Nagore Belastegi Martin
infraganti

IRENE PAREDES

Futbol Liga irabazi berri du Irenek Athleticeko taldekideekin batera. Bere ametsa zen hori lortzea eta pixkanaka joan da gerturatzen, azkenean garaikurra esku artean izan arte. Txikitatik izan da oso kirolaria eta inor ez zen harritu Legazpin Lehen Mailan jokatzen hasi behar zen berria herrian zabaldu zenean. Betiko Irene izaten jarraitzen du.

Ilehoria, altua eta irribarretsua da Irene Paredes. Beti izan da horrelakoa. Haurra zenetik ez da asko aldatu. Txikitan kirola egiten zuen. Bere esanetan, familian oso errotuta dagoen ohitura da eta horregatik beti ibili izan da korrikan, mendian, bizikletan... Judo eskolak ere jaso zituen eta ondoren atletismoarekin hasi zen. Futbolarekin betidanik izan du lotura estua. «Oroimena dudanetik baloi batekin ibili izan naiz», aitortu zigun. Horregatik, agian, Legazpin futboleko Lehen Mailan jokatzera zihoan neska bat zegoen zurrumurrua zabaldu zenean inor ez zen harritu neska hura Irene Paredes zela jakitean.

24 urte ditu orain, 25 egingo ditu uztaila hasieran, eta bere ametsa bete berri du: Liga irabaztea. Taldekide guztiak bezala azpi-azpitik hasi zen, herriz herri guztia eman eta kamiseta izerdiz blaitzen, unean-unean janzten zituen koloreak sutsuki defendatzen. Ilintxa Legazpiko taldean hasi zen, eta, ondoren, denboraldi bat eman zuen Urretxu-Zumarragako Urolan, biak ala biak Ohorezko Erregional mailakoak. Bertatik orduan Hirugarren Mailan zegoen Zarautzek fitxatu zuen. Laster Realak bere abilezian erreparatu eta Donostiako taldean jokatzen hasteko proposamena egin zion. Honakoa sekulako pausoa izan zen berarentzat. «Sufritu egin nuen, baina azkenean ohitu egin nintzen. Zailena atletismoa utzi behar izatea izan zen, une horretan oso ondo nenbilelako. Baina pentsatu nuen atletismoa beti hor egongo zela eta Realak deitzea ez dela beti gertatzen», aipatu zuen futbolariak.

2008tik 2011ra egon zen Zubietan, Lezamatik deia jaso zuen arte. «Ni beti realzalea izan naiz –aitortu zuen–, baina Athleticek deitu zidanean Realarekin zazpigarren-zortzigarren postuan ibiltzen ginen. Athletic lehenengo, bigarren, hirugarren... zebilen. Futbolari bezala, nire ametsa izan da gorenera iristea, eta, ahal bada, tituluren bat irabaztea. Zaila izan zen baina hori erabaki nuen». Eta horrela, hurrengo denboraldian zuri-gorriz jantzi zen.

Pixkanaka bere lekua egin zuen taldean, defentsa moduan jokatzen. Baina tituluak ez ziren iristen! «Ni Athleticera horretara etorri nintzen, eta iritsi nintzenetik dena porrotak ziren: Liga galdu, Kopa galdu…», baina azkenean iritsi da, «iritsi da behingoz hainbeste desio nuen titulua», bota zuen.

Baina ez zuten gabarrarik atera. Gaiaren inguruan eztabaida sortze hutsa pauso baikorra den arren, oraindik bide handia dago berdintasuna lortzeko, eta kirola ez da salbuespena. Futbolean ere neskak bigarren mailan egon behar. Kontuak kontu, Liga irabazi zuten eta ederki ospatu zuten, gabarrarik gabe izan bazen ere. «Harrera izugarria egin ziguten. Esan zutenez 10.000 pertsona inguru gerturatu ziren, zaila da jakitea, baina sekulakoa izan zen. Jende pila bat joan zen! Amets bat bezalakoa izan zen. Hainbat Liga irabazitako kideak baditugu taldean eta esaten zidaten kristoren jaia izango zela, baina ez nuen espero hainbesterako izatea», aipatu zuen pozez gainezka.

Gabarraren aferari buruz esan zuen jendeak eskatu egin zuela baina klubak erabaki zuela ez ateratzea. «Mutilek Superkopa irabazi zutenean bezala ospatuko genuela esan ziguten, eta, beno, guri, egia esan, benetan inporta zitzaiguna Liga irabaztea zen. Guk bagenekien ospatu egingo genuela, berdin zitzaigun nola. Eta klubak autobusa proposatu zuenez, ba autobusa… eta, ezer egongo ez balitz, ba ezer. Jendearekin beste modu batera ospatuko genuke», esan zuen baikor.

