Iñaki Altuna

Ez da gotorturik geratzeko garaia

Ezker abertzalearen Abian eztabaida burutzeko txostena zabaldu dute aste honetan. Sarean dago, edonork eskuratzeko. Hamaika lerroburu, ardatz, ideia nagusi eta beste aipa daitezke txostena, gainetik bada ere, irakurri ostean. Adibidez, Sortuk uda aurretik ezohiko kongresua egitea erabaki duela azaltzen da idazkiaren sarreran bertan. Prozesu honek merezi duen urratsa egingo duela esan daiteke, berez kongresuak 2017ko hasieran izan behar bailuke. Alabaina, urratsak ez ezik, ibilbide osoa ere egin beharko dute bai Sortuk berak bai ezker abertzale osoak eztabaida prozesu honetan jarritako helburuak bete nahi badira; are gehiago, testuan “birfundazio” hitza ere erabiltzen denean. Horregatik, txostenean hamaika kontu aipagarri izan arren, ondorio orokor bat nabarmen daiteke argi eta garbi: ez da gotorturik geratzeko unea. Ez da gotortuen garaia.

“Zutik Euskal Herria” ebazpenean papereratutako estrategia aldaketaren ondotik ibilitako bidearen balantzea egin du txostenak, modu autokritikoan; estrategia hori gaurkotu beharra azpimarratu du eta, azkenik, horrek denak antolakuntza ereduan, ibilmoldean eta kultura politikoan ondorioak izan behar dituela ebatzi du. Ez gotortzea izango dute hiru kontu horietan –autokritika egiterakoan, estrategia gaurkotzerakoan eta ibilmodea zehazterakoan– ariketa azken bururaino eramateko modurik egokiena eta eraginkorrena.

Eta hori ez da erraza izaten, guztion joera baita atzera begira norberak izandako posizioa justifikatu nahi izatea. Horrela, autokritika egin behar dela ozen esan bai, baina, norberak egin ordez, besteena eskatu izan ohi da: orduan bai, ahal den gordinena eta ñabardurarik gabekoa. Gurea egiteko orduan, aldiz, beti aurkitzen ditugu kanpo faktoreak, testuinguruak edo dena delakoak gure ardura gutxitzeko edo leuntzeko.

Oraindik sektore batzuetan “Zutik Euskal Herria” nola egin zen auzitan jarri ohi da, eta estrategia aldaketa ez zela behar adina egoki eta ordenatua izan iradokitzen dute. Estrategia aldaketa oztopatzen aritu izana onartzea eta, hori eginda, indarrez aurrera egitea baino errazagoa da, nonbait, nork bere burua zuritzeko ahaleginean etengabe jardutea, ez aurrera ez atzera. Jokabide horrek ez luke aparteko garrantzirik izango bazka emango ez balie oraindik ere estrategia berrituari eraso egin nahi dioten sektoreei. Ez luke aparteko ondoriorik estrategiaren potentzialtasun osoa askatzeko indar guztia jartzea oztopatuko ez balu.

Xelebreena, azken batean, honako hauxe da: prozesu hartan sortutako arazoei behar bezala ez erantzuteagatik egondako autokritikarik sendoena ETAk bere buruari egindakoa izan zen, borroka armatuan ziharduen erakundea izanik ezker abertzaleak erabakitako sakoneko aldaketak beste inori baino gehiago mugitu zizkionean barrenak. Gaizki eta baldar aritu izana onartzeak ahalbidetu zion erakunde armatuari apustu politikoari sakonki aurre egitea. Bere agirietan azaldu bezala, prozesu honetan ez dago «behartuta», gogo onez baizik, eta horrelaxe jarraitu beharko du, aurrera egiterik nahi badu.

Urte hauetan maiz ahaztu den beste irakasgai bat ere kontuan hartu beharko dute ezker abertzalea osatzen duten militante, antolakunde eta kolektiboek: akatsei ez zaie akats berriekin erantzun behar. Abian prozesuak oinarriak eta irizpideak finkatuko ditu, baina ez du egoera idilikorik ekarriko. Aurrerantzean ere arazoak sortuko dira –dela formetan dela mamian–, baina erantzuna ezin daiteke berriro gotortzea izan, egituratu nahi den prozesu independentistak ezer baino gehiago proposamen berrituak behar baititu, erresistentzia hutsetik harago joango direnak. Abian prozesuko txostenaren esanetan, «mugimendu independentista zabal, anitz, sendo eta eraginkor bat sortzea da erronka, hegemonia ideologiko independentista azken bururaino eramateko gai izango den mugimendua, jauziak emateko baldintzak sortuko dituena eta erasoei erantzuteko kapaz izango dena».•