Amagoia Mujika
GURE HERIOTZAREN JABE

Erabakitzen al dugu nola hil nahi dugun? Eta nolako agurra izan nahi dugun?

Nestor Basterretxea artistaren agur zibila Donostiako Zorroaga elizan izan zen. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Nestor Basterretxea artistaren agur zibila Donostiako Zorroaga elizan izan zen. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Aldaketa sozialek, kulturalek, politikoek eta ekonomikoek eragina daukate hiltzeko prozesuan. Beraz, eta baieztapen horretatik abiatuta, esan daiteke gaur egun jendea ez dela hiltzen 1960ko hamarkadan hiltzen zen bezala.

Gisa horretako gogoeta, zalantza, erantzun, galdera, hausnarketa sorta jantzia jaso du Iñaki Olaizola Eizagirre antropologoak “Muerte, ritual funerario y luto en Euskal Herria” liburuan. Lan mamitsua mahai gainean jarrita, Olaizolarekin hizketan aritu gara jendartean ezinbestean presente dagoen baina hizketaldietan ezkutu samarrean geratzen den heriotzaz.

Olaizola itsas ingeniaria eta antropologoa da. Erretiroa hartu ondoren hurbildu zen antropologiara, eta heriotzaren inguruan jarri zuen begirada eta bere ikerkuntzaren lupa. Izan ere, Olaizolaren iritziz nabarmena da heriotzaren inguruan existitzen den «defizit demokratikoa». Gure jendartea azken hamarkadotan ahalduntze prozesu interesgarria egiten ari da. Norberak bere bizitza kudeatzeko duen eskubidea eta betebeharra lehen lerrora ekarri dira; eta pertsona orok bere bizitzaren proiektu pertsonala modu arduratsuan eta koherentean jostearen garrantzia nabarmendu da. Baina, zer pasatzen da heriotzaren prozesuarekin? Noraino kudeatzen du norberak bere heriotza? Noraino erabakitzen du nola hil nahi duen eta zein hileta edo agur mota nahi duen?

Heriotzaren kudeaketa

Olaizolaren ustez egungo jendarteak «pauso bat aurrera eman» eta heriotzaren kudeaketa bere gain hartu beharko luke, bizitzaren beste etapa bat den neurrian. Eta heriotza hiru fasetan banatzen du antropologo donostiarrak: hil aurreko fasea eta hiltzea bera; hileta errituala, eta, azkenik, ondorengo lutoa. Jar dezagun arreta hiletaren erritualean.

Hasierako baieztapenera bueltatuz; gaur egun jendea ez da 1960ko hamarkadan bezala hiltzen. Baina jendarteko joera eta ohiturei begiratu besterik ez dago iraganeko ajeek indarrean dirautela ikusteko. Erlijio katolikoaren aginduak oraindik indartsu daude heriotza tartean denean. Izan ere, heriotza erlijio katolikoaren –gure jendartean oraindik nagusia dena, nahiz eta bestelako erlijioak gero eta bistakoagoak izan– monopolioa izan da, bere espezialitatea eta arlo kutuna, mende luzeetan nahi eran kudeatu duena. Eta hain juxtu belaunaldiz belaunaldi transmititu den eta egun oso bizirik dagoen heriotzaren aurreko beldurra tradizio erlijioaren ondorioa da. Finean, horren atzean dagoena infernuari zaion beldurra da. Hartara, Eliza katolikoak kontrolatu du heriotzaren prozesua, «eta heriotza kontrolatzen duenak botere izugarria dauka».

Antropologoek 1960ko hamarkadan finkatzen dute inflexio puntua. «Aldaketak ez dira bat-batean etortzen, prozesu mantsoak dira. Baina hamarkada hori aipatzen da aldaketaren hasiera modura. Finkatutako estatusarekin desados zeuden herritarrak, inkorfomistagoak zirenak, modu desberdinean hasi ziren bizitzen eta kudeatzen bai hiltzeko fasea bera eta baita hileta eta ondorengo lutoa ere». Izan ere, hiltzeko prozesua –aipatutako hiru faseak kontuan hartuta– prozesu kulturala da, eta, kulturala den neurrian, denboran aldaketak jasan ditzake eta ikasi egin daiteke. «Hiltzen, errituala eraikitzen eta lutoa bizitzen ikasi egin daiteke. Horrenbestez, pertsonok aukera daukagu horretarako eta benetan garrantzitsua iruditzen zait hori nabarmentzea. Hiltzeko prozesua nola eraiki erabaki dezakegu».

