joseangel.oria@gaur8.info
JAPONIA

Fukushimako hondamendiari buruzko gezurrak agerian, bost urte geroago

Japoniako Justizia Administrazioak TEPCO Tokyo Electric Power Company Fukushimako zentralaren jabetza duen enpresako zuzendaritzako hiru kideri leporatu die 2011ko martxoaren 11n hasitako istripu nuklearra saihesteko neurriak hartu ez izana. Auzitegira jo zuten herritar batzuek adineko 44 pertsonaren heriotza ere egotzi diete.

Lehen aldiz, Japoniako epaileek erabaki beharko dute akusatuak Fukushimako hondamendi nuklearraren arduradun ote diren. 15.000 hildako inguru eragin zituzten 2011ko lurrikarak eta ondorengo tsunamiak, eta une horretan hasi zen hondamendi nuklearrak eremu zabalak hustea eragin zuen, herrialdeko 50etik gora erreaktore nuklearrak geldiarazteaz gain. Honako hauek dira epaileei esplikazioak eman behar dietenak: Tsunehisa Katsumata (75 urte, TEPCO konpainiako administrazio kontseiluko presidente zen 2011n), eta Sakae Muto (65 urte) eta Ichiro Takekuro (69 urte) enpresako presidenteordeak.

Gaia auzitegietara eraman zuten herritarrek zabarkeria profesionala eta adineko 44 japoniarren heriotza egotzi zieten hiru lagunei. Izan ere, pertsona horiek oso baldintza negargarritan eraman zituzten zentraletik gertu dagoen Futabako erietxetik, istripua gertatu ondoren.

Akusazio partikularra aurkeztu zuten herritarren izenean Ruiko Mutok hitz egin zuen joan den astelehenean. Bere ustez, harritzekoa da orain arte inork istripuaren erantzukizuna bere gain hartu ez izana. Katsumata, Muto eta Takekuro epaileek erruduntzat jotzea espero du.

Yuichi Kaido abokatuak esplikatu zuen Estatuak istripua gertatu aurretik eta ondoren egindako kudeaketa bera ere kinkan ipintzekoa dela. Baita garai hartako Japoniako erakunde arautzaileak egindako lana ere.

Ofizialki Fukushimako istripuak eragindako erradioaktibitateak ez zuen inor hil, baina agintariek onartu izan dute hondamendiaren ondorioz, ebakuazioa egin zen moduarengatik eta bizi baldintzak aldatu zaizkielako, eremu hartako ehunka lagun hil direla azken bost urteotan.

Epaiketa datorren urtera arte ez dela hasiko azaldu dute Japoniako hedabideek, dokumentu asko bildu eta aztertu beharko baitituzte epaileek.

Tsunami ikaragarria

Edonola ere, japoniarrentzat oso urrats garrantzitsua da akusazioa, Hisayo Takada Greenpeaceko adituaren iritziz: «Prozedura judizialak erakutsi beharko du TEPCO konpainiaren eta Japoniako sistema arautzaileen porrot ikaragarria noraino iristen den. TEPCOk zein erakunde arautzaileak istripuaren arrazoiak ezagutzera eramango gaituzten xehetasunak ezkutatzen jarraitzen dute. Beren etxeetara itzultzerik ez duten ehunka milaka lagunek benetan gertatu zena ezagutzea merezi dute».

2011ko martxoaren 11n baieztatu zen aurreko urteetan egindako txostenek ziotena ez zirela teknikarien ateraldi hutsak. TEPCOk berak 2008an egindako lan batean 16 metroko altuera izango lukeen tsunami baten hipotesia aztertu zuen. Hala ere, konpainiako zuzendaritzakoek esan zuten asko jota ere tsunamirik handienak 8 metroko altuera izango lukeela, eta, zentrala bera gorago dagoenez, ez zegoela arriskurik. Baina txostenek aurreikusten zuten tsunamia baino handiagoa iritsi zen zentralera, agintariek esandakoa hankaz gora botatzeko.

