Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

GURE EROAN PIXKA BAT AGINTZEN DIGUN BAKARRA

Bustitzea libre. «Hoztu egingo zara» aspergarri hori entzun beharrik gabe. Eserita egotea libre, buruari «hau eta bestea egin behar dut» pentsatzeko baimenik eman gabe. Edonon etzatea libre, gorputzak eskatu orduan eta eskatu lekuan; zapla! Itzala sortzea libre. Jaietako herri bazkarian ez dago «solysombra»-rik. Baina asmatuko dute nola freskatu, irudimenez. Eta ez dituzte berehalakoan ahaztuko aurtengo jaiak.

Bero sargoriak harrapatu gaitu asteon. Bero sapa eta itsaskorra. Sua. Eta derrigorrean aldarazi du gure pausoa. Teilatua konpontzen ari diren langileak etxera joan dira. Errepidean ari direnek bertan segitu dute, baina etxean behar zutela pentsatu dugu autoko aire egokituaren freskuratik begiratu diegunean. Beroak agindu digu pausoa makaltzeko, lasai egoteko itzaletan eta freskuran, ez edukitzeko inorako presarik. Beroa pasatzen uzteko, denbora pasatzen uztearen inongo pisurik gabe. Beroak eutsi digu pausoa, batzuetan negu partean elurrak eusten digun moduan. Izan ere, oraindik eguraldia da gure eroan pixka bat agintzen digun bakarra.

Argazkiak: Jagoba Manterola/ Juan Carlos Ruiz/ Jon Urbe/ ARGAZKI PRESS