Koldo Sagasti

Ifrentzuko mundua

Bazen behin otso txiki zintzo bat, arkume guztien jazarpena pairatzen zuena. Baziren, halaber, printze gaizto bat, sorgin eder bat eta pirata ondradu bat. Gauza horiek guztiak ziren behin, hankaz gorako mundua amestu nuenean. Halaxe kantatu zituen Paco Ibañezek Jose Agustin Goitisoloren hitzak. Bartzelonakoak irudikatutako ifrentzuko mundu horretan gaizkile ankerrena bihotz oneko aurkezten zaigu, eta onbera zital. Behinola idazleak mundu zoroaren iruditzat baliotutakoa, aldiz, arruntzat dugu gaur. Hain da handia hedabide hegemonikoek guregan duten eragina, non aldrebesko kontakizuna errepikatuaren errepikatuaz otso gizajoa gupidatzera eta bildots ankerra gaitzestera iritsi garen.

Horregatik, akaso, ez gara gehiegi asaldatzen Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko presidente berria Saudi Arabiako ordezkaria izango dela ezagutzen dugunean, edo erakunde bereko Deskolonizazio Batzordeko presidenteorde Israelgo delegatua izendatu dutela entzutean. Halaxe da, disidenteak dekapitatu eta gurutziltzatzen dituen erresumako eleduna izango da munduan giza eskubideak jagoteaz arduratzen den batzordeko buru; eta garbiketa etnikoaren indarrez 68 urteko okupazioa burutu duen eta kolonizazio politikak ezarriz sei milioi lagun erbestera bidali dituen estatuko ordezkariak goi mailako ardura izango du kolonizazioarekin bertan behera amaitzeko betebeharra duen batzordean. Lehena, Faisal Bin Hassan Trad, irailaren 17an izendatu zuen NBEko batzordeak, «giza eskubideen arloan eskarmentu handiko aditua» delakoan; bigarrenak, Mordehai Amohaik, babes handia jaso zuen ekainaren 19ko bozketan, tartean Europako herrialde guztiena.

Albisteak ez du apenas oihartzunik izan, baina ez da harritzekoa Defentsa Ministerioaren buruzagitzan barreiatze-bonbak ekoiztuz aberastutako tipo bat duen estatu batean. Errealitateak gainditu egiten ditu egunero Goitisoloren aurreikuspenak. •