Aimar Etxeberria Korta
HAURRENTZAKO FILOSOFIA

Pentsatzen lagundu, haurrak filosofiara gerturatzeko metodologia proposamena

«Filosofia» eta «haurrak» elkar ezkontzeko zailak diruditen bi kontzeptu dira. Baina filosofiaz aritzea hainbat autorek duten mundu ikuskera ikastea baino gehiago da: galderak egitea da, esperientziei zentzua ematea. Prozesu horretan laguntzaile dira Miren Camison eta Imanol Alvarez. «Haurrei ez zaie irakasten, pentsatzen lagundu baizik».

Itxura batez, konplikatua iduri dezake “filosofia” eta “haurrak” hitzak ezkontzea. Platon, Socrates, Kant, Hegel eta beste hamaika filosoforen izenak datozkigu burura “filosofia” hitza aditzean. Baina zer da filosofia, zenbait autorek mundua ikusteko duten modua ikastea? Ez, behintzat, Miren Camison eta Imanol Alvarezen ustetan. Haurrentzako filosofia tailerrak ematen dituzte –edo haurrentzako filosofia tailerrak emateko irakasleak formatzen dituzte–, eta oso bestelakoa den filosofiaren ikuskera dute.

Ikasketaz filosofo dira biak eta, arrazoi bat edo bestea medio, Haur Hezkuntzako ikasketak ere eginak dituzte. Haurrei zuzendutako filosofia tailerrak ematen dituzten talde bateko kide dira, «forma hartzen ari den talde bateko kide», alegia. «Eraketa fase batean aurkitzen den taldea da gurea; elkar ezagutzen eta tartean behin elkartzen ari gara», dio Alvarezek. Estatu espainiarreko beste hainbat autonomia erkidegotan existitzen dira haurrentzako filosofia tailerrak ematera dedikatzen diren taldeak, eta euren arrastoa jarraitu nahi dute.

Behin filosofia ikasketak amaituta ekin zion irakasle izateko ikasketak egiteari Camisonek, eta orduan jarri zituen lehenengo aldiz harremanetan filosofia eta haurrak: «Interneten sartu eta hor ikusi nuen: ‘haur filosofia’. Nire bi ikasketak lotzen zituen kontzeptua zen, opari bat bezala heldu zitzaidana». Alvarezek, aldiz, filosofia ikasten ari zela lotu zituen ikasketak haurrekin: «Hortik erabaki nuen irakasle izateko ikasi behar nuela». Madrilen urtero egin ohi den kurtso batean ezagutu zuten elkar, eta “taldeko” gainontzeko kideak ere antzeko topaketa edo jardunaldietan ezagutu izan dituzte.

Haurrei ez zaie irakasten

Haurrentzako filosofiaz ari garela, honakoa da ikasi beharreko lehenengo araua: haurrei ez zaie irakasten, pentsatzen lagundu baizik. «Haurrekin filosofiaz aritzeko erabiltzen dugun metodoak hankaz gora jartzen du egun hezkuntza formalean erabiltzen den ikasketa metodologia. Uste dugu gauzak ez direla irakatsi behar, guztiok daukagula pentsatzeko gaitasuna gure baitan. Horregatik, pentsamendu-trebetasuna garatzean oinarritzen dira gure saioak, pentsatzeko espazioak eman eta eskainiz», azaldu du Camisonek.

Pentsatze prozesu horretan laguntzaile papera jokatzen dute eurek. «Galderen bidez ziztatu egiten ditugu haurrak, urrunago joan daitezen bultzatzen ditugu; oso sinplea ikusten den horri bi buelta gehiago ematera behartuz. Beraz, esan daiteke ez garela irakasleak, erraztaileak baizik», azpimarratu du Alvarezek.

Baina, zenbateraino dira gai haurrak filosofatzeko? Nola erantzuten dute Camison, Alvarez eta euren taldeek proposatzen dituzten ariketen aurrean? «Adinaren arabera». Hori da biek ala biek ere eman duten erantzuna. «Materiala dago 3 urterekin hasi eta 18 urteak bete arte filosofiaz aritzeko. Baina adinaren arabera erantzunak oso ezberdinak dira, lantzen diren gaiak ere hala direlako», dio Alvarezek. Erabiltzen den metodologia ere ezberdina da adinaren arabera, baina oinarriak beti dira berak.

Normalean, esperientzia batetik abiatuta hasten dira ariketa filosofikoak. Esperientzia hori izan daiteke egoera bat, ipuin bat, artelan bat; eta horretatik abiatuta talde hausnarketa bat garatzen da, elkarrizketa filosofikoa deitzen zaiona. Ikuspuntu guztiak komunean jarri ondoren, hasierako esperientzia hari zentzu bat ematen ahalegintzen dira haurrak.

