Maider Iantzi Goienetxe
«EN TRáNSITO»

Latinoamerikako haurren eta gurera etorritako beren amen arteko erlazioa

«Compañeras de viaje» saritutako dokumentalean umeak beren herrian utzita gure haur eta zaharrak zaintzera etortzen diren emakume latinoamerikarren emozioetan nabigatu zuen Oskar Tejedorrek. «En tránsito» lan berrian, falta zitzaion partea deskubritu du, ama urrun duten haurren sentimenduen itsasoa.

Oskar Tejedorrek jende ezezaguna erreskatatzea maite du. Alde sozial bat dago hor eta alde psikologiko bat ere bai. Zer du pertsona batek desberdin portatzeko? Modu batekoak edo bertzekoak gara jaio eta hazi garen testuinguruaren arabera. Legazpin, Telleriarte baserri auzoan jaiotako zuzendariaren arabera, gobernuak beti ahulenen artetik indartsuenak erreskatatzen saiatzen dira, baina badira kolektiboak hor gelditzen direnak, ikusezin.

«Ez ditut injustiziak jasaten, esparru batean ere ez. Norbait oihu egin beharrean badago eta inork ez badu entzuten, mikrofonoa jartzea gustatzen zait, hitz egiteko eta gertatzen ari dena kontatzeko aukera izateko». “En tránsito” filmaren egilea luze mintzatu da GAUR8rekin, lasai baina barrenean duen guztia ateratzeko grinaz. Aitortu duenez, dokumentalak egitea militantea da. «Bizimodua ateratzeko baino, gaizki bizitzeko da. Eta honetan bazabiltza istorio bat kontatzeak motibatzen zaituelako da. Terapeutikoa ere bada: nik oihukatu ezin dudana besteek oihuka dezatela. Zerk ematen didan mina eta zer atera nahi dudan pentsatzen dut. Eta besteei barruan ditudan sentimenduok azaleratzen uzten diet».

Heroien gisakoak

Ez dago “En tránsito”-n agertzen diren emakumeenganako penazko begiradarik. Justu kontrakoa: heroien gisakoak dira. Drama bat dute, baina badakite eramaten eta aurrera ateratzen. Badakite zailtasunetatik onura ateratzen, eta hori da zuzendariari gustatzen zaiona. «Handia da pertsona batek, gaizki egon arren, bere posiziotik abantaila ateratzen jakitea indartsuago izateko. Esperantza izpi bat da, bere gaitasunak kontuan hartu eta jendea den bezalakoa agertzeko, arlo guztietan. Ezezagunak garela iruditu arren, gure bizitza bizitzeko moduaren arabera heroi bihur gaitezke. Ederra da hori».

Tejedor ez da emakumeok hartzen duten erabakiaren alde edo kontra azaltzen. Alde onak eta txarrak agertzen ditu. Ateratzen bazara, ondorio batzuk daude, kontuan har itzazu. Gizon bakarra agertzen da solasean filmean, emakume baten bikotekide ohia. Pelikula osoan leku txarrean uzten du gizona, baina momentu batean ikusten da pertsona hori ez dela hain gaiztoa eta bere iritzia duela.

Gehienetan emakumeak bakarrik etortzen dira. Sarri hagitz gazterik gelditzen dira haurdun eta bikotekideek ez dute ardurarik hartzen. Orduan, gizona beren bizitzatik kanpo dago. Baina haur batek hona etortzeko nahia azaltzen duenean, gizonaren ikuspuntua ere sartzea erabaki zuen, bere aita delako eta baduelako zer erranik. «Amaren hitzarekin gelditu gaitezke: aitak ez zuen ardurarik hartu. Baina umeari bere familia eta testuingurua kentzen zaizkio eta aitak horri erantzuten dio. Orekatu egiten dut, gizona ez dela gaiztoa erakutsiz. Berak ere pentsatzen du, bihotza dauka eta kontuan hartu behar da. Mugimendu feminista bezala da. Akatsa iruditzen zait gizona aintzat ez hartzea».