Neskek oraindik eskuratu ez duten beste eskubide bat Bilbon jokatzea da, San Mamesen. Noizean behin joaten dira, partidu bereziak direnean, baina normalean Lezaman aritzen dira. «Gustatuko litzaiguke San Mamesen jokatzea baina badakigu zaila dela horrelako estadio bat betetzea. Lezamara jende dezente etortzen da; 1.000 pertsona inguru. Aurten bospasei partidutan bete da zelaia (1.500 pertsonentzako edukiera du). Baina San Mamesera joatea eta 2.000 pertsona bakarrik etortzea...», komentatu zuen horrelako instalazio bat zabaltzeak kostu handia suposatzen duela iradokiz.

Athleticek zale pila bat ditu, baina neskek ez dituzte hainbeste jarraitzaile izaten nahiz eta maila gorenean egon. Ireneren ustez kontuan hartu beharreko hainbat faktore badaude. Lehena, honakoa: «nesken partidak gehiago promozionatu behar dira jende gehiagok ikusteko». Nork egin behar du lan hori? Klubak berak, baina baita komunikabideek ere. «Prentsan eta telebistan ez gara asko ateratzen eta jendeak ez daki zer egiten dugun ere. Aurten bai, ondo ibili eta gehiago agertu gara komunikabideetan, eta, hala, jendeak gehiago jarraitu gaitu eta gehiago etorri da zelaira. Denboraldi kaskar bat eginez gero, aldiz, jendeak ez daki ezta sailkapenean non gauden», azaldu zuen.

Egoera horrek «amorrua eta pena» sortuagatik, egunero borrokatzen dira lehoi emeak horrelako gauzak pixkanaka aldatzen joateko, berez «gizartearen beraren arazoa» delako, ez bakarrik futbolariena. Eta pixkanaka emakumezko futbolariei egindako gorazarreak ere hasi dira heltzen. Iaz Legazpiko zazpiko futbol txapelketan ohorezko sakea egin zuen, txalo artean. Urteetan bertan jokatu izan du eta bere lagun taldearekin txapelketa irabazi ere egin zuen. Baina profesionala izatera pasatu zenetik, harmailetatik ikusi izan ditu partiduak. Iaz ere Udalak harrera egin zion. «Denoi gustatzen zaizkigu honelako gauzak, baina, egia esan, niri berdin dit. Nik egiten dudanarekin disfrutatzen dut, eta herrira joatean pertsona normala bezala hartzea gustatzen zait», esan zuen.

Nahiz eta betiko Irene izaten jarraitu, orain jendeak partidei buruz galdetzen dio, eta zer egiten duen jarraitzen du. Eta hori berarentzat primerakoa da. Hori bai, neska futbolariak gizartean lekua egiten hasi besterik ez diren bitartean, mutilak benetako izarrak dira. Hala, gauzek aurrera egiten duten bitartean, neska gehienek, nahiz eta dedikazioz profesionalak izan, beste ogibide bat ere badute, ez dutelako soldata astronomikorik jasotzen. «Badago jendea futbolera dedikatzen dena, baina epe labur batez. Bizitzeko ematen du, baina futbolarekin amaitzean ez daukazu ezer. Horregatik, gehienok ikasi edo lan egiten dugu goizetan», azaldu zigun.

Irenek goizetan lan egiten du, eta, arratsaldetan, entrenatu. Elkarrizketa egin genuenean, gainera, ikastaro bat egiten ari zen eguerditan. Berarekin hitz egiteko tarte bat ateratzea kostatu zitzaigun. «Nik Soin Hezkuntza ikasi nuen, gero master bat egin nuen eta orain Lezaman nabil Bizkaiko klubekin harremanak kudeatzen. Gurekin teknifikazio modura entrenatzera etortzen diren nesken kontrola eramaten dut. Talde batzuen entrenamenduetan laguntzeko eskatzen didate batzuetan, eta hitzaldiak ere ematen ditut», esan zuen.

Pozik dago Irene orain arte lortutakoarekin. Euskal Selekzioan zein Espainiakoan jokatu izan du eta horrek beste herri batzuk ezagutzeko aukera eman dio. «Ikaragarria da ikustea zein maila dagoen beste liga batzuetan». Futbola gustatzen zaion edonork nahiko luke horrelako esperientzia bat bizitzea.•