Mirari Martiarena

Kattagorriak

Kattagorri izateko gonbidapena jaso nuen espetxetik igorri zidaten gutun batean. Elkarrekin egoteko modu bakarra hori zelako eta delako zoritxarrez. Kattagorri bihurtzen naiz bizitzako momentu esanguratsuenetan, baita eguneroko momentu xumeenetan ere. Beti izaten dut gogoan bera eta gure kattagorri izaera. Poz handienetan elkartzen garenean saltoka ibiltzen gara, adarretik adarrera dagoen distantzia zein den konturatu gabe. Zentimetroak, metroak edo kilometroak diren ez du inporta. Ez dago mugarik. Mina dugunean, berriz, elkar besarkatuta egoten gara, elkarri babesa eta goxotasuna emanez. Negar egin behar badugu negar eginez eta irri egin behar badugu irri eginez. Hustutako ezkur azalak aprobetxatzen ditugu garagardoz bete eta topa egiteko. Hilabete honetan, adibidez, festa eguna dugu irailaren 16an, bere urtebetetzea ospatuko dugulako.

Gutun bateko gonbidapen horretatik hasi zen guztia. Berri Txarrak taldearen “Iraila” abestiak dioen bezala «hitzak urtaro batetik bestera bidaltzen genituen», eta oraindik ere horretan dihardugu. Gutun bakoitzean sortzen ditugu besarkada eta muxu berriak. Izan daitezke lore sortetan bildutakoak udaberrian, ihintz usaineko besarkada freskoak udan, ilunabar arroxetako muxu beroak udazkenean edo Aiako Harrietako elur bota berriaren zaporekoak neguan. Urtaroka bada ere, elkar hitz berritzen eta bizi berritzen dugu.

Irudimena eta maitasuna lotuz gero inoiz pentsatu gabeak lortu eta egin daitezke. Iristeko hilabete pasatzen dute hitzek gutxi gorabehera. Baina berdin du, sentimenduak ez baitira hiltzen tarte horretan. Kattagorri bat ikusten dudanean badakit hitzak iritsi direla edo badatozela. Gauza asko bururatzen zaizkit baina nire eguneroko burutapenak izaten dira. Benetan sentitzen direnak. Eta benetan sentitzen direlako jarraituko dut horrelakoak pentsatzen eta igortzen. Kattagorri izateari uzten ez diodan bitartean jarraituko dut ezkur azalekin egindako kopetan topa egin eta “Zorionak zuri” kantatzen. •