Bertze gizon bat ere azaltzen da zeharka, euskalduna. Umeak bere herrian utzi dituen emakume etorkina berekin maitemintzen da eta bizimodua eraikitzen du hemen. Ahaldundu egiten da, bai emakume bezala eta bai ekonomikoki, bera baita familia elikatzen duena eta nahi duena egiten baitu bere diruarekin. Gizon horrek maitasuna ematen dio eta berdinetik berdinera tratatzen du. «Keinu txiki bat da, ez nuen bikote harremanetan sartu nahi. Gainera, hemen ere oraindik matxismo asko dago».

Emakume hark dilema bat zuen: itsasoaren alde batean bikotea, bertzean umeak. Emakume hauek etengabeko kontraesanean bizi dira. «Lau urte dira umeak ikusi gabe –erraten dio psikologoari–, baina maiteminduta nago hemen eta beldur naiz hara joan, umeak ikusi eta han gelditzeko. Nire bizitza orain hemen dago. Nola egingo dut? Bale, itzuliko naiz, baina haur bat ekarriko dut. Nola ekarriko dut? Eta zein?».

Emakume batek hiru umetatik zaharrena ekartzen du eta legazpiarrak ez zuen hori ulertzen. Zergatik handiena eta ez txikiena? Txikiena hobeki egokituko da. «Animaliaren ikuspegia dago zentzu honetan: lanean lagun nazakeena ekarriko dut, familiari diru gehiago bidaltzeko. Agian horrela besteak ere ekarriko ditugu».

Etengabeko migratzaileak

36ko Gerran ere txikienak bidali zituzten kanpora. Indartsuenak bertan gelditu ziren lanean. Zailtasunak handiak direnean pentsamendu hori berpizten da. «Emakume hauek urrunak iruditzen ahal zaizkigu, baina gure historia hurbilari begiratzen badiogu ikusiko dugu berdina egin dugula. Eta egiten jarraituko dugu. Etengabeko migratzaileak baikara».

Hemen ditugu, gure umeak eta zaharrak zaintzen, baina ez ditugu ezagutzen... «Edo ez ditugu ezagutu nahi. Nagusitasun ikuspuntu bat dago. Gutxiago garatuta dagoen herrialde batetik, eta, itxuraz, kultura baxuago batetik datozenez, errukiz begiratzen diegu. Ez dugu pentsatzen Latinoamerikaren konkistatzaileak izan garela. Bai mundu aldrebesa! Dokumentalaren amaieran irri egiten dut pailazoarekin, atzerritarra zein den gogoeta eginez».

Esplikatu duenez, «jendarte kapitalistak independente izatera bultzatzen gaitu, gure helburuak betetzera, eta interesgarria da hori, baina aldi berean indibidualizatu bihurtzen gara. Bai gizonak bai emakumeak lan egiten dute eta beren denbora dute, baina familia hankamotz gelditzen da, askotan ez baita bateragarria haurren zaintzarekin. Horregatik, zaintza aitona-amonen edo kanpoko norbaiten esku utzi behar dute».

Jende asko etorri da eskulana behar zelako, haurrak edo zaharrak zaintzeko. Pertsona horiek beren haurrak aitona-amonen edo bertze norbaiten zaintzapean utzita etortzen dira. Zeinek zaintzen du zein?

Rol berriak

Amatasuna distantzian bizi dute. Dokumentaleko momentu batean emakume latinoamerikar bat agertzen da parkean ume txiki euskaldun bat zaintzen. Bere seme nerabea, herritik beregana etorri berria, banku batean dago pentsakor, amak txikiari ematen dizkion musu, besarkada eta maitasun keinu horiei begira.

Bertze nerabe batek ezin du ama bideoan ikusi eta salatik ateratzen da. Berak ukitu egin nahi du, sentitu, berarekin esnatu... Teknologiak aitzinera egin du, baina jende aunitzek, hainbertze urteren ondotik, ez du horrela elkar ikustea nahi, min handia egiten diolako. Nahiago du bere imajinazioarekin jokatu, gogorra delako urtez urte etorriko den zain egotea.

