amagoia.mujika@gaur8.info
ERASOKORRETIK ERAKARGARRIRA

Euskara zainzuriak bezain nafarra denez haien prestigioa eta izen ona merezi ditu

Euskara ez da nafar batzuena bakarrik, nahiz eta herritar batzuen begietara euskara ideia politiko jakinak dituztenen hizkuntza den, «arerioarena», eta kontra egin behar zaio horregatik. Hizkuntzak konfrontazioaren lubakitik atera behar dira aurrera egingo badute, nahiz eta beti ez den erraza izaten. Baina badaude estrategiak.

Nafarroako jendartearen parte batek euskarari begiratzeko modu bitxia dauka: hizkuntza bat ikusi beharrean, arrisku bat ikusten du, mehatxu bat. Horrek gutxi du kasualitatetik eta asko kausalitatetik, urteetan eta hamarkadetan elikatu den diskurtso baten haritik baitator. Baina, nola eman dakioke buelta ikuskera horri? Iñaki Martinez de Luna Soziolinguistika Klusterreko kidea da eta buelta asko eman dizkio kezka horri.

«Diskurtso interesatu horien atzean normalean interes politikoak egoten dira. Azken mendean euskararen defentsa nagusiki abertzaletasunetik egin denez eta horrek emaitzak eta aurrerapausoak ekarri dituenez, klabe ideologiko horietan sartzen ez direnek euskara abertzaletasunarekin identifikatzen dute. ‘Hori etsaien, arerioen, ikurra bada, guk horren kontra egin behar dugu’. Hori da ikuskera».

Martinez de Lunak garbi dauka: «Hizkuntzek badituzte politizatuak izateko arrazoiak, baina estrategia bezala horrek ondorio batzuk dakartza. Hizkuntzak era politikoan ulertzen direnean, horiekiko konfrontazioa areagotu egiten da. Horregatik defendatu behar ditugu bestelako bideak. Euskara ikur identitarioa da, baina ez bakarrik abertzaleena. Herritar guztien ikur identitarioa izan beharko luke. Zainzuriak nafarrak dira eta horregatik prestigioa eta izen ona dute. Euskara berdin-berdin. Abertzale sentitu ala ez, euskara Nafarroako ondarearen parte garrantzitsua da eta denontzako balio moduan ulertu eta zabaldu behar dugu. Denok izan behar dugu euskara aurrera ateratzeko erantzukizuna».

Euskarak irudi politizatua dauka neurri batean euskarak aurrera egin dezan motorra identitarioa izan delako. Eta eskerrak horri neurri batean. Baina horrek karga bat ere badakar, aurrera egitekotan arindu beharrekoa. «Hitzetan, proposamenetan eta ideietan erasokorrak izan beharrean erakargarriak izan behar dugu. Euskaraz ez dakienari ikusarazi behar diogu zenbat galtzen ari den euskararen mundu aberats hori ezagutu gabe».

Erresistentziaren lubakian

Egia da, baina, euskarak denbora asko eman duela erresistentziaren lubakian, eusten eta eusten. Eta maiz zaila izaten da hortik ateratzea. «Erresistentzian zaudenean, gainera, jarrera bortitza izan ohi duzu. Eraso egin dizutela sentitzen duzu eta erantzun egiten duzu. Hori oso ulergarria da, baina ez da estrategiarik egokiena. Hausnartu eta pentsatu egin behar da: nola erantzun erasoei modu inteligente eta patxadatsu batean eta konfrontazioa elikatu gabe? Hor dago gakoa», iritzi dio Martinez de Lunak.

Badirudi, beraz, politikan modan jarri diren haize eta modu berriak euskararen defentsara ere ekarri behar direla. «Hala ere, nik uste dut Nafarroan bi mundu daudela, bata bestetik aparte: hedabideetan eta politikoen ahotan konfrontazioa sumatzen da, baina, gizartean, ez hainbeste. Gizarteak askoz modu lasaiagoan eta irekiagoan kudeatzen du hizkuntzen arteko elkarbizitza. Gizarteak ez du gatazka maite. Askotan konformismoagatik eta ez hainbeste konbentzimenduagatik, baina jendeak lasai bizi nahi du. Euskara bai, baina agresibitaterik gabe, inposatu gabe...».

