Nerea Goti
MEMORIAREN HAUSPOAK

Euskodok elkartea, boluntarioen lan ordainezina oroimena elikatzeko

Euskodok elkartean diotenez, baliteke ale bakar batek beste munduko garrantzirik ez izatea, baina bilduma bat historiaren zati bat da. Duen balio historikoa, sinbolikoa, ekonomikoa, etengabe hazten da urteekin. Egunkariek, aldizkariek, eskuorriek edo kartelek herri baten memoria osatzen dute, eta horren hauspoa dira boluntario hauek.

Iraganera bidaiatzeko modu asko dago. Usain, doinu, hitz batek... bizi izandako une batera eraman gaitzakeen bezala, paper zati batek ere magia hori eragin dezake. 1937. urteko “Euzko Langile” egunkariaren lehen orrialde bat jarri digute begi aurrean. «Batallones de Retaguardia, batallones de trabajo, las fortificaciones tienen que garantizar la inexpugnabilidad de nuestro territorio» dio izara formatuko orrialde horixkaren titular nagusiak. Nolabaiteko zirraratxoa eragiten du une batez garai horretara bidaiatzeak. Gerra bete-betean (horrek esan nahi duen guztiarekin) irakurriko zuen askok titularra, eta, egun, ia 80 urte geroago beste begi batzuen aurrean agertu da. Egunkari zaharrak bezala, kartelak, aldizkariak, liburuak... ere gordetzen dituzte Euskodok elkartean. Bada, bertako kideek egiten duten lana erakutsi diote GAUR8ri.

Hamabost lagun inguruk osatzen dute Euskodok. Zehatzago esateko, hamabost kide dira lan antolatu jarraituan dabiltzanak, baina inguruan beste laguntzaile batzuk ere badituzte noizean behin esku bat botatzeko, horiek guztiak ere Euskodokeko kideak. Edozein ekarpen egiten duen oro, gainera, ongi etorria da.

Euren misio nagusia orotariko dokumentazioa biltzea da: liburuak, aldizkariak, kartelak, pegatinak, panfletoak, egitarauak... «Euskal Herrian ateratakoak edo euskal gaiei lotuta daudenak». Zazpi herrialdeetan zehar (eta inoiz baita gertuko beste lurralde batzuetan ere) «galkorra den materiala» bilatzea eta jasotzea da taldearen zeregin nagusia. Boluntario lana da eurena, baita noizean behin laguntzen dietena ere. Sare hori garatu eta kudeatzea funtsezkoa da elkartearentzat.

Euskodok 2004an jaio zen, baina aurretik ere izan ziren dokumentuak berreskuratzeko saiakerak. Egitasmoaren arima nagusietakoa den Luis Angel Gaintzak eginak zituen hainbat joan-etorri asmo horrekin. Taldearen hastapenak gogora ekarrita, Ander Manterola Euskal Herriko Atlas Etnografikoko zuzendariak kontatzen du 80ko hamarkadan Gaintza jada paperak, kartelak eta abar biltzen hasia zela. «Liburutegi batek biltzen ez dituen gauzak» ziren jasotako gehienak, galtzeko bidean gera zitekeen materiala.

Geroago, Gaintzak bere lanean erretiroa hartu zuenean, lagun talde bat sortu zuen. Deustuko Ikastolaren sorreraren garaitik eta folklore taldeetan zituen ezagunen artean aurkitu zituen proiektuan laguntzeko gogoz arituko ziren kideak. Egun, Labayru Fundazioak Derioko egoitzan duen dokumentazio gunean aurkitu dute lan egiteko toki aproposa, ez edonolakoa gainera. Egiten duten lana girotzeko, mamitzeko eta dokumentuak behar bezala katalogatzeko hainbat gelatan banatu dute lana, betiere bertako eta beste artxibategi batzuetako euskal fondoak elikatzen jarraitzeko. Izan ere, Labayruren fondoak hornitzeaz gain, Lazkaoko Beneditarren Fundazioarekin eta Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioarekin ere egiten dute lan. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondare sailarekin ere beste artxibategi eta dokumentazio zentro batzuekin ere aritzen dira elkarlanean.

Nabarmentzen dutenez, Euskodoken lanak 70eko hamarkadaren hasieran jaio zen Labayruren liburutegia «osotu» eta harago joan da, artxibo gune handi bat eratuz. Bertatik bisita astelehen goiz hotz eta euritsu batean egin du GAUR8k. Seminarioaren eraikin zaharraren barruan, baina, giroa epelean, hainbat lagun jo eta su askotariko paperak atontzen aurkitu ditu. Lan giro ederrean ari dira. Jarraian, Jon Elorriaga Labayruko artxibategiko eta liburutegiko arduradunaren eta Gaintza beraren eskutik geltoki asko izango dituen ibilbideari ekin diogu gordetako guztiaren ideia ahalik eta osoena eskuratzeko.