«Elkartzen direnean ez dute elkar topatzen, ama ahaldundu egin delako eta bertze era batera portatu eta janzten delako, eta umea jendarte kontserbadoreago eta matxistago batetik datorrelako. Rolak aldatu dira, jada ez dira ama eta semea edo alaba. Umea hazi egin da eta emakumea edo gizona da, eta, ama, ezezaguna. Ez du autoritaterik zaindu ez duen umearen gainean. Prozesu psikologiko inportante bat ematen da hori dena berriz ordenatzeko. Jada ez dira ama-umeak izango; beste rol bat bilatu behar da».

Migrazioaren arazoak domino efektua ekartzen du. Familiaren fitxa mugitzen denean dena mugitzen da eta zena izateari uzten dio. Ama ateratzen denean ume bat amatxirekin gelditzen da, bertzea izebarekin eta zaharrena unibertsitatera doa. Ama da nukleoa. Amak ama izateari uzten dio eta amonak edo izebak betetzen dute bere papera. Interesgarria da etortzen den neskatoak lagun batekin izaten duen solasaldia. «Zein ematen duzu gehien faltan?», galdetzen dio adiskideak. Anaia pentsatzen zuen, mugikorrean bere argazkia duelako. «Ez, ez, izeba». «Izeba?». «Ama bezala izan da urte hauetan guztietan».

Zuzendariak adierazi duenez, haurra egokitu egiten da eta maitasuna doan lekura joaten da. Telefonoz edo Skype bidez maitasuna emanda ere, eta sostengu ekonomikoa emanda ere, haur hauei garrantzitsuena falta zaie, maitasuna. Horrek portaera arazoak sortzen ahal ditu, baita droga arazoak ere.

Kolektibo honekiko zorra

«Unibertsitate garaian latinoamerikarrekin bizi izan nintzen bospasei hilabetez, Ingalaterran. Ikaragarri lagundu zidaten. Bizimodua ateratzera joanak ziren. Biziraupen hutsa zen, oso gogorra. Ni aldi baterako nengoen baina eurak han gelditu ziren. Gehienak legez kanpo zeuden. Jaiak egiten genituen eta eskerrak gau batean lotan gelditu eta ez zirela etxera joan, bestela sarekada batean atxilotu eta kanporatu egingo baitzituzten. Nola bizi litezke lan bila, ordukako lanak eginez, bi ordu han, beste bi hemen, eta kanporatzeko beldurrez?».

Beti aipatzen da egoera ekonomikoa, baina bertze arrazoi batzuk ere badaude herria uzteko, tratu txarrak kasu. “Compañeras de viaje” dokumentalean faktore horiek agertu zituen Tejedorrek. Batzuetan ihes egiteko bidaiatzen da. «Ingalaterrako esperientziak asko ukitu ninduen. 21 urte nituen, mundua deskubritzen ari nintzen, eta konturatu nintzen azpimundu bat zegoela. Barruan gelditu zitzaidan gaizki bizitzen ari zen jende honek nola lagundu ninduen hainbeste. Baziren gau osoan lanean ibilita goizean lan bila laguntzen nindutenak. Pertsononganako nire zorra da. Kolektibo honi egiten diodan ekarpena».

Fokua, Nikaragua

Hondurasen, Nikaraguan, Madrilen eta hemen, Euskal Herrian grabatua da “En tránsito”. “Compañeras de viaje” bere atarikoa da. Honek ahalbidetu zion haurrak eta zaharrak zaintzera etortzen diren emakumeak hurbilagotik ezagutzea. Venezuela, Peru, Honduras, Nikaragua, El Salvador... Hainbat herri azaltzen ziren bertan, baina ohartu zen arazoa bera zela guztietan. «Europan emakumeok izaten duten garapen emozionala ezagutu nuen, baina gauza bat gelditu zitzaidan deskubritzeko: beren herrietan dauden umeek eta familiek zer pentsatzen duten, nola bizi duten egoera eta ze ondorio dituen eurengan. Haurrak eta amak elkar komunikatzea ongi legokeela pentsatu nuen».

