Jose Angel Oria
IKUSMIRA

ZENBAT HEGOSUDANDAR IRITSIKO DIRA EUROPAKO HIRIETARA?

Isaac KASAMANI | AFP
Isaac KASAMANI | AFP

Hego Sudan munduko estaturik gazteena da, baina independentzia lortu zuenetik ez du egonkortasunik ezagutu. Borrokak dira nagusi, eta bi aldeek su-etena egitea adosten dutenean ere, herritarrek badakite ez dela fidatzekoa izaten. Iazko abuztuan adostu zuten horietako bat, baina oraindik bete ezinik dabiltza. Ondorioz, gerra lehertu zen berriz uztailaren hasieran Juba hiriburuan, bestela ere oso egoera negargarria bizi zuen hirian. Argazkian ageri diren horiek gerra atzean utzi nahian oinez abiatu zirenetako batzuk dira. