Andoni Egia

Maiatzaren Lehenetik Gure Esku Dagora

Edo eskubide sozial eta ekonomikoak aldarrikatzeko egunetik, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko egunera. Edo justizia sozialetik, autodeterminazioa aldarrikatzeko egunera. Ez da inoiz nahikoa izan eskubideak aldarrikatzea, gauzatu egin behar izan dira. Legitimitatetik legalitatera dagoen kalea igaro behar izan da, askotan desobedientzia izeneko kaletik igaroz. Pentsa dezagun Rosa Parks-en, autobusean bere eserlekua zuri bati utzi ez zion lehenengo pertsona beltzean. Emakumea, beltza eta langilea, portzierto.

Euskal Herria orain arte, plano politiko, kultural, linguistiko eta identitarioan aldarrikatu eta eraiki da; askotan, desobedientziaren kaletik. Orain plano materialean eraikitzea falta da, hau da, plano sozioekonomiko eta territorialean. Seguruenik ere, batzuetan, desobedientzia izeneko kaletik pasatuz.

Egun subiranotasuna pluralean idazten da, eta estatua ez da nahikoa subiranotasun horiek guztiak berreskuratzeko –gogora gaitezen Greziaz–; eta estatuak ere ez dira ezinbestekoak subiranotasun horietako batzuk eskuratzen hasteko. Estatu subiranoa eratu nahi badugu, has gaitezen subiranotasun horietako batzuk berreskuratzen, desobedientzia izeneko kaletik bada ere, edo kale horretatik delako, hain zuzen ere.

Egun Gure Esku Dago herri eta eskualdeen subiranotasun energetikoan pausu sendo eta atzeraezinak ematen hastea. Gutako bakoitza, Goiener bezalako kooperatibetan bazkide eginez.

Egun Gure Esku Dago subiranotasun finantzarioa eraikitzen hastea. Nomina FIAREn kobratu eta aurrezkiak Coop57 bezalako finantza kooperatibetan sartuz, eta gure proiektu ekonomikoentzako maileguak kooperatiba horiei eskatuz.

Egun Gure Esku Dago elikadura subiranotasuna eraikitzen hastea, herri edo auzoko kontsumo kooperatiban, edo Herri Goran erositako produktuen bidez elikatuz. Egun Gure Esku Dago eskubide sozial eta ekonomikoak aldarrikatzetik, gauzatzen hastera igarotzea, bidean, autodeterminazio eskubidea gauzatzen hasteko ezinbesteko subiranotasunak berreskuratu bitartean.

Eskubideak gauzatzea, subiranoa izatea baita. Baliabideak dauzkagu. Erabil ditzagun. Desobedi diezaiegun. •