Askotariko 4.950 titulu

Apalategien artean mugitzen gara azalpenen artean, eta, noizean behin, ale zahar bat hartzen du esku artean Elorriagak, bitxikeriaren bat nabarmentzeko. Baina ezinezkoa da luzaroan gelditzea, asko dago ikusteko eta ibilbidea hasi baino ez da egin. Azaltzen duenez, «lehen komentuetan gaiaren arabera ordenatzen ziren gauzak, eta hasierako antolakuntza hori mantendu dugu». Dioenaren arabera, sail bereziak egokitu dituzte bibliografia oparoa biltzen duten arloak bereizteko, Karlistaldiei, 1936ko Gerrari edota abertzaletasunari eskainitakoak kasu.

Ale paregabeak aurki daitezke, historia liburuak gehienak, tartean XVIII. eta XIX. mendeetako Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko urtekariak. Besteak beste, altxorren artean, Batzar Nagusietako XVIII. mendeko aktak, Baionan argitaratutako 1828ko Testamentu Berria, Bilbon inprimatutako errege zedulak... ikusi ditugu bertatik bertara.

Beste gela batean egunkariak, aldizkariak, urtekariak... dituzte, guztira askotariko 4.950 titulu. Harribitxien artean “Zeruko Argia”, “Euzko Deya” edota “Ariel” aipatzen ditu Elorriagak, baina beste asko daude eta ezin aipatu guztiak. Bitxikerien artean, “Vertical” Donostian argitaratzen zen aldizkaria aipatu digu, baita “Argia”-ren lehen aro osoa ere gordeta dutela.

Egunkarien atalean, Euskodok elkarteko beste lagun batzuk ari dira enkuadernazio lanetan buru-belarri. «Enkuadernatzen dugun egunkari bakarra ‘Berria’ da, euskara hutsez delako. Baina kontsultarako badaude ‘Egin’, GARA, ‘Deia’, ‘Noticiario Bilbaino’, ’Hierro’, ‘Pensamiento Navarro’... ere». Tartean, Euskal Herrian argitaratutako gehigarri guztiak ere jartzen dituzte kontsultagai, Zazpika eta GAUR8 barne.

Beste gela batean, Kepa Zubiaur eta Jose Mari Etxebarria Etxeba Euskadiko Ezkerra alderdiaren kartel batzuk antolatzen ari dira. Puntu honetara helduta, Gaintzak gogora ekarri du planoak gordetzeko armairuak behar dituztela eta eskaera Euskodoken webgunean bertan eskegi dutela. «Planero oso bat dugu dokumentuen argazkiekin, 7.000 kartel inguru», kontatu du Gaintzak. «Patxi Santiagok eskaneatu eta hodeira igotzen ditu». Une horretan, eskuetan du Felix Irazumaren heriotza salatzen duen kartela. Kalkulatzen dute badituztela 80.000 kartel inguru, baina askok pilatuta jarraitzen dute era antolatu batean non gorde ez dutelako.

Ibilbidea amaitu da eta guzti hau zelan sortu zen azaltzeko unea da. «Aita Juan Jose Agirrerekin hasi nintzen 1977an, Lazkaon, eta handik urte pare batera Labayrutik agertu nintzen buletin batzuk hartzera. Orduan Ander Manterolak zera esan zidan: ‘Gipuzkoarrentzako jasotzen ari zara eta Bizkaian ez dugu ezer utziko?’. Handik aurrera ale bat eskatu beharrean bi eskatzen hasi nintzen, ale bat Lazkaorako eta beste bat Bizkaian uzteko. Kutxak hona ekartzen hasi ginen, baina gauzak antolatzeko ez zegoen jende askorik; jubilatu ginenean hasi ginen gaur dagoena muntatzen», kontatu du Gaintzak.

Egindako lan guztiari duen garrantzia eman nahi dio Manterolak. Nabarmentzen duenez, azken 35 urteetan lan itzela egin da. «Jasotakoak banaka ez du ezer balio, baina, bildumak egiten direnean, guztia gai eta dataren arabera sailkatzean, dokumentazio gune bat sortzen da. Hain zuzen, hori izan zen egin genuen lehen gauza: lana antolatu eta eginbeharrak banatu».

