Gorka Elejabarrieta

Koalizio edo mugimendu

Uruguaiko Fronte Zabala 1971ko otsailaren 5ean sortu zen. 40 urte baino gehiago daramatza lanean, eta, momentuz behintzat, indarra galdu beharrean handituz doa, gero eta kide eta sektore gehiago biltzen baititu bere baitan. Munduko ezkerrarentzat Fronte Zabalaren ibilbidea eredu izan da, ezkerrak, orokorrean, apurketa eta zatiketarako joera baitauka, nahiz eta etengabe kontrakoa aldarrikatzen duen. Fronte Zabalaren antolaketa eta funtzionamendu ezaugarri ezberdinen inguruan idatzi izan dut iraganean, eta gaurkoan ere bere izaeraren faktore nagusi batean zentratuko naiz.

Fronte Zabala, definizioz eta praktikan, alderdien koalizioa eta mugimendu politikoa da, eta bere erabaki gune nagusia den Plenario Nazionalean biek ordezkari kopuru bera dute. Fronte Zabalak, ondorioz, sektore eta alderdien batuketa hutsak emandakoak baino militante gehiago dauzka. Alderdi bakoitzaren eta Fronte Zabalaren helburuak ez datoz bat ehuneko ehunean, eta, horrek sortzen dituen kontradikzioen gainetik, Fronteak etengabe eta iraunkorki bere programa politikoa eztabaidatu, adostu eta eguneratu izan du. Prozesu horretan sortzen dira Frontearen baitako konfrontazio nagusiak, adosturikoak guztien babesa eskuratu arte.

Izaera bikoitz hori ez da soilik adjektibo soil bat, ez da paperean gelditzen. Herriz herri eta auzoz auzo Fronte Zabalak comités de base izeneko taldeak dauzka antolatuta, eta, komite horiek, sektore ezberdinen agenda eta helburuetatik harago, Fronte Zabala bera ordezkatzen dute. Era berean, alderdi eta sektore bakoitza ere auzo eta herrietan antolatuta daude. Horrek esan nahi du maila lokalean eta nazionalean Fronte Zabalak eragile ezberdin asko dituela antolatuta, sektore bakoitzarenak gehi Frontearenak berarenak. Dualtasun hori eta bi dimentsioen arteko harremana ez da bakarrik maila nazionalean ematen; zuzendaritzan, maila guzti-guztietan jazotzen den zerbait da. Elkarlan eta harreman horrek batasuna areagotu egiten du; ezberdinen arteko eztabaida maila guztietan eta egunero ematen da, baina baita elkarlana ere.

Asko dira inongo sektoreetako militante izan gabe Fronte Zabalaren militante direnak, eta bada “independente” moduan ekarpena egiteko aukera ere. Frontearen comités de base delakoetan lanean aritzen diren militante guztiak ez dira baina militante independenteak; asko sektore ezberdinetan daude antolatuta. Hori bai, comités de base horietan aritzean ez dute, ezin dute, sektorerik ordezkatu.

Fronte Zabalak planetaren beste latitude askotan ezinezkoa dirudiena lortu du, ezkerreko alderdi askoren arteko elkarlana sortu eta bereziki urteetan mantentzea; eta produktuak aldi berean izaera propioa izatea, alderdien emaitzen batura baino eremu zabalagoa ordezkatuz. Alderdiak ez dira desagertu, ezta gutxiago ere. Gisa honetako Fronte Zabal batek behar bezala aurrera egiteko, alderdi indartsuak mantentzearekin batera, alderdi horien guztien izaera ordezkatzea lortu behar du. Ariketa konplikatua, beraz, Fronteak, izaera propioa mantendu eta bide propioa garatzearekin batera, sektore guztien ordezkari izan behar duelako, forman eta edukian. Eta kontuan izan Frontea osatzen duten dozenaka sektoreen artean oso izaera eta helburu ezberdineko alderdiak daudela: MPP, Alderdi Komunista edo Alderdi Kristau Demokrata, esaterako. Helburu orokorrak dira Fronte Zabala baturik mantentzen dutenak; bakoitza bere estrategiaren letra txikiari begira egongo balitz, ez lukete batasun hori mantentzerik lortuko. Eta zertarako mantendu batasuna, ez badu norberaren programaren osotasuna ziurtatzen? Guztiek argi dutelako batasunik gabe aldaketarik ez litzatekeela lortuko. Batasuna, elkarlana, beharrezko dute, bere horretan helburu ere bilakatu delako. Elkarlanerako arrazoiak argi eta partekatuta izateak berak ere errazten ditu batasuna eta elkarlana. •