Ane Urkiri Ansola
ETXERA BUELTAN

Poloniako Gobernuak munduan barrena bizi diren poloniarrak etxean nahi ditu

Drama humanitario lazgarrien lekuko garen garaiotan, plan berritzaile bat ezartzeko asmoa du Polonian Andrzej Dudaren Gobernuak. Poloniar nazionalitatea duen oro etxera itzultzean datza plana. Aldi berean, baina, Europar Batasuna osatzen duten herrien artean errefuxiatuen banaketarako kuotak onartzeari uko egiten dio Poloniak.

Munduan zehar sakabanatuta dauden poloniarrak herrialdean nahi ditu Andrzej Duda presidenteak.
Munduan zehar sakabanatuta dauden poloniarrak herrialdean nahi ditu Andrzej Duda presidenteak.

Aurtengo udako gaurkotasunean migrazioak leku zabala hartu du. Egunak joan egunak etorri milaka lagunek erabaki dute beraien lurra utzi –gerra edo txirotasuna tarteko– eta bizitza lasaiago baten bila abiatzea. Egunero zorigaiztoko albisteak presente izan dira egunkari, irrati zein telebistetan. Drama humanitario lazgarrien lekuko gara. Eta askotan erantzule ere bai.

Azken egunetan Mazedonia eta Greziara iritsi dira milaka lagun, beraien burua arriskatu ondoren eta zailtasunez beteriko bidea gainditzeko prest. Leku horiek, baina, geltoki bat baino ez dira. Ibilbidea luzeagoa da. Hori nahikoa ez eta Mazedonia eta Serbiaren arteko mugan Poliziaren errepresio itzela jasan behar izan dute milaka lagunek, haurrak barne. Trabaz beteriko bidea dute, bai itsasoan eta bai errepidean. Horren erakusle Austrian kamioi batean aurkitu dituzten 71 hilotzak.

Gorabehera horien joan-etorrian Poloniak azaleratu duen proiektu batekin egin dugu topo. Kanpoan bizi diren poloniar guztiak “etxera” itzultzeko asmoa erakutsi du bertako Gobernuak. Nazionalitate poloniarra duten 20 milioi herritar bizi dira Poloniatik at, baina horietatik heren bat dira Polonian jaiotakoak. Zifra horrek Andrzej Duda presidente kontserbadorearen kezka piztu du.

Munduan barrena aurkitzen diren poloniar gehienak azken 150 urteetan, gerra edo mugen mugimenduak medio, lekualdatu zirenen ondorengoak dira. Argentina, Brasil, Alemania, Ukraina eta Ameriketako Estatu Batuetan arbaso poloniarren bat duten biztanle ugari aurki ditzakegu. Eta badira arrazoi ekonomikoengatik mugitu direnak ere. Horren erakusle dira Irlanda edo Erresuma Batura joandakoak. Boterean zela, Tony Blair laboristak merkatu britainiarra ireki zien Europa ekialdeko langileei. Poloniarrek ederki baliatu zuten aukera. Bizitza hobea aurreikusiz edo, beraien herrialdea atzean utzi zuten askok.

Irlandan biztanleen %3k dauka poloniar jatorria. Eta Erresuma Batuan poloniera da ingelesaren atzetik gehien hitz egiten den hizkuntza. Egoera hori ere ez da batere atsegina David Cameron egungo lehen ministro britainiarrarentzat. Erresuma Batuan immigranteei eskainitako gizarte laguntzak gehiegizkoak iruditzen zaizkio, eta, horren erakusle, laguntzak jasotzen dituztenetako asko emigratutako poloniarrak direla adierazi zuen 2015. urtearen hasieran. Horregatik, migranteak gutxitze aldera, lege berriak proposatuko ditu Europar Batasunean.

«Berpolakizatu»

Bien bitartean, Andrzej Duda tematuta dabil poloniar herritartasuna dutenak bere agintaldian Poloniara itzultzeko proiektuarekin. “Berpolakizatu” izena ere eman diote egitasmoari, anbizio handiko plana dela gaineratuz. Poloniako Gobernua jakitun da konplexutasun handiko lana dela. «Gure herrikide askok bizi diren lurraldeko nazionalitatea daukate, bertako hizkuntza darabilte eta ez dute gurea ezagutzen», azaldu zuen Grzegorz Schetyna Poloniako atzerri-ministroak berak.

Poloniarrak “etxera” ekartzea ez ezik, planaren barnean sartuko lirateke atzerrian herrialdearen irudia hobetzeko nahia eta kanpoan bizi den diaspora sustraietara hurbiltzeko desioa ere; hala nola, poloniera bera indartzea. Horretarako, atzerrian dauden elkarte poloniarrek giltzarri izan beharko lukete.

Baina Gobernuaren benetako kezkak populazioaren zahartzean du muina. Jaiotze tasa baxua du Poloniak eta 2060rako populazioaren heren bat baino gehiago 65 urtetik gorako biztanleak izango direla aurreikusten da, Eurostaten datuen arabera. Izan ere, azken mende laurdenean 15 urtetik beherako biztanle kopuruak %40 egin du behera, eta, 65 urtetik gorakoak, berriz, %50eko igoera izan du.

Malgosia Wos soziologoaren arabera, Polonia 2004an Europar Batasunean sartu zenetik nabaritu da batik bat joera aldaketa. Gehienbat zona urbanoetan, non bikoteak zaharrago ezkontzen diren eta askok haur bakarra izaten duten, edo bat bera ere ez. «Orain dela hogei urte pentsaezina zena», gaineratu du soziologoak.

Arazo horiek behin betiko uxatzeko nahiak, ordea, hutsune batzuk ditu Anna Przewoska Londresen bizi den poloniarraren arabera. «Polonian soldatak askoz ere baxuagoak dira eta gizarte laguntza gutxiago daude. Kanpoan aukera gehiago dauzkagu», azaldu dio Efe agentziari. Ondo daki berak, izan ere, ikasketak egin eta lan merkatuan sartu ahal izateko joan zen Ingalaterrako hiriburura.

Errefuxiatuak hartzeari uko

Herrikideak itzultzeko prestu da Polonia, baina jarrera guztiz kontrakoa du errefuxiatuei harrera egiterako orduan. Uko egiten dio irmotasunez. Ez dago prest Europar Batasunak ezarritako banaketa kuotak errespetatzeko. Europako Batzordearen proposamenak dioenez, Batasuneko kide guztien artean banatu behar dira errefuxiatuak. Hala, Italia eta Greziara heldutako 40.000 errefuxiatu siriar eta eritrearretatik Poloniari 2.659 jasotzea dagokio, baita uneotan Europar Batasunetik at dauden beste 962 errefuxiatu ere.

Italia, Grezia edo Hungariak hartu dituzte migrante gehien. Poloniako zifrak hurbildu ere ez dira egiten, baina aurtengo lehen sei hilabeteetan hartutako migrante kopurua bikoiztu egin da iazko zifrekin alderatuta. Dena den, gehienek Polonia geltoki moduan hartzen dute, Europa mendebaldea baitute xede.