Bidez Bide elkartearekin harreman handia duenez jakin zuen migranteen bigarren kolektibo handiena nikaraguarrena dela EAEn. Gainera, horien %80 seme-alabak utzita zaintza lanak egitera etortzen diren emakumeak dira. Fokuan zentratu zen, Nikaraguan. Bi pertsona ezagutu zituen lau urteren ondotik beren herrira bidaiatu behar zutenak. Eta interesgarria iruditu zitzaion jarraipena egitea hemen, bidaian zehar eta ondotik. Horrela hasi zen dena.

«Hara joan eta umeak eta testuingurua ezagutu nituenean konturatu nintzen nire premisa guztiak erabat aldatzen zirela. Migrazioko ahulenak haurrak direla konturatu nintzen eta berriz landu nuen gidoia lekuan bertan. Hilabete soilik genuen grabatzeko. Familia hauekin lan egin nuen, eskolara joan nintzen, bertako psikologoarekin hitz egin nuen, eta jakin nuen emakumeen %80 kanpoan daudela eta horrek umeen portaeran desorekak eragiten dituela. Jakin nuen terapia bat egiten ari zirela haurrekin. Orduan ohartu nintzen hor zegoela arreta fokua eta gidoia berregituratu nuen umeen pentsamenduek garrantzi handiagoa izateko».

Bizitza, olatuak bezalakoa

Hona etortzean denbora pasa dela eta garapen bat dagoela ikusten da. Neskatoa aldatua dago, emakumetua. Nikaraguan dagoela hona etorri nahi du eta hemen dagoela hangoaz pentsatzen du. Amarengana datorren mutil gazteak ere hango gauzak ematen ditu faltan. «Gauza batzuk irabazi eta beste batzuk galtzen dira, denean bezala».

Itsasoak hasiera, bitartekoa eta bukaera lotzen ditu. Itsasoarekin hasten da filma, ozeanoaren bestaldean daudenei so. Dokumentalean zehar ere itsasoa agertzen da komunikatzaile gisa eta terapia bukatzean, «bizitza olatuak bezalakoa da, igo eta jaitsi egiten da» erraten die psikologoak haurrei. «Itsasoa gustatzen zait», komentatzen du neskatoak amaieran, jada hemen dagoela, horizonteari, bestaldean dagoenari begira. Bestaldera joan nahi dugu beti baina han gaudenean hemen egon nahi dugu. Itsasoak begirada hori gidatzen du, urruneko amatasun hori, joan eta etortzen diren olatu horiek, jaurti eta jasotzen dutenak.

«Haurrek bihotza ireki didate eta ez nituen traizionatu eta ahul utzi nahi. Beren identitatea duten haurrak izatea nahi nuen». Horregatik erabili du animazioa. Beren marrazkietan oinarrituta faktore komunak hartu ditu: amaren falta eta nola, alde batetik gorrotoa badute ere, bestetik amaren maitasuna eskatzen duten. Ametsetan amarekin elkartzen dira eta beren leku seguruan babesten dira. «Ez nituen beren marrazkiak zuzenean erakutsi nahi, baizik eta horietan oinarrituta distantzia bat mantendu, ez gaizki tratatzeko, ume bat oso zaurgarria delako eta errespetu handia diodalako jendeari».

Marrazki bat oparitu zioten Oskar Tejedorri: bihotz puskatu bat zen, alde batean Nikaragua eta bertako familia agertzen ziren, eta bertzean bere ama eta zuzendaria bera. «Bihotza hautsi zidan. ‘Zerk ematen dizu mina?’, galdetzen duzu. ‘Atera ezazu’. Terapia bat da eta zuk ere sufritzen duzu. Norbaitek zerbait hain intimoa kontatzea eta, gainera, zu ere barne hartzea izugarria da. Ardura handia sentitzen duzu».

