Garikoitz Mujika Zubiarrain
INFOZAZPIK, HAMAR URTE

Oinarriz herritarra eta egiterako garaian profesionala den irratia, uhinak anizten

Informazioan espezializatutako Infozazpi irratiak 2006ko urtarrilaren 27an hasi zuen bere ibilbidea. Lankidetzak zer egin dezakeen ezin hobeto islatzen du: egun 9 langile ditu, baina 150 bat kolaboratzaile. Irratia posible egiten dutenen artean 2.000tik gora bazkide eta FM seinalea zabaltzen duen herriz herri ehundutako laguntzaile sarea ere badaude.

Infozazpi
Infozazpi

Elkarlana du Infozazpik ikur. «Horrexek egiten du neurri honetako irrati bat posible», onartu digu Eider Olazar kazetari eta irratia sustatzen duen Azti Begia elkarteko lehendakariak. Talde sortzailean ibilitako Iñaki Altuna kazetariak ere bat egin du berarekin: «Lehen unetik sartu ginen irrati libreak biltzen dituen Arrosa sarean eta komunikabideen arloan bereziki GARA eta ‘Berria’ egunkariekin lotutako mundua inplikatzen egin genuen indar». Herri mugimenduari «ateak parez pare ireki» zizkioten. Elkarlana nahi zuten.

Bidea emankorra izan da. Hiru adibide lekuko: Arrosak ekoitzitako “Zebra Bidea” magazin «potentea»; “Kirol leihoa” emakumezko kirolari eskainitako saio «erreferentea», Mikel Ibargoien esatari duena; edota UEUk hilero ekoizten duen “Aditu duzu”. “Bakarka nekez, elkarrekin erraz” esaera egiaztatua dute. Ez du Altunak zalantzarik eredu aberasgarria denik, eta, mugak badituen galdetuta, argi mintzatu da: «Ez, osatu beharrekoa da. Norberak bere bizkarrezurra behar du, gero elkarlanaren onura hobeto jasotzeko».

Bi estudio ditu irratiak. Nagusia Urruñako Martinzaharrenea lan eremuan dago, Lapurdin; bigarrena Donostian, Igara poligonoan. Horrez gain, Hala Bedi irratiko estudioekin lotura bermatuta dute; «asko inplikatu dira beti» eskertu die Olazarrek.

Nabarmen antzematen dute sare sozialetan «ikaragarri zabaldu dela» irratia azkenaldian. NAIZ atariarekin batera jarduteko erabakiak jorratu gabeko soro horren langa ireki dio parez pare Infozazpiri. Teknologia berrien aukerak baliatzen jakin du.

Azken hamarkadan irauli egin da komunikabideak kontsumitzeko modua. Batetik “nahieran” eredua iritsi da; bestetik, gero eta multimediagoak dira hedabideak. Ustez eragozpena zena, Internetez emititzen hasi beharra, aukera bihurtu dute denborarekin. «Duela hamar urte oso gutxi erabiltzen ziren podcast-ak eta orain…», aipatu digu Olazarrek. Tablet eta sakelakoetarako irrati aplikazioa sortua dute. Hedabide gisa «toki esanguratsua izatea» ekarri die horrek guztiak Azti Begia elkarteko lehendakariaren iritziz.

Albistegiak

Irratiko menuan plater nagusia albistegiak dira. Goiz, eguerdi eta gau partean izaten dira zita nagusiak, lehena gazteleraz. Bestetik, “Kale Gorrian” magazina dute ikur nagusia, 07:30etatik eguerdira arte irauten duena. Edukiz eta kolaboratzailez asko sendotu da Olazarren hitzetan.

Iñaki Altuna kazetariari Infozazpi sustatzera zerk bultzatu zituen galdetuta, argi erantzun digu: «Sekulako zuloa sumatzen genuen. Diala ikustea besterik ez zegoen, eta dago. Komunikazio talde frantses eta espainolak dira nagusi. Lakuak ‘euskal’ erreferentzia EiTBko irrati publikoen esku utzi nahi izan du beti, eta, gero, irrati libre eta tokian tokiko irratien errealitatea besterik ez da geratzen». Hala, Euskal Herri osora begira lan egiteko bokazioa izango zuen irrati baten beharra ikusi zuten. Komunikazio arloko hainbat jende batu zen talde sortzailean, GARAtik, Euskal Irratietatik, Baietz fundaziotik, Egin irrati ohitik. Izen bat datorkio, ordea, ezpainetara Altunari: duela bi urte hildako Aitor Renteria Txato “Berria”-ko kazetaria. 2004ko hondarrean hasi ziren harremanetan, ideiak idazten... Elkartea handik gutxira aurkeztu zuten Andoaingo Martin Ugalde parkean. Urtebete joan zitzaien irratia martxan jartzerako.

