Ramon Sola

Garaipenaren fasea jokabidean hasten da

Denborak aurrera egin ahala, 2009ko urtarrileko GARA Forum hura, ordezkari politiko bati jendaurrean eginiko elkarrizketa luzetxo bat baino askoz gehiago izan zela ikasi genuen. Bertan zelai handian erein zituen Arnaldo Otegik ezker abertzalearen estrategia berriaren haziak, ordura arte baratza txikian baino lantzen ez zena. Pasa den larunbatean Kursaalen bertan Otegik berak egindako ariketa ere orduko hura bezain sakona izan dela eta uzta oparoa ekar dezakeelakoan nago (hiru bider handiagoa zen areto batean, portzierto, eta antolakuntza maila txalogarriarekin, zorionak lagunok!).

Bigarren “iraultza” hau ez da estrategia kontuetan kokatzen. Ez da behar. Duela zazpi urtekoak garbi seinalatu zuen bidea (alde horretatik, gaur Durangon amaitzen den Abian prozesuak ere ez du aurkikuntza handirik ekarriko, bide hori zikinkeriaz garbitu eta hobeki seinaleztatzea akaso). Duela astebete Otegiren hitzetan soinu berria zuenak, ordea, jokabideari, formei, aldarteari, bide hori ibiltzeko moduari dagokio. Eta hala ere, ez da bestea baino garrantzi gutxiagokoa, estrategia eraginkorrak garatzeko modu eraginkorra ere exijitzen duelako.

Bitxia bada ere, Euskal Herriko egoera iraultzeko asmoa dutenentzat, 2009an zeuden eta 2016an dauden baldintza objektiboak oso antzekoak direla esan daiteke (egun ditugunak hobeak ez badira...: horra hor Nafarroako erregimenaren porrota, Ipar Euskal Herriko erakundetze prozesua, Estatuaren krisiaren larriagotzea, indar politiko berrien agerpena, Eskoziak ezarritako aurrekaria, Kataluniako prozesua, Kolonbiako konponbide eredua...). Hori dela eta, estrategia berriak gero eta aukera gehiago ditu. Baina, aldi berean, hori abiatzeko arazoak, gabeziak eta ezintasunak agerikoak izan dira zazpi urte hauetan zehar, eta hori guztia konpondu nahi bada, ez da kanpora begiratu behar, barrura baizik.

(Lerro hauetan auziari heltzeko luzeegia litzateke hausnarketa, baina noizbait aztertu beharko litzateke talka armatuaren aroaren bukaerak ezker abertzalearen hainbat balio nolatan eta zergatik ezkutatu, desitxuratu eta ezabatu dituen. Nola, Andoni Olariaga filosofoari Sustrai Colinak egin berri dion elkarrizketa aski interesgarrian aipatzen duenez, «jende bat mundurik gabe gelditu den». Itxi parentesia).

Eta ze berri dakar, ba, Otegik? Aipamen iraultzaile ugari, eta guztiak egiteko moduari –are gehiago, balioei– dagozkionak. Esate baterako, gu ez garela «haiek bezalakoak», eta, ondorioz, ezberdin jokatu beharko genukeela; arerioen aurrean ere, atsegina izatea behar-beharrezkoa dela; barne desadostasunak, «hil ala biziko» jo baino, naturalago eta dramatismorik gabe hartu beharko liratekeela; borroka egitearen alaitasuna berreskuratu egin beharko litzatekeela; zoriontsu izatearen eskubidea egon badela, eta zoriontasuna gaur eta hemen bilatu beharko litzatekeela, utopia lortzeko urrutiko bidea jorratzen den bitartean... Kursaalekoaren ondoren batek baino gehiagok hori guztia naif samartzat jo badu ere, zerrenda ez da Stockholmeko sindromeak jotako norbaiten ameskeria, ondokoekin aurrera egiteko eta bestaldekoak seduzitzeko beharrezko ekintza politikoko gutxieneko programa baizik. Irabazteak eskatzen dituen balioak, alegia.

Ez da Otegi besteentzako aholkuak eman eta bere buruari ariketarik jartzen ez dion horietarikoa. Hortaz, norabide bereko joera berriak ekarri ditu euskal politikagintzara, espetxetik atera bezain laster. Biktimismoaren tentazio erraza alboratu du, ohiko alderdikerietatik urrun kokatu da, hauteskundeak izkinaren bueltan izanagatik ere epe luzera begira mintzo da, etxe barruan arazo ugari izan arren herri guztia du buruan, batzuetan berarentzat kaltegarri gerta zatekeen arren aurpegia eman eta benetan uste duena, bere egia, esan du... Horrekin guztiarekin nabarmen igo da eztabaida politikoaren maila aste eskasetan, dezente zailago egiten baitu orain arteko txikikeria, alderdikeria eta itxurakeria baliatzen segitzea. Balioen garrantzia, berriz ere. •