Maider Iantzi Goienetxe

Zorionak, maitea!

Zorionak, maitea!», eta arrosa gorri bat opari. Eta handik ordu batzuetara, edo ordu batzuk lehenago... piiii-piiii-piiii-piiiii... Lohitzune Zuriñerekin dago kafe baten bueltan, baina ez die lagunaren kontuei kasu handirik egiten. Mobiletik galdezka du bere mutila, Julen. «Non zaude? Norekin? Zertan ari zarete?». Dendan erosketak egiten ere whatsapp eta whatsapp artean betetzen du karroa, eta kaletik idazten doala ia jo du farola bat. «Agur mezua 00.00etan idatzi zenidan, baina 00.10ean konektatu zinen azkenekoz. Zeinekin egon zinen?»... ... ...

«Zorionak, laztana!», zuretzat da eraztuna. Eta handik ordu batzuetara, edo ordu batzuk lehenago, Mari Kruz ezbaian dago ispilu aitzinean: «Ongi gelditzen zait soinekoa, baina seguru Jose Luisi ez zaiola gustatuko eskotea». Etxekoandrea da Mari Kruz eta bere lanorduak zenbatezinak izan arren, ez du soldatarik jasotzen. Horregatik, apuroa ematen dio beretzako diren gauzak erosteak eta diru gehiegi gastatzeak. Senarra arduratzen da etxean diru kontuez.

Bihar San Valentin Eguna da. Agian ospatuko duzue, agian ez. Baina aitzakia bikaina izan daiteke maitasunaz hausnartzeko. Adibidez, amodiozko filmetan eta nobeletan aldiro istorio bera kontatzen dela ohar gaitezke: emakume baten ibilbidea gizon bat lortu arte. Gero ez dakigu nola bizitzen diren, justu harremana hasten denean bukatzen baita kontakizuna. Zergatik pentsatzen dugu maitasunean dena dela libre? Gizonek eta emakumeek desberdin maitatzen dugu?

Erich Frommek idatzi zuen bezala, maitatzea ikasi beharreko zerbait da, ezagutza eta ahalegina eskatzen dituen artea. «Ongi maitatzea artelan on bat bezalakoa da». •