Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Bizitza ezkutuan sartu da eskolako zirrikituetatik

Parisen lapurrak sartu dira, ama!». «Zer gertatu da, bada?», amak. «Disneyland Paris itxi egin dute eta trenak ez dabiltza». Ganix eta 5 urteko bere lagunak ondorio horretara iritsi dira, nonbait, ikastolan. Astelehenean, eskolan berriro topo egin dutenean, asteburuan edonon ikusi dituzten irudiak eta helduei entzun dizkietenak izango zituzten hizketagai. Bakoitzak ikusitakoa eta entzundakoa azaldu, eta denen artean hausnartzen arituko ziren zer arraio gertatu den Parisen hain neurri gogorrak hartu behar izateko.

Ganix eta bere lagunek, haur eta gazte guztiek bezala, ezagutzeko irrikaz dauden munduaren gainean beren teoria interpretatiboak egiten dituzte. Hedabideak dira, askotan, munduari begiratzeko eskuerara duten leihoa. Handik zehar begiratu, eta dituzten bitartekoekin eta erreferentziekin saiatu behar dute beren begien aurrean dutena interpretatzen eta ulertzen. Ondorioz, askotan uste ez badugu ere, haurrek eta gazteek badute munduaren interpretazioa: beraiena eta beraien neurrira egina, noski. Bitartean, askotan ere, eskolak ateak eta leihoak itxita ditu munduan eta bizitzan benetan gertatzen denaren aurrean. Eskolan ez dago lekurik ez denborarik gertaera horientzat. Ezta etxean ere. Sarriegi pentsa dezakegu txikiegiak direla eta ez dutela ulertuko, edo, okerragoa dena, ez direla ohartu ere egiten. Baina nork egin diezaioke ihes gaur egun hedabideen zaparradari oso txikia izanagatik ere?

Oso zaila da haur baten aurrean jarri eta bere buru txikian sortzen diren galdera eta ulertezin guzti-guztiei erantzutea. Are gehiago, mundua, gure begietara ere, esplikaezin bihurtu denean, jaso ditugun gaiztoen eta onen definizioek ez digutenean balio mundua esplikatzeko. Euskaldunok ere badugu gure gatazka partikularra alboan ditugun bi estatuekin. Etxe askotan kartzelaren eta erbestearen egunerokoa bizi behar dute. Eta etxe horietako neska-mutilak heziguneetan ditugu gurekin. Haietako askoren astelehenak ere ez dira izaten errazak, asteburuan milaka kilometro egin ondoren, kartzelan egon ondoren, maite duten hura han utzita berriro itzuli behar izan dutenean. Nola erantzun begiradarekin egindako “zergatik dago kartzelan?” galdera isilari, ipuinetatik eta filmetatik jaso ditugun onen eta gaiztoen ereduen kargarekin?

Bizitza, bere aurpegi onarekin eta txarrenarekin gehienetan, eskolako arrakaletatik sartzen da ezkutuan. Izan ere, bizitza ez da beti polita eta erraza. Zenbat saiatzen ote gara, orduan, neska-mutilak bizitza zail bihurtzen denerako prestatzen, estrategiez hornitzen... Nahiko genuke mundua bestelakoa balitz, errazagoa, samurragoa, baina oraingoz gero eta gehiago ari da urruntzen desio horretatik. Bien bitartean, neska-mutilak munduan integratu ahal izateko hura ulertzeko lanean ari dira, une oro. Saia gaitezke haur eta gazteak kultura jabe gisa ikusten, eta haiekin hitz egiten mundu honek dituen miseriez, erantzunik gabe geratzen garenean umiltasunez ala dela aitortuz. Hori litzateke bidea, akaso, neska-mutilek sentitzeko maite dituzten pertsonak mundua esplikatzeko argudio ulerkorrik gabe geratu badira, munduan zerbait aldatzeko premia izango dela. Ohartuko bagina aukera ematen diegunean haurrak gai direla erronka asko gainditzeko, mundua pixka bat aldatzen ari dela sentituko dugu geuk geronek.

Zer neurriko katastrofea gerta liteke 5 urteko haur baten begietara onek beti gaiztoak garaitzen dituzten eta bizitza ia perfektua den Disneyland Paris bera ixteko? Ez dakite Siria non dagoen, zer den Estatu Islamikoa, ezta zeintzuk diren mundua dardararazten ari diren interes geopolitikoak ere. Baina beren imajinarioko pertsonaia beldurgarrienak, makurrenak eta gaiztoenak behar dute izan argiak itzali dituztenak... lapurrak! •