Garazi Goia

Poesiak, errutinak eta sorpresak

Ez ditut behin eta berriz errepikatzen diren eguneroko ohikeriak gehiegi atsegin. Inprobisazioak eskaintzen duen zirrara faltagatik. Aspertzeko beldurrak bertigoa ematen didalako. Edo, gauza gehiegi daudelako egiteke bizitzan; gauza gehiegi daudelako denbora hain preziatua egiten dutenak. Bada esaera bat ingelesez, askotan aipatzen didatena nire ingurukoek: «Plater gehiegi dituzu makilen gainean biraka. Akaso, onartu beharko duzu, bat edo beste lurrera erortzeagatik ez dela ezer gertatzen». Baina onartzea, etsitzea da. Plater gutxiago biraka dituztenak kezka gutxiagorekin dabiltza, normalean. Kanpotik itxura hori ematen dute behintzat. Ez dituzte hainbeste amets lortzen ordea.

Orokorrean, ez ditut errutinak gogoko. Baina salbuespenak daude, noski, gauza guztietan bezala. Eta, nik ere, goizeko lehenengo kafea hartzen dudanean edo kafea hartzeko denborarik ez dudan egunetan, lanera joateko autobusera igotzen naizenean, beti gauza berdina egiten dut: poesia bat irakurtzen dut. Goizalde Landabasok bidalitako poesia bat.

Derek Walcott poetaren istorioa jakin dut aste honetan. Hain zuzen, Landabasok poesia bat bidaltzen digun bakoitzean, poeta bat aurkezten digu eta aurkezpenari paragrafotxo bat gehitzen dio; gogoeta batekin, poetaren bizitzako gertaeraren batekin, edo besterik gabe, goizeko ordu txikietan, ordenagailua piztu eta guri mezua bidaltzera doanean burutik pasatzen zaion zerbaitekin.

Horrelaxe ezagutu nuen aurreko astean Derek Walcott poeta eta “Maitasuna, maitasunaren ostean” izenburuko poesia. Azken lerroak itzultzen ditut hemen, merezi dutela iruditu zitzaidan irakurri nuen unean. Eta, gaur, berriro ere poesia horren bila hasi naizenean, antzeko zerbait sentitu dut. Horrela diote lerrook: «Jaso idazmahaian dauden gutunak, argazkiak eta etsipenezko lerroak./ Askatu zure irudia ispilutik./ Eseri zaitez./ Ospatu zure bizitza».

Eta, honokoa esanez aurkeztu zigun Landabasok Derek Walcott: «Gaurko poetaren izena Derek Walcott da. Karibeko irla txiki bateko poeta, Santa Luziakoa. 1992. urtean Nobel saria lortu zuen, edo eman zioten. Antzezlanak idazten dituen anaia bizki bat dauka, Roderick Walcott. Gurasoek poesia idazten zuten eta, finean, zer espero daiteke poesia artean hezitako umeengandik? Bada, horixe».

Idazlearen poesia gehiago irakurri ditut aste honetan. Baita bere bizitzari buruz idatzi bat edo beste ere. Agidanez, hamalau urte zituela argitaratu zituen Walcottek bere lehenengo lerroak. Erlijio gaiak jorratzen zituen poesia bat zen eta apaiz katoliko batek arnegu bat zela esan zuen. Hemeretzi urte zituela, bere poesia liburua argitaratu nahi zuela esan zion amari eta horretarako berrehun dolar behar zituela. Saint Luciako eskola bateko irakaslea zen bere ama eta ez zuen dirua erruz irabazten. Gainera, alarguna izanda, familia aurrera ateratzeko ozta-ozta iristen zitzaion, eta, horrez gain, berrehun dolar aurkitzea benetako esfortzua zen. Ama erabat kezkatuta ikusi zuela gogoan omen du Walcottek, benetan egin nahi zuena semeari laguntzea zelako. Nolabait dirua lortu omen zuen. Walcottek poesia bilduma Trinidad irlara bidali zuen bertan inprimatzeko. Liburuak bidali zizkiotenean, bere lagunen artean saldu zituen eta amak emandako diru hura errekuperatu zuen.

Nonbait irakurri dut esaldi hau; ez dakit non, baina ez zait sekula ahazten. «Nola esango diot nire alabari bere ametsak jarraitzeko, nik neureak jarraitu ditudala erakutsi ezin badiot».

Ospatu zure bizitza.

Platertxoek biraka jarraitzen dute. •