ikurra/ Hura da erantzuna eta gida/ izana/ erantzun bat/ aukera bat», funtzionalismoa eta arrazionaltasuna eztabaidaren erdian jarriaz. XX. mendeko arazoei erantzun bat ematen jakin zuen Mugimendu Modernoak –egokia ala desegokia, eztabaida genezake hori–, Hundertwasserrek gustuko ez zuen norabidean: «Marra zuzena erregela batekin koldarki marraztutako zerbait da, gogoeta eta sentimendurik gabea (...), zibilizazioaren hondamendiaren oinarri ustela». Jarrera hori konstante bat da bere obra grafikoan, bai mezuetan («Save the seas. Use public transport, save the city. Plant trees, avert nuclear peril») bai eta estiloan ere. Arkitekturari dagokionean, baina, iruditzen zait Hundertwasserrek “natura” ahotan hartzen zuela euskal herritar hainbatek “tradizioa” hartzen duen moduan –hau da, oker–, eta azaleko erabaki arbitrarioak direla haren arkitekturaren ezaugarri nagusia.

Zuhaitzak landatzea estalkietan –Mugimendu Modernoak ere egiten zuena, marra makurren beharrik gabe–, marra ez-zuzenekin konposatutako fatxadak –entzutetsuena, akaso, Vienako errauskailuarena–, horma eta zoru ondulatuak, detaile ez-estandarizatuen bilduma kaotikoa. «Naturaren eta gizakiaren arteko harmonia» ulertzeko modu erredukzionista, nire irudiko, urrun Buckminster Fuller edo Frei Ottoren ikerketa metodikoetatik edota arrazionaltasunaren adibide den energia-efizientzian oinarrituriko arkitekturatik. Haren obra eraikia ikusten dudanean, are gehiago Vienan Hundertwasserhaus bertatik bertara ezagutu ostean, kosta egiten zait pintoreskismoa eta fatxadismo hutsa ez den zerbaitekin topo egitea. Begirada onbera batetik manifestu baleko bat; zintzoago batetik Secession-en hondar batzuk, Gustav Klimt eta Egon Schiele pixka bat, Antoni Gaudiz zipriztindutako «pastiche» psikodelikoa.

Eta hala eta guztiz ere, ezin ukatuko dut maitasun pixka bat hartu niola 14 urterekin, eta orduko bizipenen arrastoek pisu handiago dutela nigan jakintza akademikoak emandako argudioek baino. Orain bat ez, bi baitira logelan zintzilik ditudan Hundertwasserren posterrak. •