Jose Angel Oria
Palestina

Munduko preso politikorik gazteena aske utzi du Israelek kanpaina baten eraginez

Israelgo agintariek 12 urteko neska palestinar bat espetxeratu zuten bere poltsan labana bat zuelako. Okupazioko legedi militar berezia aplikatu zioten, eta horren arabera 12 urte izatea nahikoa da kartzelara joan ahal izateko. Neska israeldarra izan balitz, espetxea ezagutu gabe geratuko litzateke. Bazterketaren beste aurpegi bat.

Dima al-Wawi
Dima al-Wawi

Dima al Wawi 12 urteko neska palestinarra joan den igandean askatu zuen Israelgo Gobernuak. Bi hilabete eta erdi egin ditu espetxean, potentzia okupatzailearen soldaduak hiltzen saiatzeaz akusatuta, Maan berri agentziak emandako informazioaren arabera. Tulkarem Zisjordaniako hiritik gertu dagoen Jubaran askatu dute umea, kontrol militar batean. Issam Abu Bakr alkatea eta Issa Qaraqe Presoen Gaietarako Batzordeko zuzendariak egin zioten ongietorria. «Haurrak atxilotzea gizateriaren aurkako krimena da. Israelek umeen duintasuna bortxatzen du», adierazi zuen alkateak; «palestinar umeen aurka tortura eta ezabatze modurik izugarrienak erabiltzen ditu Israelek», berriz, beste agintariak. Aspaldiko salaketa, baina orain arte inolako eraginkortasunik izan ez duena.

Begiraleek diote azken bolada honetan arazoa larriagotu egin dela, iazko irailaz geroztik batez ere, eta adingabeak atxilotu eta espetxeratzea gero eta maizago gertatzen dela. Aldi berean, komunikabideen arreta guztia bereganatzen duen fenomenoa daukagu: Labanen Intifada, israeldarrei automobil batekin edo arma zuriak erabilita eraso egiten dieten palestinarrena, ia kasu guztietan hilda bukatzen duten horiena.

Dima al-Wawi otsailaren 9an atxilotu zuten. Karmei Tzureko kolonia judura sartu eta kolonoei eraso egiten saiatzea leporatu zioten; labana zuela ere esan zuten. Aipatu kolonia Hebron hiritik gertu dago, Halhul umea bizi den herriaren ondoan, eta, abokatuak esan duenez, eskolako uniformearekin jantzitako umea bere poltsan labana bat zeramalako atxilotu zuten.

Israelgo hedabide batzuek beste modu batera azaldu dute: arma bat zeraman «ezkutuan», labana bat arma bihurtzen baita palestinar ororen eskuetan, 12 urte baino ez izan arren.

Lau hilabete eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten di-da batean Dimari, otsailaren 18an. Nazioarteko kanpaina batek eta abokatuak Auzitegi Militarraren eta Israelgo Espetxe Zerbitzuaren aurrean egin dituen gestioek (2.100 dolarreko fidantza barne) lortu dute Dima txikia zigor osoa bete aurretik askatzea.

Ordurako palestinar presorik gazteena zen 12 urteko neska. Tariq Barghut neskaren abokatuak France Presse agentziari esan zion Dima zela «espetxeratutako neska palestinar gazteena Israelen, nahiz eta bertako legediak debekatzen duen 14 urte bete gabe dituzten umeak kartzelara sartzea». Harro egoteko moduko marka, berak horrelakorik nahi ez bazuen ere!

Gero eta ume gehiago preso

Israelgo Espetxe Zerbitzuak eskainitako datuen arabera, segurtasunarekin lotura duten delituekin zerikusirik zutelakoan 170 adingabe zeuden preso Israelgo kartzeletan iazko irailean, begirale batzuek Hirugarren Intifada esaten dioten matxinada hasi zenean. Otsailean, Dima al-Wawi kartzelatu zutenean, 438 zeuden, iraileko kopurua ia hirukoizteko. Eta horietako askok (238 umek) 18 urte bete arte segitu beharko dute giltzapean, eta ondoren auzipetu egingo dituzte, Israelgo legediak horrela eskatzen baitu, “Ha’aretz” egunkariak argitara emandako txostenaren arabera.

