Ibai Gandiaga Perez de Albeniz
Arkitektoa

Arkitekturan, euskaraz?

Arkitekto euskaldunak betidanik egon badira ere hala nola Pedro Manuel Ugartemendia andoaindarra, euskaraz ikasitako arkitektook orain dela gutxi hasi dugu lan munduan ibilbidea. Esan ohi denez, arkitekto batek 60 urte izan arte ez du bikaintasuna topatzen, erritmo geldoak darabilen diziplina baten menpeko gatibu. Horren arabera, pentsatu beharko genuke euskaraz ekoitzitako maisulanak lehenago edo beranduago etorriko direla. Alta, ingurura begiratuta, euskaraz egindako proiekturik ez da (ia) ageri, eta horiek garatzeko tresnak ere, urrun daude.

Arkitektura eta hirigintzaren lan munduan euskararen inguruan hausnartzeko bildu ginen, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Eibarren antolatutako udako ikastaroan, euskaraz ikasi eta lan egiten dugun hainbat profesional. Bertaratu ginenon artean, profesional liberalak, udal arkitektoak, Arkitektoen Elkargoko ordezkariak, unibertsitateko irakasleak, ikasleak eta linguistak zeuden. Ondorioak ondorio, gauza bat argi gelditu zen Eibarreko bilera horretan: euskaraz lan egiteko gogoak egon badaudela, eta gauzak bere horretan lagaz gero, ezingo dugula gurari hori bete.

Hau honela izanik, komeni da argitzea arkitektura eta hirigintzaren ondorioa eta «gorpuzketa» eraikinak eta gure herrietako plangintzak badira ere, proiektu horiek gauzatze aldera makina bat dokumentu bete behar direla: araudiak justifikatu, helegiteak idatzi, legeak kontsultatu, aurrekontuak idatzi... Lan hori, benetan estimagarriak diren hainbat salbuespen salbu, gaztelania peto-petoan egiten da. Hainbat arrazoi bilatu badaitezke ere, egia borobila hau dela deritzot: bai bete beharreko araudia (halabeharrez bete beharreko Eraikingintzaren Kode Teknikotik hasita) bai justifikatu beharreko legedia ere (Lurzoru Legea, eta abar) gaztelaniaz erabiltzen dira, zenbait kasutan itzulpenak falta direlako, eta besteetan itzulpenekin arriskurik ez hartzea hobe delako.

Ikastaroan hitz egindakoari so eginez, udalak gaiaz kezkatzen hasiak direla ikusi zen, beren txikitasunean euskararen normalizazioaren alde arituz. Hiri Antolamenduko Plan Orokor bat (HAPO) kontratatzeko baldintza agiria idazten ari zirela, herri bateko udalak pentsatu zuen HAPOa herritarrek onartu beharreko dokumentua zela eta, hortaz, prozesuan parte hartu beharreko arkitekto, abokatu zein ingeniariak euskaraz komunikatzeko gai izan behar zirela. Baldintza agirian argi laga zuten taldeek, ezagutza esparru bakoitzean (hau da, hirigintzan, juridikoan, eta abar) gutxienez pertsona bat behar zutela euskaraz komunikatzeko kapaza.

Asmo on horiek gaur egungo errealitatearekin egiten zuten talka (antza, talde bakar batek justifikatu ahal izan zuen euskararen ezagutza maila). Horrek ez du esan nahi, ordea, aurrerapausorik eman ezin denik, dogmetatik eta aurreiritzietatik at. Euskara arlo profesionalean ahula dela argi badago ere, ahulezia horrek indargune bat dakar: dena dago egiteke. Arkitektura proiektu batek Estatu espainoleko ohitura txarrak hartzen baditu, gure erantzuna ohitura txar horiek arteztea izan daiteke.

Adibide bat; hirigintzaren munduan lan egiten duten arkitektoen etengabeko kexu bat euskarazko itzulpenen gastua izan ohi da. Administrazioari entregatu beharreko dokumentuak ele bitan izan behar direnez, hirigintza taldeek gaztelaniaz idatzi ohi dute dokumentua, eta itzultzaile bati eman itzultzeko. Honek testuaren luzeraren arabera kobratuko du, eta badaude kasuak non itzultzaileek arkitektoak berak bezainbeste irabazi duten.

Horren aurrean, norena da errua? Proiektua gaztelaniaz burutzen duenarena? Administrazioarena, ele bitan eskatzen duelako? Akaso dokumentuarena berarena, inongo garrantzirik ez duen testu betegarriz apaindu dutelako, itzulpenaren luzera eta gastua handituz? •