Koldo Sagasti

Sionismoaren garroak Kanpezun

Pasa den ekainaren 7an Kanpezuko (Araba) Udalbatzak aho batez onartu zuen herriak nazioarteko BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpainari atxikitzeko mozioa. Ebazpenak Israelgo apartheid erregimenarekiko balizko harreman guztiak eteteko galdegiten zion Udalari, harik eta kanpainak ezartzen dituen giza eskubideekiko begirunezko gutxieneko aldarrikapenak betetzen diren arte.

Mendialdekoa ez da, baina, Euskal Herrian gisa horretako mozioa onartzen duen lehenengo udalerria. Alta, aurrekoetan ez bezala, arabarrek ACOM (Ekialde Ertainerako Komunikazioa eta Ekintza) izeneko erakundearen jakinarazpena jaso zuten handik astebetera, udalbatzako aktak eman ziezazkietela eskatzeko. Egun batzuk geroago eskaera auzi-errekurtso bilakatu zen.

Ez dago jakiterik delako elkarte horren atzean nor dagoen, ez eledunik edo kokapen fisikorik ote duten ere, bakarrik webgune bat dutela eta bertan azaldutako asmo sendo bat: espainiar Estatuan Israelekiko harremanak sustatzea eta estatu hebrearraren irudia normalizatzea.

Kanpezuko Udalekoek ezin izan dute jakin nork izenpetzen duen jasotako salaketa, baina bai espainiar Estatu osoan antzeko mozioak onartu dituzten erakundeen aurka jarritako helegiteen atzean erakunde berbera dagoela. Israelen aldeko presio taldeek txoko ezkutueneko elkartasun adierazpenei erasotzeko duten gaitasunak agerian uzten du gure gizartean duten esku-hartzea, batetik; baina baita haien ahulezia ere. Izan ere, udal txiki batean onartutako mozioa atzera botatzeko horrenbeste baliabide legal eta ekonomiko bideratu behar badute, arrazoibidearen borroka galduta dutelako izango da.

Kanpezuko dema, oraingoz, galdu egin da. Udalak atzera egin du, tamaina horretako auzi-errekurtso batean sartzeak herriari ekar liezaiokeen galera ekonomikoaren beldurrez. Baina Israelgo lobbyaren aparatu juridiko guztiek ezingo diote luzaroan aurre egin goraka doan elkartasun olatu honi. •