Annie Banerji (A
UMEEN EZKONTZAK

Hamaika hilabeterekin ezkondu zuten Indiako neskaren borroka ausarta

Artean urtea bete gabe zuela adostu zuten bere ezkontza, orduan 9 urte zituen mutiko batekin. Santadevi Meghwali patu horixe zioten prestatua gurasoek eta Rajastan estatuko tradizioak. Berak ez zutela ezkonduko erabaki zuen. Garesti atera zaio erabakia berari eta bere familiari, baina badu indarrik patu propioa eraikitzeko.

Santadevi Meghwal ikasleak 20 urte besterik ez ditu eta gauza bat oso argi du buruan: berak urtebete egin gabe zuela bere gurasoek adostu zuten ezkontza bertan behera uztea, indargabetzea; eta mehatxuek, jazarpenak eta bazterketak ez dute bide horretatik aterako.

Ostrazismora kondenatuta du gaztea bere herrixkako kontseiluak. Gainera, isuna jarri dio soilik gizonezkoez osatuta dagoen talde horrek. Hala ere, bere kasua ez da bakarra, gero eta gehiago baitira arbasoen tradizio krudel horri ezetz esaten dioten emakumeak.

Meghwalek hamaika hilabete baino ez zituen bere familiak ondoko herrixka bateko 9 urteko mutil batekin ezkondu zuenean. Rajastan Indiako ipar-mendebaldeko estatuan gertatu zen hori, basamortua nagusi eta ia betidanik umeen ezkontzak ohiko kontua izan diren tokian.

Senarra ikusi zuen eguna

Ikasle gazteak gogoan du bere senarra lehen aldiz ikusi zuen egun hura. Bere lagun baten familiak hamabost urte lehenago egindako zeremonian esku hartzeko aukera izan zuen. Lagun horrek eskolaren aurrean mozkor-mozkor eginda eta irainak botatzen zegoen gizon bat seinalatu zion. «Laguna niregana etorri eta zera esan zidan: ‘Begira, zure senarra da’», gogoratzen du neskak.

Korrika atera omen zen bertatik, etxerako bidean, gurasoei kalean entzundakoa egia ote zen galdetzera. «Galdera besterik gabe bota nien etxeratzean: ‘Zergatik ezkondu ninduzuen era horretan?’». Jodhpurreko Unibertsitateko banku batean eserita dago ikaslea egun hura gogora ekartzean. Arte ikasketak bertan bukatu nahi ditu.

Umeen ezkontzak legez kontrakoak badira ere, Indiako nekazaritza eremu pobreenetan milioika haur ezkontzen dituzte era horretan. 20 eta 24 urte bitarteko emakumeen erdiak adierazi du 18 urte bete gabe zeudela ezkondu zituztela, datu ofizialen arabera.

Herrixketako kontseiluak

Ohitura zaharkitu hori Rajastanen bertan beste inon baino indartsuagoa da. Estatuko herrixkatan kasta bereko gizonek osatzen dute beti kontseilua, oso ahalmen handia duen organoa. Bertako bizitza erarik autoritarioenean zuzentzen dute gizon horiek, baina gero eta gehiago dira egoera horren aurrean nahikoa dela esaten dutenak. Ezkontza horiek ezabatzeko exijitzen dute, eta kasu askotan gobernuz kanpoko erakunde batzuen eta Indiako Gobernuaren beraren laguntza izaten dute.

Santadevi Meghwalek 17 urte bete zituenean joan behar zuen bere senarrarekin bizitzera, tradizioari eutsi nahi izanez gero. Baina senarraren gurasoak emaztearen bila etorri zirenean, neskak ezetz esan zien, eta bere etxean geratzeko erabakia hartua zuela adierazi zien.

Era horretan hasi zuen kontseilu ahalguztidunaren aurkako borroka, gogorra bezain luzea. Oso garesti ordainarazi zioten erabakia: kontseiluak erabaki zuen ez Meghwalek ez bere etxekoek herrixkako bizitza publikoan esku hartzerik ez zutela izango aurrerantzean. Gainera, igeltseroa den aitari 21.500 euroko isuna ezarri zioten, inoiz ordaintzerik izango ez duen multa.

Orain hilabete batzuk, maiatzean, Meghwalek Sarathi Trust gobernuz kanpoko erakundeari eskatu zion laguntza. Talde hori behartutako ezkontzak ezabatzen saiatzen ari da azken urteotan eta orain dela hiru urte epaileek lehen aldiz eman zioten arrazoia.

Argi izpi bat

«Ume baten ezkontza gela ilun baten tankerakoa da, eta, azkenean, argi izpi bat aurkitzen dugu», kontatu digu Kriti Bharti Sarathi Trust erakundeko zuzendariak. Oso herritar gutxik ezagutzen duten lege baten artikulu bati buruz ari da aditua: horren arabera, familiek adostutako ezkontzak ezabatzeko aukera dago, «argi izpi bat» gela ilunean sartu dituztenentzat.