Hileta gehienak, elizan

Hiltzeko uneari dagokionez, gaur egun jendartearen gehiengoak, %80tik gora, garbi dauka oso gaixo dagoen pertsonari duintasunez hiltzen lagundu behar zaiola.

Bestetik, erlijio katolikoaren eragina asko jaitsi da. Estatistika ofizialen arabera, egun herritarren %10 baino ez da mezetara joaten maiztasunez. Baina, datuak datu, hileta gehienak elizan egiten dira, bide erlijiosotik. Behin puntu horretara iritsita, Olaizolak galdera jarri du mahaiaren gainean; «hileta horiek zer dira ekintza erlijiosoak edo ekintza zibilak?».

Gaur egunean prozesu nabarmena gertatzen ari da Olaizolaren iritziz, «betiko forma tradizional batzuk mantentzen dira, baina erritual horien zentzua erabat aldatu da. Hileta batera zoazenean, nahiz eta elizan izan, ekintza sozial batera zoaz. Azaletik begiratuta formak mantentzen direla dirudi, baina esanahia oso desberdina da. Oso jende gutxik sinesten du hiletetan elizan ematen den diskurtsoa. Apaizak berak ez du sinesten, baina dotrinak horrela jasotzen du. Elizaren kosmologian aldaketa ematen ari da; dagoeneko ez dute zeruaz eta infernuaz hitz egiten eta bazen garaia. Ikaragarria da zeruaren eta infernuaren ideiak zenbat min egin duen eta zenbat sufrimendu eragin. Baina dagoeneko heriotza ekintza zibila da».

Egun jendarteak heriotza nagusiki ekintza zibila bailitzan bizi badu ere, artean hileta gehienak tradizionalak dira, nahiz eta dagoeneko ez duten garai bateko pisu erlijiosoa. Belaunaldi gutxiren buruan pasatu gara eredu tradizionaletik eredu biografikora, nahiz eta oraindik orain gutxiengoa izan hileta zibil eta biografikoen alde egiten duena. Aldaketa mantso doa.

«Nik hileta erabiltzen du erritual erlijiosoei buruz eta zibilei buruz hitz egiteko. Zergatik ez ditugu erabiliko zentzua daukaten hitzak? Moldatu egin beharko dira, dimentsio berri bat eman, baina betiko hitz horiek erabiltzeari ez genioke uko egin behar», argitu nahi izan du antropologoak. Ekintza zibila izanagatik, Olaizolaren ustez garrantzitsua da heriotzaren inguruko errituala eraikitzea. «Heriotzaren ondorengoari erritualaren zentzua eman behar diogula iruditzen zait. Ez da soilik ekintza errepikakorra izan behar, sinesgarria ere izan behar du eta talde izaera sortzen duena».

Nola kudeatu hileta zibilak?

Erritualak eraikitzeko baldintza zenbait garrantzitsuak dira. Antropologiaren ikuspegitik, «lekuak» eta «ez lekuak» daude eta erritualak lekuetan egin behar dira. «Aireportu bat, esaterako, ‘ez leku’ bat da. Eta sinestun ez den batentzako eliza bera ‘ez lekua’ izan daiteke. Hileta erritualak ‘lekuetan’ egin behar direla iruditzen zait; gozotasuna, begiratuak, zerbaiten parte zaren sentsazioa... horrelako sentipenak sortzen diren tokietan».

Erritualaren beste baldintza bat solemnitatea da. Batzuek “katedral zibilak” proposatzen dituzte hileta edo erritual zibil horientzako. Eta Euskal Herriko hainbat herritan badira propio hileta zibiletarako atondutako guneak.

«Hileta zibilak egiteko gune berriak eraiki behar al dira? Galdera hori egin beharko genioke gure buruari. Bestetik, hileta zibil bat frontoi batean egitea ondo dago hildakoa pilotaria baldin bada, baina gainontzean frontoia ‘ez leku’ bat izan daiteke, ezta? Nik uste dut daukagun ondasun arkitektoniko erlijiosoa izugarria dela eta hori probestu beharko genukeela, guztiona delako, herriarena».