Azpitestu eta informazio aunitz dago dokumentalean eta behin baino gehiagotan ikusi behar da denaz jabetzeko. Adibidez, graduazioa hagitz garrantzitsua da familia hauentzat eta ekitaldiaren egunean gaztetxo bat amatxirekin agertzen da argazkian, ama kanpoan delako.

Paisaien arteko kontraste izugarria agertzen da. Managuako asfaltatu gabeko kaleak eta Donostiako eraikin altuak. Garraioan dagoen aldea. Beroarekin eta hotzarekin ere jokatzen da, irudi beroak eta hotzak nahasiz. Hemen dauden emakumeak denbora osoan konektatu nahian azaltzen dira. Gorputza hemen dute baina gogoa han.

Mezua, erabat aldatua

«Pribilegiatua sentitzen nintzen mezu bat bidaltzen denean igorle bat dagoelako, hartzaile bat, mezu bat eta bide bat. Hemengo pertsonak mezu bat bidaltzen du baina erabat aldatuta iristen da hara. Hangoak ere mezu bat bidaltzen du eta aldatuta ailegatzen da hona. Zu erdian zaude eta egoera bat eta bestea ikusten dituzu. Mezuaren testuingurua. Betikoa da: kanpoan bizi zarenean ez duzu zure ondoeza bestaldera pasatzerik nahi eta alderantziz. Mezuaren desoreka bat dago eta jendeak erabat okerra den imajinario horretan nabigatzen du. Zu erdian zaude eta errealitatea ikusten duzu».

Elkarrizketa hori islatzen du. Nola bizi diren hemen, nola bizi diren han, zer pentsatzen duten batzuek eta bertzeek, zer kontatzen duten eta zer isildu etengabeko komunikazioan.

Ondorioak bi herrietan

Kanpoan dagoenak kulpa sentimendua izaten du. Emakume batek seme-alabek barka dezaten nahi duela adierazten du familiari bidalitako DVDan. Haurrak erraten du ez dakiela zergatik sentitzen den errudun eta badakiela maitasunagatik egin duela, baina maitasunak min egiten duela. Aitortzen du txikiagoa zenean ez zuela hainbertze sentitzen min hori, baina orain baietz. Kasu horretan amak familia izan du hemen, alaba bat. Mutikoak beti nahi izan du arreba bat izan eta orain badu, baina ezin du ukitu eta berarekin egon eta hori hagitz gogorra da. Kartzela batean bezala daude, hesiaren bestaldetik bizitzen.

Amatxi bati galdetzen diote zein den bere ametsa eta erantzuten du bilobak hazten ikustea, etorkizun bat izatea eta lasai gelditzea dela. Nekatuta daude, bata eta bertzea hezi dute. Umez inguratuta daude. Hemen ere gertatzen da hori. «Janaria eta oinarrizko gauzak emateaz gain, ezin naiz eskolako lanetan laguntzen ibili», azaltzen du amona batek.

18 urterekin amarengana Europara etortzen den mutil gazteak arazoak izan zituen drogekin, etxean ez zuelako inork kontrolatzen. Amatxik haur gehiago zituen eta ezin zuen zaindu zer egiten zuen.

«Domino efektura bueltatzen naiz. Pieza bat ukitzen duzu eta denei eragiten die: umeei, amari, testuinguruari... Urrunago joanez, eta herrialde desberdinetako gobernuei kritika eginez, bai jatorrizko herrietakoei eta bai emakumeok hartzen dituztenei, haur hauek desoreka horrekin hazteak, kontuan hartzen ez badira eta beraiekin lan egiten ez bada, ondorioak izan ditzake», ohartarazi du Tejedorrek. «Kuadrilletan bilatzen dute batzuek ez daukaten familia, zenbaitetan bandalismoarekin lotuta. Indarkeriaren bidez beste modu batera jasotzen ez duten maitasuna bilatzen dute».