Gogoratzen dutenez, batzuk kartel handiekin hasi ziren, beste batzuk txikiagoekin, hurrengoak herrietako aldizkariekin... Gutxika-gutxika nolabaiteko lan-kate bat osatzen hasi ziren dokumentuak era antolatuan gordetzeko. Adibidez, aldizkariak argitaratzailearen arabera banatuz: udalak, elkarteak, folklore taldeak... Kontuan hartu behar da 5.000 aldizkari inguru zituztela hasiera batean esku artean eta jada katalogatuta dituztela. Lan itzela, zinez. Kartelak sailkatzeko orduan, berriz, bakoitzaren argazkia egin eta fitxa bat betetzen dute, gaia, tamaina, data eta abar jasotzeko.

Azaltzen dutenez, hainbat dokumentutan zaila da data zehatz bat ipintzea. Kartelek askotan ez dute urterik eta hori zehaztea bera ere lan mardula da sarri. Batzuetan diseinuaren, letren estiloaren edo erabilitako hitzen arabera artxibatzen dituzte. Gogora ekarri dituzte EMK Euskadiko Mugimendu Komunistak ateratako kartelak, berritzaileak, apurtzaileak, mezu argi eta zorrotzekoak baitziren. Manterolaren iritziz, kartel batek «inpaktatu» egin behar du eta EMK alderdikoek hori lortzen zuten.

Lekukoa nork hartuko duen kezka

Astean behin, astelehen goizetan geratzen dira betebehar hauek egiteko. Egindako lana ikaragarria da eta oraindik asko egiteke dagoela jakin badakite. Onartzen dutenez, kezkatuta daude orain arte egindako lanaren lekukoa hartuko duenik izango ote den ez baitute argi. «Lortu da egitura bat eratzea, lan plan zehatz baten arabera ordena bat jarraitzea, eta lan hori ezin da diruarekin ordaindu, zorte handia daukagu», aitortu du Manterolak. Beste kontu bat ere aipatu du, gustura egiten den lana dela, aldi berean ikasi egiten delako eta batez ere etorkizunari begira garrantzi handia duen betebehar bat egiten ari diren inpresioa dutelako elkarteko kideek.

Hainbeste dokumentu nondik ateratzen dituzten galdetzea ezinbestekoa da. Pista gehiegirik eman gabe, urte luzez egindako lanaren ordaina dela erantzun dute, harreman asko sortu baitituzte ibilbide luze horretan. «Udal, alderdi politiko, sindikatu, tabernetara... jo izan dugu; material asko eta oso ezberdina jaso dugu. Han eta hemen ezagutzen gaituzte», onartu du Gaintzak. «Kultura arloko ‘Emausko Trapuketariak’ gara gu!», gaineratu du Manterolak. Barre artean, biltzeagatik elizetako orriak ere hartzen dituztela aipatu du, eta, horren harira, Elorriagak gogoratu du Mungian sukalkiaren jaiotze datarekin zalantzan zeudela, eta bildutako dokumentu horien arabera jakin ahal izan zutela zein izan zen lehen edizioa.

Askotan material bila joateko deiak jasotzen dituzte. Manterolak dioenez, «egun jendeak ez du etxeetan traste asko gorde nahi, eta urteetan egindako bildumaren bat jasotzeko, gurasoek utzitakoa eramateko... deiak jasotzen ditugu». Komentatzen dutenez, dohaintza egiten duena pozik geratzen da jakinda esku onean uzten duela gorde duten hori, eta, gainera, erabilera izango duela etorkizunean.

Olentzerori gutuna idatzi beharko baliote, finantziazio finkoa eta materiala gordetzeko lokalak eskatuko lituzkete, baina horren aurretik materiala gordetzearen kontzientzia zabaltzearen garrantzia nabarmentzen dute. «Ez da ezer bota behar; gorde, artxibatu eta urtea jarri», dei egiten du Gaintzak.

Komentatzen dugu egun ikastetxeetan ez dagoela ohiturarik artxibategiak bisitatzeko, eta altxorrez betetako guneok badutela zer erakutsi, bai metodologiaren ikuspuntutik bai historia kontatzen duten perlak erakusteari dagokionez. Manterolak nabarmendu duenez, beste herri batzuetan dena gordetzen dute, lantegietako artxiboak eta guzti, baina Euskal Herrian dedikazio eta mimo hori falta dira. «Pena da, gizarte baterako oso garrantzitsua da-eta artxibo batzuk ez galtzea», amaitu du.