Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Zaldi azkar elektrikoa

Hitz egin dezagun Kataluniaz eta Artur Masez. Paragrafotxo bat bederen. 2009. urtea izango zen, TV3 Kataluniako telebista kateko prime time-a. Mònica Terribas orduko TV3 kateko zuzendaria Artur Mas orduko Kataluniako Parlamentuko oposizio burua elkarrizketatzen ari zen. Terribasen insistentzia Masen iheskortasunaren tamainakoa da, eta aspertu egin zen azkenerako Mas. «Galdera berarekin tematuta zaude, ala?», bota zion, «amb il·lusió». «Ados, hurrengo galdera: zein iritzi duzu auto elektrikoaren inguruan?», izan zen Terribasen erantzuna. Masek –ez eta TV3 ikusten ari ginenetarik inortxok ere– ez zuen ezusteko gidoi-bira hori espero. Galdera-erantzun hori ez zuen prestatua, agerikoa zen, eta bost urte pasa diren honetan ez dakit erantzun egokirik ba ote duen Masek, ba ote dugun guk geuk.

Eztabaida garrantzitsua iruditzen zait auto elektrikoarena. Aurrerapen positibo bat ezbairik gabe, baina “auto” kontzeptua bera zuritzeko arriskua ere badu, ibilgailu pribatuaren gainbehera sumatzen den garaiotan. AEBetan, esaterako, lehen aldiz historian egin du behera auto salmentak. Fabrikatzaileak merkatu-aukera ezberdinak ari dira aztertzen eta “auto egile” hutsetik “mugikortasun hornitzaile” izatera ari dira pasatzen, mugikortasun ohitura berrietan autoak paper zentrala izaten jarrai dezan betiere. Auto elektrikoa, adimentsua, konektatua, gidaririk gabeko autoa... Utopia, automobil teknologiko jasangarria, edonoren eskura izango dena.

Adostasunik ez dago Peak Oil edo Petrolioaren Gailurra iristear den ala jada gertatu zen, baina erregai fosilen aroa agortze fasean dagoela onartua dago oro har. Bitartean, fase hori ordezkatuko duen oreka berria, energia elektriko garbiarena, ez da oraindik iritsi, eta mugikortasunari dagokionez aukeren leiho bat ireki dela dirudi, garraio modu jasangarriagoen onerako: gasolina bidezko ibilgailu pribatua ezaugarri negatiboekin lotzen da gero eta gehiago (kostua, kutsadura, iragana), baina auto elektrikoa ez da oraindik alternatiba gisa ulertzen: autonomia eskasa, potentzia, bateria...

Dena den, auto elektrikoa gainbaloratua dago. Bigarren Mundu Gerrako gerra-propagandarako afixen artean bazen bat gasolina aurrezteari buruzkoa, gerrarako beharrezkoa baitzen. Irudian kapeladun gizon bat ageri zen autoa gidatzen, bakarrik. Ondoan lema godwindarra: “Bakarrik gidatzen duzunean Hitlerrekin ari zara gidatzen!”. Ba auto elektrikoaren beste horrenbeste. Mugikortasun kultura aldatu ezean, auto elektrikoak ez du auto ilaren arazorik konponduko. Elektrizitatea energia berriztagarri bidez etorri ezean, kutsadura arazoak ere ez dira konponduko; asko jota, esternalizatu egingo dugu kutsadura, eta, harekin batera, baita gure kezkak ere. Auzo berriak autoaren eskalara eraikitzen segiko dugu, eta egungo espazio publikoan autoaren rol zentrala ez da zalantzan jarriko. Zer esanik ez azpiegiturak eraikitzean isurtzen den CO2 guztiari buruz, aldaketarik ere ez hor.

Aipua Henry Ford berarena da: jendeari zer nahi zuen galdetu izan banio, «zaldi azkarrago bat» erantzungo zidakeen. Gasolinaren aroa amaitzear den honetan, galdera ez dago soberan: zer nahi dugu, gasolinarik gabeko auto bat ala paradigma aldaketa bat? •