Helburua, finean, autonomoa, sortzailea eta gogoetan oinarritutako pentsamendu bat garatzea izango litzateke Camisonen arabera: «Gainera, modu natural batean garatu behar den kontu bat dela iruditzen zait. Prozesu bat da, eta zenbat eta gehiago garatu orduan eta konfiantza gehiago izango duzu zeure buruarekin». Ariketa egiteko orduan, gainera, “arau” batzuk ezartzen dituzte aurrez: besteen iritziak ezin dira epaitu eta enpatiak nagusitu behar du. «Iritzi guztiak zentrora eramaten dira, eta elkarrekin ahalegintzen gara guztiari zentzu bat ematen, inoren iritziaren gaineko epaiketarik egin gabe», aldarrikatu du Camisonek.

Lipman eta Noria proiektua

Gauza guztiek bezala, haurrekin filosofia lantzeko modu honek ere baditu bere “gurasoak”. Izenak jartzearren Matthew Lipman filosofo estatubatuarra eta Noria proiektua izango lirateke. Lipman litzateke beteranoa, «gizarte solidarioago, zentzudunago eta etikoago» baten aldeko lanari lehenago ekin ziona, Camisonen arabera.

«Ohartu zen bere ikasleek ez ziotela zentzurik aurkitzen filosofiari, ez ziotela beharrik ikusten arrazoia bilatzeari. Orduan, eleberri batzuk idaztea otu zitzaion, eta hortik abiatuta gai filosofikoez hitz egitea. Batez ere nerabeei zuzendutako lana da, beraiengandik hurbil dagoen mundu baten inguruko galderak planteatzen dituelako», adierazi du Alvarezek. Hori hala, Bigarren Hezkuntzan erabiltzeko material bezala ikusten duela azaldu du.

Gaineratu du Camisonek Lipmanen ekarpen nagusia izan zela zera galdetu izana: zer da pentsamendua? «Pentsamendua dimentsio aniztuna da –azaldu du–, ez dauka dimentsio bakar bat; pentsamendu-trebetasunak ditu, baina baita etikoak edo sormenari lotutako dimentsioak ere. Pentsamendua multidimentsionala da, eta dena batera landu behar da. Proiektu honen azken helburua da erabaki zuhurrak hartuko dituzten pertsonak eraikitzea; besteekin modu solidario batean kooperatzea, enpatikoak izatea finean».

Noria proiektua, berriz, «kimu berri bat» da Camisonen esanetan: «Lipmanen lanetan sakabanatuta dauden elementuak hartu eta ordenatu egiten ditu, pentsamendu-trebetasun taldeak sortuz. Gainera, trebetasun bakoitza nola landu eta zer galdera egin gaineratzen du». Horregatik iruditzen zaio Camisoni hain garrantzitsua irakasleen formakuntza, eurek saioetan duten paperak determinatuko duelako saioaren beraren arrakasta, eztabaidaren norabidea gidatuko duen galderekin asmatuz. Noria proiektuari gehitu behar zaio pentsamendu-sortzaileari Lipmanek baino garrantzia handiagoa ematen diola.

Beraz, honela laburtu genitzake Lipman eta Noria proiektuaren arteko ezberdintasunak: Lipmanen eredua sakonagoa da; politika, etika eta estetika bezalako gaiak jorratzen dituena. Pentsamendu abstraktua garatua duten haurrekin hobeto funtzionatzen du. Noria proiektuak, berriz, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan erabiltzeko aproposagoa da. Lipmanen lana txukundu egiten du, eta pentsamendu sortzaileari indar berezia ematen dio.

Hezkuntza formala, arrotz

Miren Camison eta Imanol Alvarezek biek ezagutzen dute hezkuntza formala. Haur Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan eskolak emana da Camison, baina haurdunaldi baten ondorioz erabaki zuen hezkuntza formala alde batera uztea. Orduz geroztik, irakasleak formatzeari eskaini dio denbora gehien. Alvarezek, aldiz, Filosofia eskolak ematen ditu Bigarren Hezkuntzan. Hori hala, biek ezagutzen dituzte hezkuntza formaleko metodologiak dituen miseriak, eta horiek gainditzeko lan egiten dute.

«Guk garatzen dugun metodologiaren antzeko zerbait behar-beharrezkoa da hezkuntza formalean. Hezkuntza formalak aldaketa asko behar ditu, baina gutxienekoa da ikasleen pentsatzeko gaitasunean sakontzen duten ikasgai edo metodologiak bultzatzea», dio Alvarezek. Gaineratu du euren lana oso ondo egon arren, ez dela inoiz hezkuntza formalera iritsiko curriculumean toki bat egiten ez zaion bitartean.