Ume horietako zazpiri ez zaie inolako kargurik inputatu, Israelgo legediaren arabera debekatuta dagoena. Kasurik larriena 15 urte besterik ez dituen umearena da. Giza eskubideen aldeko elkarte batzuek nabarmentzen dute umeak espetxean edukitzeak beren eskubideak bortxatzen dituela eta aske geratzen direnean «indarkeriara eta jarduera terroristara itzultzeko aukera gehiago» izatea eragingo duela.

Israelgo legedi militarraren arabera, 12 urte gutxienez izan behar ditu umeak atxilotu ahal izateko. Beraz, Dima al-Wawiren kasua onartzeko modukoa izan daiteke. Iazko irailean ez zegoen ez 12 ez 13 urteko presorik, baina otsailean bost ziren (hamabi, iturri batzuen arabera). Hasharongo espetxean dauzkate guztiak. Beste adin taldeetan ere gorako joera nabarmena izan da azken hilabeteotan: Israelgo espetxeetan 14 eta 15 urteko 27 palestinar preso egotetik, 98 egotera; eta 16 eta 17 urteko 143 palestinar preso egotetik, 324 egotera.

Erantzukizun kriminalerako gutxieneko adina 12 urtekoa da israeldarrek ezarritako okupazioko lege militarren arabera. Mundu osoan ez dago tankerakorik, Unicef Nazio Batuen agentziaren arabera. Baina Israel salbuespenen erreinua da, arlo honetan ere. 972mag.com webguneak egunotan gogorarazi du Dimaren adin bereko ume judu bati, leku berean bizi baldin bada eta krimen bera leporatuz gero, Israelgo legedia zibila aplikatuko litzaiokeela, hau da, erantzukizun kriminalerako gutxieneko adina 14 urtekoa dela esaten duena. Eta judua ez zuten espetxera eramango. Beraz, Dima al-Wawi judu ez izateagatik eduki dute kartzelan. Gainera, webguneak erantsi duenez, Dima al-Wawi lurralde okupatuetatik kanpo eduki dute preso, eta horrek ere nazioarteko legedia bortxatzen du.

«Ez dakit, beharbada labana izango zuen atxilotu zuten momentuan, baina ume bat besterik ez da. Zer egin behar zuen bada? Israelen ez dituzte beren seme-alabak era honetan tratatzen», esan zien 972ma.com atarikoei Um Rashid umearen amak.

Zalantza izpirik ere ez. Dimak berak aske geratzean Al Jazeera telebista katearekin egindako elkarrizketan esplikatu zuen zein baldintzatan eduki zuten umea. Bost gizonek egiten zizkioten galderak, guztiek aldi berean, eta neska erabat nahastu zuten, batzuek barre egiten zioten bitartean, beste batzuek oso haserre garrasi egiten ziotelako.

Atxilotu eta berehala ostikadak eman zizkioten umeari, autobus batean sartu eta Ofer hiriko auzitegi militarrera eraman aurretik. Metalezko eserleku batean jarrita eraman zuten, eskumuturrak eta oinak lotuta zituela. Kartzelan hamahiru eta hamalau urteko presoak ezagutu ditu, bera bezain umeak.

Unicef agentziak berak, DCIP umeen eskubideen babeserako nazioarteko erakundeak eta beste askok salatu izan dute azken urteotan indar okupatzaileak ume palestinarrak nola tratatzen dituen. Indarra behar ez denean ere erabili izana leporatu diete behin baino gehiagotan segurtasun indar israeldarrei, 11 urteko umeak atxilotzera ere iritsi direla nabarmenduz.

DCIP erakundeak egindako txosten baten arabera, 2000. urteaz geroztik 8.000 adingabe palestinar inguru atxilotu, epaitu eta kartzelatu dituzte israeldarrek. Egileek ondorioztatzen dutenez, «Israelgo justizia sistema militarrak populazioa kontrolatzea du helburu, ez justizia lortzea».

Betearazten ez diren legeak

Israelek, demokrazia itxurako erregimen bat izanik –palestinar ez zaren bitartean–, oso legedi zorrotzak ditu atxiloketen inguruan. Esaterako, atxilotutako adingabeak galdekatzeko garaian abokatuak bertan egon behar du, senideek gutxienez, baina DCIPeko adituek aztertu dituzten 429 kasuetako %97an ez zen horrela egin: erabat beldurtutako umeari bakar-bakarrik dagoela egiten zaio galdeketa.