Jende asko ibili da mikrofonootan hamar urteotan. Horietako bat da Agin Laburu kazetari eta bertsolaria. Orduko oroitzapenak eskatuta, horren berea duen umore zorrotzarekin erantzun digu: «garrantzitsuenak meriendak», Ekhiñe Atorrasagasti, Larraitz Otazo eta hirurek «zabor-ontzitik ogi koskorrak hartuz» egiten zituztenak –ogia erostea ahazten zitzaien beti–. Gutxirekin asko egin beharraren metaforatzat erabili du hori Laburuk, «gauza oso politak atera ziren giro ezin hobeko miseria gorri hartatik», zehaztuz.

Arzallusen ardo botila

Gogoan du Laburuk lehen elkarrizketa zendu berri den Kontxu Odriozolari egin ziola; «oso berezi» dauka gordeta. Elkarrizketa zailak ere baditu gogoan, Gari abeslariari egindakoa kasu. Oro har, baina, «oso ondo» joaten zen guztia; «pentsa, Xabier Arzallusekin ardo botila jokatuz» amaitu zuen elkarrizketa bat. Izan ere, buruzagi jeltzale historikoak 2009ko hauteskunde autonomikoak EAJk irabaziko zituela baina lehendakaria ez zela Ibarretxe izango esan zion antenan; Laburuk ezetz, EAJkoa izango zela. Ardo botila egin zuten apustu. Patxi Lopez izendatu zutenez lehendakari, han joan zen kazetaria ardo botilarekin Arzallusen bulegora. Egun hartan ETAk Eduardo Puelles poliziaburua hil zuela gogoan du, eta Arzallusek esan ziola: «Begira, ETA hilda dagoela pentsatzen zuten batzuek, baina ETAk indar asko du». Horrelakoxe titularrak eman zizkion.

«Herri proiektu batek hamar urte betetzea ospatzekoa» dela nabarmendu du Olazarrek, eta hori Infozazpi irratia posible egiten duen komunitate zabalarekin batera egin nahi dutela. 2016 osoa baliatuko dute horretarako. «Kanta dantzagarri bat martxan» dela aurreratu digu, «laster entzuteko aukera» izango dena. Bazkari handi bat eta jaialdia bat ere iragarri ditu.

Bi Argia sari jaso dituzte irratiko programek. Labururi eta hark gidatutako “Bostetako diligentziari” 2010ean eman zioten saria, bereziki, 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren jarraipenagatik –sailkapen-saio guztiak zuzenean ematen aitzindari izan ziren–. Olazarrek eta har gidatutako “Kale Gorrian” saioak, berriz, duela bi urte jaso zuten aitortza. «Herri proiektu bat noraino irits daitekeen erakusten du», uste du Olazarrek. Zeharka hirugarren Argia saria ere badu Infozazpik; Arrosak ekoitzitako eta Nekane Zinkunegik gidatutako “Zebra Bidea” magazinak jaso baitzuen saria 2015ean.

Lizentziak, epaitegian

2012an izan zen 30 urtean lehen aldiz lizentzia esleipenerako lehiaketa bat EAEn. Patxi Lopezen Gobernuak egindako deialdi hartan lortu zituen FM frekuentziak Infozazpik beste elkarte batzuekin aurkeztutako proiektuak. EAJk boterea berreskuratzean, ordea, ezerezean utzi zuen lehiaketa. Auzitara jo zuten kaltetuek. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain dago afera uneotan. Itxaropentsu da Olazar, eta lizentziak izatea proiektu gisa «jauzi egiteko esanguratsua» izango delakoan da. Nafarroan, batez ere iparrean, lortuta dituzte lizentziak. Gune horietan albisteak «epe motzean» etorriko direla aipatu du. Ipar Euskal Herrian, aldiz, hiru eskaera egin eta beste horrenbeste ezezko jaso dituzte.

Buruan herdoilik ez du Olazarrek. «Berrasmatu beharra dago», bota du erronka. «Gure baliabideak hedabide handien aldean murritzak» direla aitortu du, baina «gutxiagorekin kalitatezko eduki ezberdinduak sortzean» dakusa koska. Tertulien adibidea ekarri du, orojakile papereko tertulia formatutik ihes egiteko beharra. «Orojakile izatea ez da erreala eta gainera ahots asko isilarazten ditu, hein handi batean, emakumeenak», zehaztu du. Gogoeta horrekin agurtu dugu Olazar. Aurretik, irratiari «etorkizun oparoa» iragarri dio. Urteurreneko leloak dioen bezala, “kontatzekoa bada, entzuteko baitago” Infozazpi.