Gorka Elejabarrieta

«Brexit»

Ekainaren 23an Erresuma Batuak Europar Batasunean jarraitu edo ez erabakiko du, eta erabaki horrek mota guztietako ondorioak eta bestelako prozesuak azkartu edo motelduko ditu. Britainiar kontserbadoreek, David Cameron buruan, Europar Batasunaren inguruko erreferenduma egingo zutela agindu zuten. Agindu eta bete. Garaian gutako batzuek beteko ez zuten mehatxua zela uste genuen, Europar Batasunarekin akordio hobea lortzeko presio bidea besterik ez zela. Erratuta geunden, Erresuma Batuak Europar Batasunarekin duen tratua aldatu eta hobetu duelako, baina baita erreferenduma mantendu ere.

Badirudi, inkesta ezberdinei kasu egiten badiegu bederen, oraindik ere Erresuma Batuaren parte diren Gales, Eskozia eta Irlandako iparraldean brexit-ak galdu egingo duela. Ingalaterran, aldiz, emaitza ez da argia eta brexit-ak irabaz lezake. Lehen ondorioa hori bera litzateke, berriz ere agerian gelditzea Ingalaterraren, Eskoziaren, Galesen eta Irlandako iparraldearen arteko iritzi ezberdintasuna. Baina Ingalaterran bizi da biztanle kopuru handiena, eta, ondorioz, brexit-ak Erresuma Batuan irabazteak gerta liteke. Nicola Sturgeon Eskoziako Gobernuko buruak behin baino gehiagotan argi eta garbi utzi du Erresuma Batuan brexit-ak irabaziz gero Eskoziak independentziaren gaineko bigarren erreferenduma egingo lukeela. Irlandaren kasuan ere bertako biztanleen pertzepzio politikoan eragin handia izan lezake brexit-ak, irlaren baitan (hegoaren eta iparraren artean) Europar Batasunaren kanpo muga bat ezarriko litzatekeelako berriz ere. Egungo Europar Batasun ereduarekin oso kritikoa izan arren eta beste Europa bat eraiki beharra dagoela behin eta berriro azpimarratzen badu ere, Sinn Fein alderdi errepublikanoa brexit-aren kontra ari da kanpaina egiten.

Alderdi kontserbadorearen baitan brexit-aren kanpainak alderdia bitan zatitu du. Alderdi bereko kideak ari dira brexit-aren alde eta kontra. Eta horrek bere horretan inbidia apur bat ematen dit; hau da, horrelako eztabaida politiko garrantzitsuak modu normalizatu batean, dramatizatu gabe, hil ala bizikotzat jo gabe aurrera eramateko gai dira. Aldekoak eta kontrakoak, baina guztiak kontserbadoreak, denak alderdi berean. David Cameron da kontserbadoreen artean brexit-aren kontrako kanpainaren burua. Eta, aldekoen artean, aktibista kontserbadore nagusia Boris Johnson Londreseko alkatea da. Boris Johnson David Cameronen ordezkoa izateko aukera gehien zituen politikaria da. Ez da berriz Londreseko alkatetzara aurkeztu, eta brexit-aren inguruan zer posizio hartuko zuen ikusmin handia zegoen. Brexit-aren alde agertu eta bera bilakatu da kanpainaren defendatzaile nagusia, medioetan gehien azaltzen dena bederen bada. Alderdi kontserbadore barruko borroka da erreferenduma eta David Cameronen ordezkoa nor izan daitekeen berebiziko aldagai bihur liteke, erreferendumeko emaitza baldintzatzeraino. Brexit-ak irabaziko balu, David Cameronek dimititu eta hauteskunde berriak deituko lituzke, eta, nire ustez, kasu horretan kontserbadoreen hautagaia Johnson izango litzateke. Brexit-ak galduz gero, kontserbadoreen lider izateko Boris Johnsonen aukerak dezente gutxituko lirateke, Osborne eta beste batzuenak handituz. Edozein kasutan, erreferenduma eta alderdi kontserbadorearen etorkizuna oso lotuta daude.

Jeremy Corbynek zuzentzen duen alderdi laboristaren baitan ez dago horrenbesteko talkarik, eta alderdia eta Jeremy Corbyn bera brexit-aren kontra azaldu dira. Corbyn, Sinn Fein eta ezkerreko beste hainbat alderdi bezala, eurokritikoa izan da beti, Europar Batasunaren beste eredu bat bultzatzen saiatu izan da, baina brexit-aren kontra kanpaina egiten ari da. Gizartean, berriz, kalean, brexit-a inork gutxik aipatzen duen gaia da. Kontraste handia dago medioetan eta debate politikoan duen garrantziaren eta gizartean, orokorrean, gaiarekiko dagoen pasotismoaren artean.

Azkenik, bada derrigor aipatu beharreko beste zerbait ere: estatu bakarra, interes ezberdinak, kontrakoak kasu honetan, eta erabakia hartzeko bide ezin demokratikoagoa, galdeketa, erreferenduma, alde guztien emaitzarekiko onarpenarekin. Prozesuak horrela egiten direnean, emaitza bata edo bestea izan, herriak irabazi egiten du. Beti. •