Saioa Iraola

Os(ot)asuna

Osasunaren definizio zehatzaren bila jo dut ordenagailura. Google bilatzailean “osasuna” jarri eta Wikipediako sarreran egin dut klik: «Munduko Osasun Erakundeak horrela definitu zuen 1946an: ‘Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da eta ez bakarrik gaixotasun eza’». Osasuntsu egotearen esangura askotan gaixotasun ezari lotzen diogulako, eta osasuna hori baino gehiago delako.

Egun, aldiz, biomedikuntzak dauka hegemonia osoa gorputza definitzeko eta osasuntsu edo gaixorik egotea zer den zehazteko. Biomedikuntza gure jendarteko sistema mediko nagusia da. Azken mendeetan zientzia eta teknologia medikoak ahalegin berezia egin du herritarron gorputza eta osasuna ezaugarritzeko eta bereizteko. Horrela, modernitatearekin batera, botere sistema eta dominazio era bat eraiki da. Michel Foucaultek argiki definitu zuen moduan: bioboterea. Horren arabera, boterea jada ez dute gobernuek eta monarkek gauzatzen. Zientzia anitzetan garatzen doazen adituen diskurtsoen bidez gauzatzen da. Aditua eta aldi berean produktiboa den botere bat, gorputzak menperatu eta biztanleria kontrolatzeko jarrera arauak ezartzen dituena.

Horrek osasunaren ikuspegi osoa, holistikoa, alde batera uztea eragin du eta ikuspegi horrek desgaitu egin gaitu osasunari dagokion arduran. Gaur egungo jendarte egituran gaixotasunen prebentziora edota tratamenduetara mugatzen den osasun sistema hegemonikoaren aldeko apustua egiten da. Eta gure gorputzak, gure lehen lurralde direnez, ezagutzeko, zaintzeko, autogestionatzeko bidea jorratu dezagun bultzatuko nioke balantzari beste aldera.

Jaten duguna garen moduan, arnasten duguna ere bagarelako. Errautsak, pilulak, zaborrak, keak... irentsi ez gaitzaten, ni ere os(ot)asunaren aldeko martxan izango naiz maiatzaren 29an. Udaberriak ere etorkizunean loratzen jarrai dezan. •