Honek eragina du bi jendarteetan, jatorrizkoan eta pertsona hauek hartzen dituenean. «Lan bat egiten ari naiz orain haur langileen inguruan, nerabeen ikuspuntutik. Lan egin izanak nerabearengan ze ondorio dituen jakitea interesatzen zait». Tejedorren filmak kritikoak izan ohi dira, desoreka horien aitzinean neurriak hartzeko.

“En tránsito” lanean, gaztetxoekin egiten ari diren bilera batean bizi duten egoera nola iraul daitekeen galdetzen diete eta neskato batek aldarrikatzen du gobernuei eskatu behar zaiela bertan lan duinak izateko kanpora atera beharrik ez edukitzeko, ateratzea ez baita hautu pertsonala soilik; gobernuak bultzatzen ditu horretara.

Europan egon den emakume batek Nikaraguara bisitan joan eta «hemen ez da bizirik» erraten duenean bikotekide ohiak erantzuten dio: «Orduan zer egiten dugu hemen gauden guztiok?». Kritika agertzen da hor ere. Psikologoak emakume horri galdetzen dio zergatik etorri zen eta ez du arrazoi garbirik ematen. Emakumeei ere kritika egiten zaie dokumentalean. Muturreko egoera batean daudelako etor daitezkeelako baina kontziente izan behar dutelako uzten dutenaz ere. Oreka bilatzen du Tejedorrek hemen ere: ez erratea ongi edo gaizki egiten dutela. «Pentsamendua anitza izatea nahi dut, jendeak egin dezala bere balantzea».

Filmaren ibilbidea

DocumentaMadrid jaialdian primerako harrera izan du pelikulak. Amaieran solasean hasi eta aretotik bidali arte luzatu ziren. Galdera pila bat egon ziren, jendea pertsonaien lekuan jarri zelako, gogoeta egin zuelako eta zerbait mugitu zelako bere barrenean. Tejedorrentzat lorpen bat da hori. Eztabaidan gerraondoko ume bat zegoen. Gurasoak bera hagitz txikia zenean atera ziren. Dokumentaleko haurren egoera bere egoera zen eta identifikatuta sentitu zen.

Kritika onak egin dizkiote eta artikulu ederrak idatzi. “Cuidadores” bezala, baliagarria izaten ari dela eta aunitzetarako balioko duela sentitzen du. EHUko Donostiako Antropologiako Unibertsitatean bere lanak erabiltzen dituzte tresna pedagogiko gisa eta Bidez Biden ere bai formazio tailerretan. Zinetik eta telebistatik harago zirkuitu bat dute: “Cuidadores” oraindik erabiltzen ari dira elkarteak, psikologoak... eta “En tránsito” berak ere ibilbide hori izatea espero du. «Faltan ematen dut ETB inplikatu ez izana, hemengo arazo garrantzitsu bat agertzen bada ere. Pena ematen dit gure zergekin ordaindutako telebista publikoak interesik ez agertzeak».

Orain jaialdiz jaialdi ibiliko da filma eta, ahalko balitz, irailean Zinemaldian estreinatu nahiko lukete, emakume ezezagunok beraien alfonbra gorria izateko. «Zoritxarrez, gai sozialek ez dute interesik pizten. Dokumentalak genero gisa ere ez. Ez du batere interesik pizten kanpotik norbaitek zoragarria dela esan arte. Gure publikoa txikia da, baina konstantea eta oso esker onekoa. Horrek elikatzen gaitu».

Hau da lehen aldia egin dituen lan guztietatik protagonistek filma ikusi ez dutena. Orain arte, hasieran ez dute beren burua ikusi nahi izaten baina gero izar sentitzen dira: «Nire bizitza kontatzen ari dira!».

Pertsonaia bakoitzarekin lan sakona egin du zuzendariak, beren psikologiari begiratuz eta oreka bilatuz. Bere lanak balantzak dira beti. Deus ez da txarra edo ona, gaur gorrotatu eta bihar maitatu egiten dugu, gu ere, bizia bezala, kontraesanez beteta gaudelako.