Nafarroan euskararen kontrako erasoak askotarikoak eta denboran jarraituak izan dira azken hamarkadotan. Baina, erasoak eraso, euskarak bidea egin du soziolinguistikoki, «gizarteari esker», dio garbi Martinez de Lunak. «Gizartean ez da zaila hizkuntzen aldeko mezua zabaltzea, baina interferentzia eta ika-mika politikoa hor dago. Eta horrek eragin negatiboa dauka. Baina horretarako daude bestelako sareak, harremanak, egiturak, erakundeak, elkarteak... Maila horretan lan egitea oso garrantzitsua da eta Nafarroan lan asko egin da», nabarmendu du.

Hizkuntza aniztasuna eta bereziki hizkuntza txikiak zaintzeko tresnak badaude. Horietako bat da hizkuntza ekologia, Einar Haugen hizkuntzalari estatubatuarrak 1972. urte inguruan mahai gainean jarri zuena eta Europa mailan indartsu dabilena. Haugenek abisu eman zuen munduko hizkuntzen galera izugarria gertatuko zela gauzak aldatzen ez baziren. Eta asmatu egin zuen: egun munduan 6.500 hizkuntza inguru hitz egiten dira, baina erdia baino gehiago galtzeko bidean daude.

Hizkuntza-ekologiak galdera garrantzitsu bat proposatzen du: nola da posible naturarekin hain kezkatuta dagoen jendartea hain axolagabea –eta, batzuetan, krudela– izatea berak sortu dituen hizkuntzekin? Izan ere, hizkuntzak ez dira berez jaio, bizi eta hiltzen. Inguratzen dituen ekosistemak huts egiten dielako desagertzen dira hizkuntzak eta ekosistema hori hiztunen komunitateak osatzen du.

Hizkuntza-ekologiak hizkuntzen artean sortzen diren talkak ere zaintzen ditu, maiz hizkuntza boteretsuak hizkuntza txikiagoa zapaltzen baitu, horrek dakartzan kalteekin. Hartara, aipatutako paradigmak hizkuntzen arteko harreman ekologikoak defendatzen ditu.

Konfrontaziotik urrundu

Eta hizkuntzen arteko berdintasuna ere defendatzen du. Baina ez du esaten denak berdin tratatu behar direnik, alderantziz, egoera desberdinetan dauden hizkuntzak berdin tratatzea gertuago baitago injustiziatik. Hizkuntza-ekologiaren arabera, egoera desorekatua den kasuetan neurriak hartu behar dira hizkuntzek aukera berdinak izan ditzaten. Euskal Herrian entzuten diren diskurtsoak eta ikusten diren jarrerak hizkuntza-ekologiatik urrun samar izaten dira askotan. Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangaren hitzetan, «konfrontaziotik gertuago gaude eta oso normala iruditzen zait, honainoko bidea oso gogorra izan delako, eta ez gure herrian bakarrik. Gaur egungo hizkuntzen egoera ez da berez etorri den zerbait, hizkuntza handietako komunitateek egindako ibilbide historiko baten ondorioa da, zapalkuntzaren ondorioa. Hori ukaezina da eta zaila da hori sufritu duenak bere hizkuntza konfrontazio horretatik aparte ikustea».

Segur aski etorkizunari begira paradigma berrien gainean ibiltzen hasi beharra dago, hizkuntza aniztasuna benetako errealitate bihurtzen ari da eta.

Akaso hizkuntza-ekologiaren argudioek ez dute txispa nahikorik izango jendartea euskararen alde pizteko, baina euskararekiko kontrakotasuna pixka bat itzaltzeko balio baldin badute, ez da gutxi. Euskara zainzuriak bezain nafarra denez, haien prestigioa eta izen ona merezi dituelako.