Iñaki Altuna

Iraganak eta etorkizunak berriro egingo dute talka

Oraintxe hasi berri den lanurte politikoa oso garrantzitsua izango dela esatea tokatzen da. Inoiz izan al da ba bestelakorik? Egia esan, baieztapen berberarekin ekiten diogu beti oporraldien bueltari. Topikoa da, baina ez gezurra. Eta aurten ere ez da izango, hainbat gertaera eta faktore tarteko:

1.- Estatu espainolean gobernu aldaketa etor daiteke. Beste gauza bat litzateke «erregimen» aldaketa egotea, eta, are gehiago, aldaketa horrek Euskal Herriko gaiari behar bezala heltzea. Baldintzak alda daitezke, baina sakoneko mugimenduak, etortzekotan, hemen bertan sortutako indar eta ekimenetik etorriko dira. Are gehiago, badirudi Estatu mailako indarrei ez zaiela euskal gaia agendan sartzea interesatzen.

2.- Euskal Herriko onarpen nazionala lortzeko eta autodeterminazioa egikaritzeko edozein estrategiak bi arazorekin egingo luke topo: estatuen berezko nortasuna (inposizioa ez den beste proposamen politikorik gabe, haientzat erabakitzeko eskubidea eta independentzia gauza bera dira, eta, horregatik, uko egiten diote erdibideko edozein bide negoziatzeari) eta EAJren ohiko jokabidea (ez dago Estatuaren posizio endemikoari aurre egingo liokeen prozesu baten abiapuntuan egoteko prest, Kataluniako prozesuarekiko hartu duen distantziak argi erakusten duenez. Lau «familia handien» arteko akordioa behar dela esango dute jelkideek, baina PSErekin hitzarmena egiteko aitzakia baino ez da izango, betiere hurrengo EAEko hauteskundeak zio eta funts).

3.- Gaur-gaurkoz gatazkaren ondorioetan ere EAJk ez du bidaide izateko asmorik, orain dela hilabete gutxi horretarako prest agertu bazen ere. Hauteskundeetatik indartsu irten delarik, bere eskaerak puztu egingo ditu etengabe (Aieteko garaian edo ezker abertzalearekin ondoren izandako harremanetan mahaigaineratu direnetik kanpo), aterabide faltak ezker abertzalea kaltetuko duelakoan. Han eta hemen entzun ohi denez, Urkulluren Gobernuko Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezen jokabidea bereziki deigarria da, nonahi mesfidantza sortzeko ahaleginean omen dabilelako, Euskal Herrian zein nazioartean.

4.- Ezker abertzaleak egin zuen estrategia aldaketak sekulako lurrikara eragin zuen, bide berriak jorratzeko aukerak eta lorpen zehatzak ekarri baitzituen. Halere, lehen astinaldiaren ostean, geldialdia eta ahulguneak ere izan ditu. Estatuek ezarritako blokeo eta oztopoek zeresan handia izan dute horretan, baina badira beste faktore batzuk ere. “Zutik Euskal Herria”-rekin hasitako iraultzak ez du behar besteko, behar adineko jarraipenik izan, hainbestetan aipatu izan den kultura politiko berri bati osoki bide emateko. Gainera, egora eta betebehar berriak azaldu dira urteotan.

5.- Esan bezala, estatuek –bereziki espainolak– eraginkortasuna kendu nahiko diote potentzialtasuna handia erakutsi duen aldebakarreko estrategiari. Ez dituzte gogoko hark eragin ditzakeen astinaldiak. PPren Gobernuak gatazkaren ondorioetan duen indarra aprobetxatu nahiko du oraindik ere, Parisen lerrokatzea behar-beharrezkoa izanik (ez zituen gustura hartuko Frantziako Justizia Ministerioari buruzko berriak). Azken batean, estrategia berritua katramilatzeko presoen gaia erabiltzen du Madrilek (paradoxikoki, ez dira gai berarekin ezker abertzalearen estrategia kaltetu nahi duten bakarrak, oso bestelako posizioetatik izanda ere).

6.- Sortu diren (Estatu espainolaren krisi orokorra eta Kataluniako prozesua, beste batzuen artean) eta sortutako (aldaketaren beharra eta gogoa –Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ikusi denez–, aliantza gune berriak...) baldintza objektiboen gainean, eskaintza taktikoak eta estrategikoak elkar elikatuz, indar nahikoa biltzeko eta eraginkor bilakatzeko –aldaketa modu batez edo bestez oztopatzen dutenak baldintzatzeraino– ahaleginen garaia izango da iragana atzean utzi eta egoera berriak erdietsi nahi dituen ororentzat. •