160.000 herritar ebakuatu zituzten arrisku gehien zuten lekuetatik eta oraindik ere etxera itzuli ezinik (eta gogorik gabe) jarraitzen dute. Adituek diote hamarkadak beharko direla kutsadura garbitzeko, baina Shinzo Abe lehen ministro kontserbadoreak oso bestelako asmoak ditu: 2017. urtea bukatu aurretik kutsadura garbituta edukiko dutela dio, eta herritarrek etxera itzuli beharko dutela. Hortik aurrera, ebakuatuei Estatuak ematen dizkien laguntzak bertan behera geldituko dira. Oso egitasmo polita, deskontaminazio lanek eremua berriz ez dela kutsatuko bermatuko balute.

Gainera, Raquel Monton Greenpeace talde ekologistako kideak nabarmendu duenez, «egitasmoak errepideak eta etxeen inguruak garbitzea baino ez du aurreikusten; zentral nuklearretako langileek jasaten duten erradiazio mailetara jaisteari ‘garbiketa’ esaten diote. Baina garbitutako eremuak berriz kutsa daitezke. Kontuan hartu behar da, gainera, bizilagunek ezingo dituztela zortzi ordu baino gehiago egin etxetik kanpo, erradiazio gehiegi pilatu nahi ez badute. Aukera hori baino ez diete uzten: hori edo batere ez».

Garbiketa lanek erabat aldatu dute Fukushima inguruko paisaia: lur kutsatuz betetako poltsa beltzak nonahi ikusten dira. Montonek esplikatu du erradioaktibitateak kutsatutako eremu bat pintatu berria den leku baten tankerakoa dela: dena dago pintatuta, lurra bera, landareak, harriak... Ukitzen dituzun gauza guztiek ikusten ez duzun pinturaz zikintzen zaituzte. Pixkanaka hilko zaituen pintura.

«Hilobiko isiltasuna»

Abereak ere kaltetzen ditu erradiazioak. Smithsonian Institution erakundeak iazko apirilean egindako txosten baten arabera, Fukushima inguruko hegaztien kopuruak behera egin du eta bero gehien egiten duen lekuetan isiltasuna da nagusi, «hilobiko isiltasuna», Greenpeaceko kidearen hitzetan.

Naoto Kan zen Japoniako lehen ministroa 2011ko martxoan. Zentro-ezkerreko DPJ Alderdi Demokratikoko kidea Greenpeace erakundearen “Rainbow Warrior III” ontzian egon da egunotan: «Fukushimako istripua gertatu aurretik uste nuen Japoniako teknologia aurreratuari esker Txernobylgo gertaeren tankerakoak saihestuko genituela. Baina ez zen horrela gertatu eta arriskupean zeuden 50 milioi pertsonaren ebakuazioa eragin zezakeen krisi bati aurre egin behar izan genion. Horrek eragin zuen, zalantzarik gabe, nik neure iritzia goitik behera aldatzea», adierazi du.

«Ez daukagu horrenbesteko arriskurik hartu beharrik. Hobe da energia berriztagarriak garatzea, seguruagoak eta merkeagoak direnak; negozio egiteko aukera gehiago ere ematen dute», erantsi du.

 

Arrainak bestelako zaporea du orain

Satoshi Nakano arrantzaleari erabat aldatu zaio bizitza Fukushimako istripuaren eraginez. Bere sareek harrapatutako arrainek ez dute orain zapore bera, eta askotan arrantzatutakoa saltzerik ez du izaten. Azken bost urteotan zalantza une ugari izan ditu; beste une batzuetan gorrotoa, bihozmina eta etsipena nagusitu zaizkio. 2013ko azken hilabeteetan, istripua izan zenetik ia hiru urtera, arrantzara ateratzeko aukera itzuli zen, baina bestelako erritmo batekin, ez istripua izan aurretik egiten zuen moduan. «Estatuak ezarri duen araudiak ez digu teknikoki arrantzatzea debekatzen, zentraletik abiatu eta hurrengo hogei kilometrotan izan ezik, baina banaketa mugatzen du. Gakoa Fukushimako prefekturako arraina nola dagoen jakitea da», azaldu dio AFP agentziari Onahamako arrantzaleen sindikatuko arduradunak. Portua suntsitutako zentraletik 50en bat kilometrora dago.

