Ainara Lertxundi
analisia

Nork du gogoan Aylan Kurdi?

Komunikabideen eta ume errefuxiatuen arteko harremana aztertzeko Unicefek eta Save the Childrenek Leioan eginiko jardunaldiek nabarmen utzi dute hedabideok ez gaudela krisiak eskatzen duen mailan.

Iazko irailean, erredakzioak asaldatu egin ziren Aylan Kurdi umearen argazkiarekin. Turkiako Bodrum hiriko hondartza batean etzanda zegoen, kamiseta gorria pixka bat altxatuta, lotan balego bezala. 3 urte besterik ez zituen. Berarekin batera beste hamabi errefuxiatu hil ziren, horien artean bere ama eta 5 urteko anaia. Ez ziren urperatze horretan hil ziren haur bakarrak izan. Beste bost umek ere bizia galdu zuten Greziako Kos uhartera iritsi nahian.

Sartre filosofo frantsesak zioenez, «bestearen presentzia ezinbestekoa da autokontzientzia izateko». «Ikusten naute, existitzen naiz», zioen.

Roger Canals antropologo eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, irudiek «bizitza propioa» dute, nolabaiteko autonomia eskuratzen dute eta gizarte mugimenduengan eragina izan dezakete. «Argazki batek erakusten digunaz gain, zer-nolako ondorioak eragiten dituen aintzat hartu behar dugu argazkia bere osotasunean ulertu eta aztertzeko».

«Aylan ikusi nuenean, ez nekien zer egin. Hilda zegoen eta isilune handia inguruan. Momentu horretan egin nezakeen bakarra, kamera hartu eta argazkia ateratzea zen. Izugarrizko samina, izugarrizko mina, sentitu nuen. Espero dut argazkiak egoera aldatzen laguntzea», plazaratu zuen Nilufar Demir argazkilari turkiarrak argazkiak izan zuen oihartzunari buruz galdetuta. Egungo gizartean, ordea, sare sozialen erabilera masiboak bultzatuta, informazioa bera ere fast food bihurtu dela nabarmendu zuten Cristina Sanchez RNE Espainiako irrati publikoko eta Nico Castellano SER kateko kazetariek Unicefek eta Save the Childrenek pasa den astean Leioako EHUko campusean haurtzaroaren eta komunikabideen arteko harremana aztertzeko antolatuko jardunaldietan. Horietan, beste hedabide batzuen artean, GARA ere izan zen.

Nork du gogoan jada Aylan Kurdiren argazkia? Begirada atzera botaz gero, baten bat gogoratuko da hondartza batean etzanda zegoen umearekin, baina, ziurrenik, kaleko inor gutxik gogoratuko du bere izena, non hil zen eta berarekin batera bere ama eta anaia ere hil zirela. Argazkiaren egilearen nahia, tamalez, ez da bete, egoerak, onera egin beharrean, okerrera egin baitu. Europak mugak erabat itxi ditu eta Turkiarekin akordioa sinatu zuen martxoan hilabete horretatik aurrera Greziara heltzen ziren errefuxiatuak Turkiara kanporatzeko. Mediterraneo eta Egeo itsasoak errefuxiatuen etsipenaren eta heriotzaren lekuko dira ia egunero.

Eta nork du gogoan maleta baten ezkutatutako haurra? «Ez gaude errefuxiatuen krisiak agintzen duen mailan. Haurrak, tamalez, datu bat gehiago bihurtu dira», adierazi zuen jardunaldietan Mikel Ayestaran kazetariak. «Umeen irudiak ez lirateke inoiz erabili behar negargura eragiteko. Irudi horiek informazio baten ondoan joan beharko lukete beti», gaineratu zuen Ane Irazabalek. Errefuxiatuen egoera zuzenean ezagutzeko aukera izan dute biek.

Hiru dira Iker Pastor argazkilariak erabiltzen dituen irizpideak gatazka egoera batean argazkiak egiterakoan. «Gizatasuna, salaketa eta irakurlearengana eragina izatea». Cristina Sanchezek esan bezala, «gerrak ez dira politak eta kazetariok gauza itsusi horiek aditzera eman behar ditugu».

Argazkiek gerren ondorio krudel eta gordinak islatzen dituzte eta irakurle bezala ikusten ez baditugu ere, bonbardaketa eta heriotzak hor daude, egunero gertatzen dira, esaterako Alepon. Eta horien biktimak, gehienak zibilak, gure gizatasun, salaketa eta elkartasunaren beharra dute. Guztion erronka da informazioa fast food ez bihurtzea.