Legediak dio umeari jakinarazi behar zaiola zein kargu inputatu dioten, baina arau hori bete gabe geratu da aztertutako kasuen %88an. Gainera, legeek diote ezin dela galdeketa egin atxilotua presio psikologikopean dagoela, baina horrela gertatzen da kasuen %75ean. Legeak idatzita daude, baina ez dira betearazten.

Israelgo agintariek gero eta ume gehiago sartzen dituzte kartzelara, eta bestelako irtenbiderik aurkitzeko asmorik ez daukate, Itamar Barak B’Tselem giza eskubideen aldeko elkarteko koordinatzaileak egiten duen irakurketaren arabera: «Kartzelaren aurrean alternatiba izan daitekeen ezer eskaintzeko asmorik ez dago. Zer ikasiko du bizitzaz, munduaz, palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaz, 14 edo 16 urteko ume batek, urte bat espetxean egiten badu? Espetxealdi horrek lortuko duen gauza bakarra da indarkeria ziklo batera itzul dadin».

Okupatzaileek eskaini dituzten datuen arabera, gero eta neska palestinar gehiagok esku hartzen du «indarkeriazko jardueratan». Israelgo Espetxe Zerbitzuak jakinarazi du iazko irailean neska bakarra zeukatela preso, otsailean hamabi zirela, eta horietako seik 18 urte bete arte segituko dutela atxilotuta, eta orduan auzipetu egingo dituztela.

Normalean, atxilotutako umeek ez dute loturarik izaten Palestinako erakunde politikoekin, baina une honetan preso daudenetako hamazortzik esan zuten PAE Palestina Askatzeko Erakundekoak zirela (Abbas presidentearena); beste batek, Hamasekoa dela eta hogeigarrenak Jihad Islamikoko kide dela.

Israelgo Eskubide Zibilen aldeko Elkarteak askotan salatu izan du segurtasun indarren ume palestinarrekiko jarrera. Orain hiru hilabete argitaratutako “Ume atxilotuak” txostenean «segurtasunaren aurkako delituak» leporatuta atxilotutakoei buruzko legedia eta politika aztertu zituen, hau da, soldaduei harriak botatzen harrapatutakoei ezartzen zaiena. «Israelgo Estatuak kontuan hartzen duen aukera bakarra da adingabeei beren ideiak burutik kentzea, ez umeak birgaitzea, ezta indarkeria alde batera utz dezaten ere», idatzi zuten Nisreen Alyan eta Meytal Russo abokatuek. «Umearen Eskubideen aldeko Nazio Batuen Konbentzioaren eta Israelgo legediaren printzipioen aurka doa jarduera kezkagarri hau. Zalantzan jartzekoa da hain politika zorrotzak bere helburua lortzen duenik», erantsi zuten.

«Kartzelan utzitako presoez asko hitz egiten digu»

Ismael al-Wawi Dimaren aitak igandean bertan esan zien kazetariei umea oso pozik zegoela, «baina asko hitz egiten du kartzelan utzi dituen gatibuen inguruan». Bere kasua oso berezia izan da Israelgo bi legediek, zibilak eta militarrak, talka egiten dutelako, eta horixe baliatu dute neskaren askatasunaren aldekoek nazioarteko kanpaina eraginkorra abian jartzeko.

Palestinarren egoera jasanezinak eragindako adierazpen biolentoak isilarazteko israeldarrek umeak dituzte jomugan, Dima al-Wawiren kasuak agerian jarri duenez, baina okupatzaileek espetxera sartzen dituzten gainerako umeen egoera azalarazteko ere balio dezake. Dimaren etxekoek jakinarazi dute preso helduekin batera eduki zutela. Amak ez zuen umea bisitatzeko aukerarik izan martxoaren 28ra arte: 45 minutu eta, gainera, alaba ukitu ezin! Abir Bachar abokatuak Dima kartzelatu zuen auzitegi militarrari eman dio egurra, kausaren bistan gizarte laguntzaile israeldar batek aipatu zituen ustezko jarrera arazoak konpontzeko tratamendua eskaini beharrean espetxera bidali zuelako. Gauza bat da legediak dioena, arauetan ageri dena («tratamendu medikua behar badu atxilotuak, soldaduak edo poliziak bermatu behar du tratamendu hori berehala jasotzen duela», irakur daiteke Israelgo Eskubide Zibilen Aldeko Elkarteak palestinarrei begira egindako idatzi batek), eta oso bestelakoa potentzia okupatzailearen segurtasun indarrek Palestinako leku bat hartzen duten bakoitzean gertatzen dena.