Sinestun ez den askok aitortzen du herriko eliza izugarri polita edo solemnitate handikoa dela. Hartara, Olaizolak ondoko proposamena dakar: Erabil dezagun elizako ondasun arkitektonikoa –kontuan izanda publikoa dela, herriarena, eta ez pribatua– hileta zibilak egiteko.

Bide horretan, Olaizolak lau pauso edo proposamen jartzen ditu mahai gainean. Batetik, trantsizio moduko bat egitea. «Elizak erritualean ez du bere lana ondo egiten. Hil den pertsona ezagutu gabe aritzen da, ez du diskurtso sinesgarria eraikitzen. Gainera, ez dago apaiz nahikorik bere lana ondo egiteko. Elizak ez dauka giza baliabiderik dauden hileta guztiei txukun erantzuteko eta, gainera, ez dauka diskurtsorik. Elizari bere diskurtsoa hutsa geratu zaio. Horregatik egoki ikusten dut hileta elizan egitea, baina diskurtsoa hildakoaren familiak edo lagunek egitea, ez apaizak».

Olaizolaren ustez hileta erritual batean diskurtsoak in memorian bat izan behar du; pertsona horren bizitza errepasatu behar da, non jaio zen, zer egin duen bere bizitzan, zertan sinesten zuen, zein ziren bere balioak, zeintzuk izan diren bere momentu onak eta txarrak... «Tradizioak ez dira bat-batean sortzen, tradizioak eraiki egiten dira. Eta akaso denborarekin in memorian diskurtso horiek osatuko dituzten profesionalak ere ezagutuko ditugu».

Bigarren proposamena: «Euskal Herriko eliza bakoitzak bi administratzaile izan beharko lituzke; bat erlijiosoa eta bestea zibila. Eraikinaren harriek ez diote esanahia ematen eraikinari, egiten den erabilpenak baizik. Eta zergatik ez ditugu erabiliko elizak, herriaren ondasun direnak, agur zibilak egiteko? Betiere, hala nahi dutenen kasuan, noski».

Izan ere, badira elizaren solemnitatea gustuko duten herritarrak eta, nahiz eta sinestun ez izan, azken agurra bertan gustura egingo luketenak. Eta badira elizarekin inongo loturarik izan nahi ez dutenak eta beren hiletak eraikin horietatik urrun egin nahi dituztenak. Hartara, Olaizolak begi onez ikusiko luke elizaren eraikinak bi administratzaile izatea eta bertan ekintza erlijiosoak eta ekintza zibilak antolatzeko aukera egotea.

Hirugarren proposamena: «Adibidez, Donostiako Alde Zaharrean Santa Maria eta San Vicente elizak ditugu, elkarren ondoan. Zergatik ez erabili bat erritual zibilak egiteko eta bestea erritual erlijiosoak egiteko? Euskal Herriko elizak era horretan banatzea posible da eta ez da inoren eskubiderik zapaltzen. Alderantziz, herritar batzuen eskubideak aitortzen dira. Elizak herriarenak badira, zergatik ezin dira herritar guztien eskura egon?», iritzi dio.

Laugarren aukera: badira elizako harriek berek kalanbrea eragiten dieten herritarrak. Horientzako beste aukera bat eraiki beharko da, elizatik aparte baina «leku» diren tokiak atondu beharko dira hileta zibilak txukun, duin eta solemnitatez egiteko.

Hileta zibil bat antolatzeko lana

Norbait hiltzen denean ingurukoei egun korapilatsuak bizitzea egokitzen zaie, bai emozioen aldetik eta baita antolaketa aldetik ere, azken agurra kudeatzea eta bestelako paper kontuak konpontzea egokitzen baita. Egoera hori izanda, bide errazena ohikoa da, elizakoa. Besteak, hileta zibil edo biografiko bat antolatzeak, bestelako lana dakar. «Hiletaren errituala antolatzeak talde lana eskatzen du. Senideak eta lagunak oso garrantzitsuak dira hori antolatzeko orduan. Norbaitek egin behar du deialdia, errituala non egin erabaki, diskurtsoa eraiki... Ez badaukazu talde familiar eta talde sozial indartsurik, zaila da hileta zibil txukun eta sinesgarririk antolatzea. Baina merezi du ahalegina egiteak, emaitza zoragarria izan daitekeelako».

Frogatuta dago, gainera, hiletaren errituala ondo antolatua, mimoz egina, egiatakoa eta hildakoaren bizitzarekin koherentea denean, izugarri laguntzen duela ondorengo fasean, lutoaren fasean.

