Iker Barandiaran

Lehen aldia

Egin nuen lehen aldia musika talde baten entsegu lokalean izan zen. Zer egin nuen? Nola izan zen? Mitifikatuta dugu lehen aldi hori, nahiz eta lehena izateagatik eta hain mitifikatuta izateagatik ez den gehienetan aukeratan onena izaten, horiek baino hobeak egoten dira askotan.

Leku berri batera joan izandako lehen aldia, norbaitekin topo egindako lehen aldia, zerbait esperimentatutako lehengoa, droga bat hartutako estreinakoa... Zer-nolako garrantzia ematen diogun horri eta zein hutsala izan ohi den askotan emaitza, hainbeste espero izanagatik eta ez-dakit-zer-nolako-espektatibak aurrean jarri izanagatik askoz gehiago espero dugulako. Aurreiritziek baldintzatzen dute momentuko sentsazioa, aurretik jada horrekiko espero duguna… horrek zapuzten du askotan ezustekoa eta sinesgaitza izan daitekeena, bere benetako xarma.

Eta seguruenik ñoñoa edo moña irudituko zaizuen arren, lehen aldiari benetako zukua ateratzen dakiten bakarrenetarikoak umeak dira; bai, oraindik txikiak izateagatik harritzeko eta harrituak izateko gaitasuna dutenak. Gurasook, lanak uzten digun heinean, seme-alabekin egiten dugu egunaren zati handi bat, eta aste osoan haiek(in) disfrutatzen, ikasten, tira-aflojan, negoziatzen, zaintzen, gidatzen eta errietan pasatzen dugu denbora asko. Eta zer esanik ez udan, jakina: orduan 24 orduak ditugu beraientzat, eta aberasgarria eta batzuetan nekagarria bada ere, guk ekarri ditugu mundura eta gurea da beraiek lagundu eta gidatzeko ardura, baita agoantatzekoa ere. Horrek ez dauka bueltarik.

Gainera, bide batez, uda une batean gelditu eta balorazioak egiteko garai gisa balia dezakegunez, egiaztatu ahal izan dut umeak haztearen gauza onenetarikoa dela haien deskubrimenduen lekuko zuzena izatea, oraindik kutsatu gabeko begi, belarri eta burmuin horiek nola jasotzen eta interpretatzen dituzten estimulu horiek guztiak diren bezala, bestelako gogoetarik gabe. Hasi txikienarekin batera bainatzearen esperientziaz, eta jarraitu 3 urtekoaren burutazio eta galdetegi irudimentsu agortezinekin. Edonor harritu eta liluratzeko modukoak, apenas etxetik irten gabe gainera.

Norberarenari tiraka, oso gogoan dut gaztetxotan irrati (libre, baina maila berean kikiltzeko gaitasuna duena) baten mikrofonoaren aurrean jarri nintzen lehen aldian mutu geratu nintzela. Gerora, baina –zeinek esango luke– probatu ditudan hedabideetatik berau da gehien erakartzen nauena; badu zerbait mikrofono gabe hitzetan azaldu ezin dena. Urte batzuk geroago, gaztetxo oraindik ere, bi lagunek Andaluziara jo genuen, San Joserantz, Strummer bera ere liluratu zuen lurralde hippyrantz. Baina bidean Granadako Sacromonten gazpatxoa lehen aldiz dastatzeko geldiunea egin genuen, eta baita desilusio galanta jaso ere: laguna eta biok eltzeko jana zelakoan geunden-eta. Hara, baina, denbora gutxira lagun honek etxean gazpatxoa prestatzeari ekin zion eta erabateko zale amorratua da oraindik ere. Eta, bide batez, bidaia horretan ikasi genuen, baita ere, porru-erretzaile fededunak ere badirela, eta Ama Birjina delakoen debotoak diren haxix saltzaileak! San Joseren eragina ote?

Lehenengo jasotzen duguna ez da beti balio duena; lehengoa ez da erabakigarria. Inguratzen gaituenari nola begiratzen diogun da gakoa. Eta hori eremu guztietara bidera dezakegu: zein begirekin erreparatzen diogun ondokoari, gertatzen ari denari edo pasatakoari. Horregatik miresten ditut umeak eta duten jarrera.

Entsegu lokal horretako lehen aldia etorri zait berriro gogora. Baina, zehatz, zertaz ari naiz? Larrutan lehen aldiz egin izanaz? Baliteke, baina izan daiteke baita ere lehen aldiz gitarra bat esku artean hartu izanaz, anplifikadore bat belarri ondoan izanaz edo Karlos Mahoma lehen aldiz abesten entzun eta ikusi izanaz. Auskalo! Eta gauzak norberari datorkion bezala bizitzen, sentitzen eta gozatzen ikasiko bagenu, are eta gehiago harrituko zintuzket. •