Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Ez da... Ez!

Lema edo kontsigna gisa ari da zabaltzen herriko jaietan barna, batez ere. Alemaniako Parlamentuak sexu askatasunaren arau-haustea finkatzeko muga gisa erabili berri du kontzeptua. Esaldiaren aplikazio ezagunena, akaso, sexu eraso eta jarrera matxisten esparrutik iritsi zaigu. Azken batean, ordea, harremanen eremuko edozein arlotan erabilgarria litzateke, eta desiragarria, gainera, haren hedapena. Hartu-emanak botere harreman bihurtzeko arriskua duenean, erasoa fisikoa ez izan arren hitzezkoa, jarrerazkoa edo beste era batekoa bada ere, gertatu aurretik EZ bat badago, agian zenbait eraso ekidin daitezke.

Alde askotatik begira diezaiokegu esaera horri, dudarik gabe. Hitzak esanahia eta kolorea galtzen ari diren garai honetan, hitz-erdirik onartu beharko ez lukeen esaldi biribila da. Izan ere, EZ ez da pixka bat, ez dakit, igual... EZ, ez da.

Hala ere, esaldiak funtziona dezan, EZ esaten duenak eta EZ entzuten duenak ezetzaren balioaz, hitzaren balioaz, alegia, jakitun izan beharko dute.

Zenbat denbora eskaini ote diogu, baina, haurrei, gazteei –edo zergatik ez, geure buruari– ezetzaren, ezetz hitzaren, balioa erakusteari? Noraino ote dugu barneratuta, denok ere, galderek bi erantzun dituztela: bai ala ez. Eta besteak ezetz esaten digunean, nahi ez duelako esan digula, iritsi garen lekura soilik iritsi nahi duela. Gure nahi handiena izanagatik, besteak ez duela nahi. Kito. Besteak muga ipini digu, ez dago zer egin.

Era berean, zenbatetan izan ote dugu umeei ezetz esateko beldurra? Hori egin dugun bakoitzean, neska-mutilei ezezko txiki horiek entzutea ukatu diegun bakoitzean, beste egoera batzuetan entzungo eta aurkituko dituzten ezezkoak kokatzeko eta kudeatzeko aukera galarazi diegu.

Gehienetan, jokaera horiek on beharrez egiten ditugu, noski. Ez dugu nahi gure haur eta gazteek sufri dezaten, eta horrela, oharkabean, gehiegizko babesa ematen diegu, ahantziz egoera zailak ere aukerak direla bizitzan oso baliagarriak gertatuko zaizkien estrategiak garatzeko. Aukera baliotsuenak, zenbaitetan.

Konfiantza izan behar dugu neska-mutilengan, gaitasun handia dute indartsu egiteko, berezkoa dute, beraiekin dakarte, eta guk, gehiegi babesten ditugun aldiro, indartsu bilakatzeko aukerak murrizten dizkiegu.

Beste alde batetik ere begiratu beharko genioke ezezkoari. Hezitzaileok, familiek eta jendarteak (eskolak, etxeak eta kaleak) eskain diezaiekegun ikaspenik aberatsena bere burua babesteko bideak eskaintzea da, ezbairik gabe. Beren burua babesteko tresnak eta estrategiak eskaintzea lortuko bagenu, egin dezakegun lanik ederrena egiten arituko ginateke: biziraupenerako bitartekoak beren esku jartzea.

Ez ahaztu, bestalde, maitasunetik ere esan dezakegula ezetz. Maitasun keinua izan baitaiteke ezetz esaten irakastea eta ezetz entzuten irakastea.

EZ entzutera ohitu gabeko jendartea sortzeko arriskuan gaude. Jende askorentzat egoera arrotza, ezohikoa, suerta daiteke bere burua ezezko baten aurrean aurkitzea. Baliteke EZ hitzaren esanahia ez ulertzea, ez dagoelako ohituta entzutera eta ez dakielako erantzun horren aurrean nola jokatu. Horren ondorioz, egoera ezezagunean aurkitzen dira, tresna eta bitartekorik gabe egoerak sortu dien frustrazioa nola kudeatu jakin ezinik, ez baitute aukerarik izan esperimentatzeko. Beren nahiari, apika, sekula ez dietelako mugarik jarri.

Interesgarria litzateke EZ hitza gainkarga negatibo eta ilunaz biluzten saiatzea, hitza desdramatizatzea, aukera gisa onartzea. Hugo Filkelstein psikologo eta idazle argentinarrak bide hori egiten hasteko giltza eder bat eskaini zigun bere poema batean: «EZ hori ez da iraganaren ukazioa: etorkizunari eginiko zuzenketa da/ eta ezetz esaten dakienak soilik esan dezake BAI».

BAI esan edo EZ esan, eman baimena zeure buruari esan beharrekoa esateko. Gozatu udaz! •