Izan ere, hiletaren erritualaren ondoren heriotzaren prozesuaren hirugarren fasea dator: lutoa. «Garai batean lutoa zen gizatalde horretara normaltasuna bueltatzeko behar zen denbora. Pentsa zer zen garai batean emakume batentzat senarra hiltzea ikuspegi ekonomiko batetik; edo berdin etxeko andrea hiltzea senarrarentzat. Eta ohikoa zen alarguna familiako beste kideren batekin ezkontzea. Ez zen bera ezkontzen, ingurukoek ezkondu egiten zuten, familiara edo taldera normaltasuna ahalik azkarren buelta zedin. ‘Bai, hil egin da, baina hurrengo egunean behiak berdin-berdin jetzi behar dira’. Eta ikuspuntua hori zenez, ez zen gehiegi lantzen sufrimendua, hutsunea, pena...», azaldu du Olaizolak.

Egun desberdina da lutoa, inguruko norbaiten heriotzaren ondorengo denbora tartea. Pisu handiagoa hartu du penak, tristurak, hutsunearen sentipenak. Hala ere, Olaizolak zehaztapen garrantzitsua egin nahi izan du: «Pentsatzen da heriotza batek beti dakarrela pena eta tristura. Kontuz horrekin. Badira etxafuegoekin hartzen diren heriotzak, ospatu egiten direnak. Heriotzak ez du beti ekartzen pena ikaragarri hori. Eta garrantzitsua da hori esatea, pertsona askori erru sentsazioa sor baitakioke inguruko norbait hil ondoren ‘behar bezain’ triste ez sentitzeak».

Baina lutoak ez dakar pena bakarrik –pena dakarren kasuetan–, pobrezia ere badakar, «batez ere adineko bikoteen kasuan», eta mendekotasuna. «Behin adin batean sartuta, galtzerdiak janzteko, ohetik altxatzeko edota sukaldeko goiko armairutik zerbait jaisteko norbaiten laguntza izatea beharrezkoa da. Adineko bikote askok elkarri laguntzen diote eta tirrika-tarraka moldatzen dira. Baina, bietako bat falta denean?».

Ahalik eta azkarren

Lutoaren epea normalean ez da samurra izaten. Baina derrigorrean pasatu beharreko epea da, gainditu beharrekoa. Olaizolaren ustez azken urteotan joera kezkagarri bat ematen ari da, lutoa gehiegi «medikatzeko» joera. «Helburu nagusia bihurtu da ahalik eta azkarren normaltasunera bueltatzea, ahaztea, tristura gainditzea eta fase hori pasatzea. Zergatik?».

Izan ere, gure jendartean bizien eta hildakoen arteko harremana ez da erraza, elkarbizitza hori korapilatsua da, «ez dakigulako zer egin hildakoekin». Badirudi duela hamarkada batzuk harreman hori sanoagoa zela, hildakoak etxean egoten ziren, normaltasun handiagoz bizi zen egoera...

«Beste herrialde batzuekin konparatuta, Euskal Herrian oso azkar lurperatzen edo errausten da hildakoaren gorpua. Legeak esaten du gutxienez 24 ordu pasatu behar direla gorpua lurperatu edo errausteko. Euskal Herrian, kasurik gehienetan, 25 ordu pasa orduko eginda dago. Ipar Europako herrialde zenbaitetan bizpahiru egunez izaten dira elkarrekin hildakoaren gorpuarekin. Patxada askoz handiagoz bizi dute heriotza», azaldu du Olaizolak. Egunotako arau bihurtuta dago, beraz, hildakoaren gorpua lehenbailehen paretik kentzea eta lutoa ahalik eta motzena izatea. «Tristura bizitzea, norbaiten hutsunea sentitzea eta faltan sumatzea erabat sentimendu sano eta naturala da, eta sentitu beharrekoa».

Izan ere, lutoa bizitzeko modu berriak, heriotzaren unea eta ondorengo errituala bezala, oraindik eraikitzen ari dira. «Aukera guztiak posible dira. Lutoa lehen baino askoz ere konplexuagoa da, pertsona bakoitzak bere modura bizi duelako eta esanahi propioa ematen diolako».

Garbi dago heriotzaren prozesua eraikitzen baduela lana gaur egungo jendarteak, bere fase guztietan gainera; hiltzeko unean, hiletaren erritualetan eta ondorengo doluan.