Iñaki Altuna

Lasai, uda da, ez da aparteko ezer gertatuko

Garai batean, uda sasoian, kazetari beteranoek mezu lasaigarria uzten ziguten erredakzioan geratzen ginen gaztetxoei: «Lasai, uda da, ez duzue aparteko ezer izango». Ezin jakin hitz hauek bihotz onez gazteak lasaitzeko edo, erredakzioan hain ohikoa zen moduan, adarra jotzeko bota ohi zituzten, baina ez zuten errealitatearekin zerikusirik, azken orduko albisteek lantaldea estu-estu harrapatzen baitzuten urtero-urtero.

Garai hartatik hona albisteen ordutegia asko lasaitu da; nonbait, bulego ordutegia nagusitu da honetan ere. Beste garai batekoa da EGINeko errotatibatik, gauerdiaren bueltan, egunkari banaketako Rojo izeneko txofer bat Hernaniko erdigunera joaten zenekoa, tabernaz taberna kazetari bila, tailerreko telefonoan azken orduko berri bat jaso zela abisatzeko. Ez zegoen orduan mugikorrik, gerora “busca” sistema martxan jarri bazen ere, duela urte batzuk hil zen Rojo txofer-kazetariak abisua pasatu ahal zezan, kalean gora eta behera ibili beharrik gabe. Garagardo batzuk geratu ziren erdi edanda kazetariek ziztu bizian atera behar zutelako, errotatiba gelditu eta egunkaria berritzera.

Halaxe da, garai haiek joan ziren, nahiz eta azken astean GARAko “zierre”-ak orduko usaina hartu duen, Nizako erasoak eta Turkiako estatu kolpeak dena hankaz gora jarri dutenean. Pil-pilean dugu gaurkotasuna, eta aspaldiko eta eskarmentuzko kazetari haiek berriro ere adarra jotzera bueltatu direla sumatu dugu: «Lasai, uda da, ez duzue aparteko ezer izango».

Uda pasatuta, gainera, EAEko hauteskundeak izango dira, eta hori ere bazterrak astintzen ari da, albiste ikusgarriak eta guzti. Pili Zabala Podemosen lehendakarigaia izan daitekeela iragarri izanak soka luzea ekarri du. Irakurketa asko eta askotarikoak egin daitezke. Barne-mailan, adibidez, Podemosek bizi duen liskarra dugu, sektoreen arteko lehia nahiko gordina baita. Halere, barne-tirabira horiek ez diete hautetsontzietan ondorio txarrik ekarri. Udal eta foru hauteskundeetan, esaterako, sekulako emaitzak lortu zituzten, Uriarteren zuzendaritza osoak dimisioa aurkeztu berri zuela.

Mapa politikoan eta Legebiltzarrean izango duen eragina da, beraz, benetan aztertu beharrekoa, eta horretan eragitera dator Zabala aurkeztu nahi izatea. Primarioak irabazi beharko ditu lehenik, baina jada, ezker-eskuin, hautagaitza honen esanahia interpretatzen hasiak gara. Erkorekaren aburuz, ezker abertzalearen ingurumarian mugitu ahal diren sektoreak erakarri nahi dituzte.

Ikuspuntu zabalagoa eman ahal zaio gaiari. Hau da, Aieteko Konferentziak eta ETAk borroka armatua uzteko hartutako erabakiak egoera erabat aldatu ostean Estatuak nagusi bilakatu nahi izan duen kontakizunak (gaizkile talde bat edonor akabatzen, inongo gatazka politikorik gabe) ez duela batere sinesgarritasunik dakusagu. Podemosek ez zuen, ez, Meliton Manzanasen senide bat zerrendaburu jarriko, kontua gordin-gordin azalduta.

Erkorekaren hitzek esan nahi dutenari ere erreparatu behar zaio, ordea. EH Bilduk zailtasun handiak ditu hauteskunde ziklo honetan, hain zuzen, bozketokin amaituko den ziklo honetan. Aurrekoan, 2011ko gertaerekin sortutako giroari esker, sekulako emaitzak lortu zituen, oso denbora gutxian eta aurreikuspenetik goiti. Estrategia aldaketan protagonismo handia izan zuen pertsona batek ahapeka esan ohi zuenez, «azkarregi iritsi gara».

Prozesu politikoak izandako blokeoak eta ezkerreko independentismoak egindako akatsek oraingo hauteskunde zikloari modu kaskarrean ekitea ekarri zuten. Ekaineko hauteskundeek, hain txarrak izan ziren abendukoak baino kaskarragoak izanik, egoeraren zailtasuna azalarazi zuten argi eta garbi. Otegi kartzelatik irten izanak eta ezker abertzaleak hasitako birsortzeak ez dituzte hautesleen artean behar adinako ondorioak izan. EH Bilduren, Otegiren eta sortzen ari diren ekipoen eginbeharra da, orain, azken round honetan, gutxieneko oinarria uztea hurrengo urteotan prozesu politikoa (burujabetza prozesua eta gatazkaren konponbidea) berrartu ahal izateko. •