Artikulu hori erabilita, azken hiru urteotan 27 ezkontza baliogabetzea lortu du Bhartik Rajastan estatuan. Aukera horrekin dibortzioarekin baino lehenago lortzen da ezkontza ezabatzea, eta, gainera, emakumeei sozialki merkeago ateratzen zaie. Izan ere, bi aldeak, senarra eta emaztea, ezkontza ezabatzeko ados egonez gero, eta adinaren berri ematen duen dokumenturen batekin, emakumeek lortzen dute beren komunitateek ez baztertzea. Dibortzioarekin, aldiz, emakumea baztertu egiten dute leku askotan, Bhartik azaldu digunez.

Meghwalek bere ezkontzaren ezabapena lortzea espero du, baina bere kasuan senarra ez dago ados. Neskak nabarmentzen du ez direla elkarrekin inoiz bizi eta gizonak bahitu egingo duen mehatxua ere egin duela.

Umeen ezkontzak ugaritu egiten dira Akshaya Tritiya izeneko festa erlijiosoaren inguruan. Urtero, egun horiek hurbiltzen direnean, agintariek umeen ezkontzen aurkako operazioak jartzen dituzte abian.

Urte askotako lana

Rajastani dagokionez, poliziek eta gizarte laguntzaileek ezkontzak eteten dituzte eta zeremoniak zuzentzen dituzten gizonei zein laguntzen duten dendariei esaten diete horrelako ezkontzatan ez luketela esku hartu behar. Kanpaina horiek eta familiei emandako diru laguntzek lortu dute ezkontzen kopuruak behera egitea. Hala ere, egoera bere onera ekartzeko asko falta da oraindik. Horixe nabarmentzen du Joachim Theis Unicef Nazion Batuen Erakundeko agentziako adituak. Bere ustez, jarduera horri amaiera emateko urte asko beharko dira oraindik. Pentsamoldeak aldatzea zaila izaten baita. Familia askok espero du senarraren familiak beren alaba mantentzea, eta itxaropen horrekin luzatzen dute hain tradizio krudela. Beste batzuek diote umeen ezkontzei esker lortzen dela neskek harreman sexualik ez izatea ezkondu aurretik, gai hori aipatzerik ere ez baitago Indiako eremu horietan. Eransten dute ezkonduta egonez gero, eraso sexualak saihesteko aukera gehiago dituztela.

Baina horiek helduen kontuak dira. Umeentzat beraientzat tradizio hori hondamendi handia da. Batere naturala ez dena. Kasu askotan, gehiegitan, eskola uztera behartuta egoten dira: etxetik ezin irten, beraz. Gainera, oso gazte direla haurdun geratzen dira, eta hori ere kaltegarria da osasunarentzat, amarenarentzat zein umearenarentzat.

Independentzia helburu

«Gazte horiek hezkuntza gutxiago jasotzen dute eta arazo gehiago dituzte beren seme-alabak hezteko, indarkeria jasateko aukera gehiago izateaz gain», adierazi du Joachim Theis Unicefeko adituak.

Noizbait irakasle izan nahi duen Meghwalek bere komunitateari erakutsi nahi dio bera dela bere bizitzaren jabe bakarra. «Egunen batean ezkonduko naiz, baina nire ikasketak amaitu eta gero, nire independentzia eskuratu ondoren, ez lehenago», dio gazteak, begietatik malkoak isuriz.

8 urteko neskato yemendar bat, eztei gauean hila

Duela urte pare bat edonor astintzeko moduko albistea iritsi zen Yemendik. 8 urteko neskatoa 40 urteko gizonezkoarekin ezkontzera behartu zuten eta eztei gauean hil egin zen. Senarrak sexu erasoa egin zion eta sexu organoen urraketa larria eragin zion, heriotza eragiteraino.

Giza eskubideen alde lan egiten duten hainbat erakundek gogor salatu zuten Rawan izeneko neskatoaren heriotza eta 40 urteko erasotzailea eta neskatoaren familia zigortzeko eskatu zuten, haurra ezkontza horretara behartzeagatik.

Hasiera batean kasuaren inguruko informazio nahasia zabaldu zen, berriari sinesgarritasuna kendu nahian. Baina tokian lan egiten duten giza eskubideen aldeko erakundeek ziurtzat jo zuten Rawanen heriotza egoera horretan gertatu zela. Are gehiago, jakinarazi zuten Rawanek 10 urteko ahizpa bat zuela eta hori ere indarrez ezkonarazi zuela aitak.

Yemenen lau neskatotik bat 15 urte bete aurretik ezkontzera behartzen dute. 2009an ezkontzeko gutxieneko adina 17 urtean finkatzen zuen legea onartu zuten, baina segituan atzera bota behar izan zuten, legegileek «islamaren aurkakoa» zela ebatzi zutelako. Kalkulatzen denez, 2011tik 2040ra munduan 140 milioi haur behartuta ezkonaraziko dituzte.