Xabier Mikel Errekondo

Mozorroak

Mozorroek inauterietan bazter guztiak dituzte blaitzen. Zapore gazi-gozoak, kalte eta min ororen ahanzturarako bidaia terapeutikoa bailitzan, zuri-beltzeko errealitatea mila kolorez margotzeko ariketa-dantza. Kezka eta tristura egun batzuez irri bihurtzeko formula magikoa, zalaparta eta giro aparta. Nonahi. Alajaina, ez zaio ezer eskapatzen jendeari. Irudika ditzakegun eszenografia baita koreografia orok dute osatzen kaleetako suge koloredun zaratatsua. Esango nuke imajinaziotik baino errealitatearen orbainetatik garela mozorrotzen inauterietan.

Eta jendea zerura begira bizi dela pentsatzen duenik bada oraindik… batez ere, politikagintzan ardurak hartzen dituztenen espezie arraro bezain ugariaren artean. Begitantzen zait ikusten eta entzuten ikasteak ez lukeela ba hain garestia izan behar. Aitzitik, agian espezie horretako kide izateko ezinbestekoa baldintza da. Joango dira inauteriak, baina erruz ugaritzen den mozorro mota jakin batek jarraitu egingo du eguneroko ehiza-erritualarekin, traje eta soineko beltz apainetan bildutako politikariak. Herritarren izerditik beren patrikarako mozkinak zakuka harrapatzeko abilezia berezia duten antena eta beso luzeko labezomorroak. Nago plaga hori guztiz desagerrarazteko pestizida eraginkorrik nekez duela gizarteak inoiz asmatuko. Herritarrena dena lapurtzeko gai den zomorroaren erradiografiak erakusten baitu ustelduta duena ez dela gramo bat, baizik eta gramo ondradu bakar bat ere ez duela. Hainbeste, non itsutu eta akaina lez iltzatzen zaiola diru publikoari harrokerian mozkortuta berea dela pentsatzeraino.

Akainen hazitegi nagusia mailua hain maisuki erabiltzen duten Espainia aldeko Genova kalean bertan badago ere, gogora dezagun gaitza Pirinioetara zabalduta dagoela. Espainiar zerbitzuek Pujolen ipurdia airera atera zuten bezalaxe eginen baitute Arzallusen ordezkoekin, genovatarren interesen kontrako norabiderik inoiz hartuko balute.

Apustu euskal abizen esanguratsuenek ere badutela labezomorrotik-tik-tik… Akainak ez baitu lurraldeen arteko mugarik ezagutzen. Eman denbora… •