Satoshi Nakano eta beste arrantzaleak astean bi aldiz itsasoratzen dira 70 arrain espezie aztertzeko. Ez dute harrapatutako guztia saltzen: Japoniako agintariek ezarritako erradioaktibitate mailaren (100 becquerel kiloko) laurden batera iristen ez diren arrainak bakarrik jartzen dituzte salgai. Baina Fukushimako arraina izateak urduritu egiten ditu kontsumitzaileak, izen hori erradioaktibitatearekin lotzen baitute, nahiz eta arrantzaleek zein agintariek herritarrak lasaitzen saiatu.

Estatuak esaten die herritarrei egoera menderatuta duela. Horretarako, TEPCO konpainia eta Japoniako erakunde arautzailea AIEA nazioarteko erakundearen protokoloaren arabera egindako neurketetan oinarritzen dira. Agintariek mendean ikusten duten egoera erabat gaiztotuta ikusten dute beste batzuek, ordea. Shaun Burnie Greenpeace taldeko adituaren arabera, 2011ko martxoaren 11ko lurrikarak eta tsunamiak eragindako hondamendi nuklearrak askatu zituen elementu erradioaktiboen %80 inguru itsasora iritsi ziren.

Edonola ere, egoera ez da bera leku guztietan. «Kezkarik handiena zentraletik hurbil dagoen eremuak eragiten du, hor pilatu baita zesio erradioaktibo gehiena», esplikatu die kazetariei “Rainbow Warrior III” ontzian, Fukushimako itsasertzean. Nazioarteko talde ekologistak hondoaren laginak hartzen ditu zentralaren inguruko hamar lekutan. Japoniako bertako eta frantses Estatuko laborategi independenteetan analizatuko dituzte. «Han, hain gertu dagoen eremu hartan, gertatzen ari dena ulertu nahi dugu. Egia da arrantzaleak dagoeneko ez direla haraino joaten, baina beren ingurua eta beren bizitzak erabat kaltetu zituen hondamendiak», Burniek adierazi duenez.

Fukushimako itsasertzeko erradioaktibitatearen mapak egin ahal izateko urrunetik gidatutako itsaspeko bat erabiltzen du Greenpeacek. «Kutsatutako eremu batzuk oso txikiak dira, metro koadro batera iristen ez direnak, baina beste batzuen luzera ehunka metrotakoa da. Horregatik erradiazioak itsasoko espezie batzuk besteak baino gehiago kaltetu ditu», adituak esplikatu duenez.

«Informazio horiek garrantzia handikoak dira arrantzaleentzat. Izan ere, erabat seguruak diren eremuak ere badaude, eta, ondorioz, bertan arrantzatutakoa saltzeko modukoa baita. Baina beste eremu batzuetakoa kutsatuta dago. Gure lanak arazoa kokatuko du bere lekuan», erantsi du Jan Vande Puttek, arrantzaontzi batean laginak hartzen ari dela.

Baina ez dira hor amaitzen arazoak, ura ere kutsatuta baitago, eta Fukushimako erreaktore suntsituek ur kutsatua itsasora botatzen jarraitzen baitute. «Epe luzeko mehatxua da ingurumenarentzat», Burnieren ustez.

Satoshi Nakano arrantzaleak ez du itxaropena galdu, halere: «Gustatuko litzaidake herritarrek Fukushimako arrainen irudi hobea izatea; gure azterketa zehatzek arrain horiek merkatuko produkturik seguruenak bihurtu dituztela pentsatzea».

 

Arazoak zentralak lanean jartzean

Orain hamar egun jarri zuten berriz lanean Japoniako mendebaldean den Takahamako 4 erreaktorea, baina astelehenean gaintentsio arazo bat izan zuen eta gelditu egin behar izan zuten.

Japoniak 54 erreaktore nuklear zituen 2011ko martxoan, eta uneotan 43 geratzen zaizkio: Fukushima Daiichiko sei erreaktoreak eta beste bost ez daude lanean hasteko moduan. Hamabost zentraletako 25 erreaktore lanean hastea nahi dute jabeek (erakunde arautzaileak baimena ematean). Uneotan honako erreaktoreak daude lanean: Sendai 1, Sendai 2 eta Takahama 3.