Iratxe Urizar

Pertsonala publikoa da

Angela Davis Euskal Herrian izan da, eta jardunaldia antolatzen ibili ginenean aurreikusitakoa baino askoz eragin sakonagoa izan du bere bisitak, hainbat zentzutan inflexio-puntua izan dela iruditzen zait: ekarpen izugarriak egin dizkigute Angelak berak, Paulette D'Auteuilek eta Jihad Abdulmumitek, bost egun intentsuetan, emakumea eta kartzela ardatz.

Euskal Herriko Mugimendu Feministari dagokionez, ekimen bakoitza oso-oso labur geratu bada ere, izugarri aberasgarriak eta maila handikoak izan dira: hausnarketa eta kritika zorrotz-zorrotzean aritu dira parte hartzaileak, baieztapen absoluturik egin gabe: eztabaida eraikitzailearen aldeko jarrera izan da nagusi. Zalantzak eta ziurtasunak mahaigaineratu, eta horien guztien inguruko iritzi truke emankorra gertatu da.

Horixe zen, hain zuzen ere, “Emakumeak kalera! Emakumea eta kartzela” jardunaldien xedea. Asko hitz egin badugu ere presoei buruz, oso gutxi egin dugu-eta espetxeak eta erakunde patriarkal eta zapaltzaile horrek dakarrenari buruz. Berriro ere, eztabaidarako aukerak mahai gainean, baina inongo irizpiderik inposatzeko asmorik gabe. Ados ez zeudenen arteko elkar ulertzerako ariketa aberatsa hainbat unetan.

Davisek planteamendu integraletik abiatzen duen abolizionismoa izan da nobedade aipagarrienetakoa. Abolizionismoa modu globalean: Estatuak bere indarkeria gauzatzeko duen tresna da espetxea, eta espetxe horren beharrik ez duen gizartea eraiki behar dugu. Asmo utopikoa liteke, baina, Angelak berak dioen bezalaxe, «utopiak aldarrikatu behar ditugu, ahanzturan eror ez daitezen, etorkizuneko belaunaldiek horien berri izan dezaten, horien alde borrokatzen jarrai daitezen. Aldarrikatzeari uzten badiogu, ezerezean geratuko dira». Abolizionismoak, hala ere, beti topatzen du oztopo berdina eta horrela atera zen ere hainbatetan publikoaren interbentzioetatik: abolizionismoa ikuspegi feminista batetik aztertuz, zer egin sexu erasotzaile eta abusatzaileekin? Espetxeak ez dio arazoari konponbiderik ematen, ados, baina orain eta gizartea iraultzea lortu arte, zeintzuk dira alternatibak? Ez dugu erabili nahi estatuek gizarteen aurka erabiltzen duten biolentzia, ez dugu kartzelari eta errepresiogile bilakatu nahi. Baina xede nagusia baldin bada pertsona horiek berriro gizarteratzea, zer egin gizarteak ez baditu bueltan nahi, gizarteak ez badu sinesten aldatuko direnik?

Lehen harria jarri diogu luze joko duen eta jo behar duen bideari. Eztabaidek bizi eta intentsuak beharko dute izan gainera, eraikuntza nazionalaz ez ezik, gizartea eraikitzeaz ere arituko bagara. Eta abiapuntua, ezinbestean, ikuspuntu feminista eta iraultzailea izan beharko da.

Inpresionatzen du Davisek: altua, ahots sakonekoa, diskurtso sendokoa eta jarrera irmokoa, hainbat gairi buruz aritzean. Berezko indarra dario. Bizitza esperientzia eta prestakuntza zabaleko emakumea da, eta, badaki nora doan, muinera jotzen du beti, ez da azalean geratzen den horietakoa, jakin mina du inguratzen duen guztiarekin. Hizkuntzaren garrantziaz jabetuta, euskarazko hitzak ikasten saiatu da, aukera izan duen bakoitzean. Bere internazionalismoa. Beste borroka batzuekin bere elkartasuna, borroka horiek gureak ere badirela erakutsi digu.

Inteligentzia epidermikoa

Bidebarrietako Angelatik Guggenheimeko fokuetara. Donostiako saio aparta, emakumeek hasiera eta bukaera arte aurkeztu eta zuzendutakoa eta euskara hutsean; hain ezohikoa (zoritxarrez) non ez zitzaion inori oharkabean pasa. Logroñoko espetxera egindako bisita, nazioarteko prentsan oihartzun itzela izan duena. Kafe Antzokiko jaia, non Davis banan-banan hurbildu baitzitzaien parte hartzaile guztiei, eskerrak emateko beren hitzengatik, beren doinuengatik. Biarritz, Euskal Herriko bazter horretan gaztaroan bizi izandako denbora oroituz itsasoari so, eta Paulette D'Auteuil indioen errituala eginez geure Kantauri itsasoan (lehengusu duen Leonard Peltier preso politikoarengandik ikasia, seguruenik). Preso politikoen alde. Preso politikoak une oro bihotzean eta ahotan, hiru gonbidatu zoragarrion aldarrikapenetan. Gernika, Astra, bonbardaketatik bizirik irten zirenekin topaketa. Bisita ahaztezinaren une intimoak eta une publikoak.

“Gure laguna da” baino, egunotan ikasi dudan “inteligentzia epidermikoa” kontzeptuarekin geratuko naiz. Elkar ezagutzen dugula larruan sentitzea. Elkar ulertzen dugula, elkarri begiratu eta badakigula zeri buruz ari garen. Jakin bagenekien Angela Davisen bisitak eragin sakona izango zuela. Uste genuena baino sakonagoa eta indartsuagoa izan da ordea. Hitz egiteko eta hausnartzeko egunak bizi izan ditugu, adostasunak erdiesteko egunak, inguruan desadostasuna nagusi den garaiotan. Behingoan serio hitz egiten hasteko gogoa piztu digu honek guztiak. Elkarrekin. Goazen eraikitzera. •