Ideia horretan sakondu du Camisonek ere: «Proiektu hau aurkitu nuenean jabetu nintzen proiektu integral bat zela, olistikoa. Balio du edozertarako: Matematikarako, Gizarte Zientzietan... Lantzen ditu trebetasun sozialak –talde ariketa bat delako–, baina baita emozionalak ere. Alde etiko bat ere badago, beraz, esan daiteke hezkuntzako alor guztiak biltzen dituela bere baitan».

Hezkuntza formala, baina, elementu horiek guztiak modu transbertsalean lantzen ahalegintzen dela gaineratu du Alvarezek: «Azkenaldian oso modan daude konpetentziak, konpetentzietan oinarritutako curriculumak. Guk lantzen ditugun elementu horiek guztiak modu transbertsal batean lantzen dira; hori ongi dago, baina benetan landu ezean disolbatu egiten dira azkenerako. Onartzen da beharrezkoak direla, baina, aldiz, ez dira behar bezala lantzen».

Euren alde dute Lipmanen edo Noria proiektuaren metodologia erabili izan dutenetan jaso duten erantzuna. Alvarezek dio berak antzeman izan duela kurtsoa amaitu ostean bere ikasleen bilakaera, «keinu edo detaile txiki batzuetan bada ere. Antzeman dezakegu –jarraitu du– nola beraien artean ohitzen diren arrazoiak eskatzera, ohitzen dira errespetuz onartzera iritzi ezberdinak... Baina, egia esan, nahi baino denbora gutxiago eskaintzen diogu honi».

Camisonek ezaguna duen irakasle baten adibidea jarri du. Bere formakuntza jaso eta ikasgelan aplikatzeari ekin zion, hiru, lau eta bost urteko umeekin. Haurrak Lehen Hezkuntzara pasa zirenean irakasle berria joan omen zitzaion erreklamatzera, umeak oso lotsagabeak zirela esanez, une oro galderak egiten aritzen zirela salatuz. «Garaipen txiki bat izan zen», dio.

Etorkizuneko tailerrak

Haurrentzako filosofia tailerrek eskaririk badutela esan genezake. Datorren larunbatean hasita –eta lau saiotan banatuta–, Elkarrekin elkarlanean, “Haurrentzako filosofia. Jolastuz pentsatu” tailerra eskainiko du Imanol Alvarezek. «Pentsatzeko gaitasuna lantzeko tailerrak» izango direla aurreratu dute antolatzaileek, eta sei eta zortzi urteko haurrei zuzenduta daudela adierazi dute.

Kasu honetan, ipuinak erabiliko ditu Alvarezek umeei pentsaraztea eragiteko. Ipuin klasikoak izango dira batzuk, eta haurrekin filosofia lantzeko sortu berriak diren Wonder Ponder sailekoak besteak. «Hausnarketarako gustua eta gaitasuna landuko ditugu, irtenbide anitzak dituzten auziak ikusgai jarri era besteen iritziekiko errespetua sustatuko dugu, arrazonamendu logiko, analogiko eta hipotetikorako gaitasuna piztuz. Iritzia emateko, kontatu eta gogoeta egiteko libre sentiarazi nahi ditugu haurrak, mundu imajinarioak sortuz, hanka sartzeko beldurrik gabe, epaiketarik egin gabe», azpimarratu dute antolatzaileek.

Saioak urtarrilaren 23an eta 30ean zein otsailaren 13an eta 20an egingo dira; larunbat goizetan guztiak, 12.00etatik 13.00ak edo 13.30ak arte, Donostiako Elkar liburu dendan.

Imanol Alvarez umeekin eseriko den bitartean, Miren Camisonek irakasleak formatzen jarraituko du. Gernikara bidaiatuko du oraingoan, Gernika Oroituz Fundazioak antolatu dituen tailerrak ematera. “Elkarrekin pentsatzen ikasi. Introducción a la filosofía con niños y niñas” lelopean, atzo hasi eta gaur, hilaren 22an eta 23an, eta otsailaren 12an izango dira formakuntza saioak.

Aurrez adierazi bezala, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasleei zuzendutako tailerrak izango dira batez ere. Haur filosofiaren munduan sartu nahi duen horiei oinarri teoriko-praktiko bat emango zaie eta, gaitasun filosofikoa bultzatze aldera, galderak egiten trebatuko dira. Horretarako metodologia parte hartzaile bat garatuko dute, elkarrizketa filosofikoa sustatuko duena. Saioak musikako abesbatzaren egoitzan egingo dira aurrez aipatu egunetan, eta hogei ordu presentzialez eta lau ordu ez-presentzialez osatuta egongo dira. Zoritxarrez, ikastaroan izena emateko epea pasa den asteazkenean amaitu zen.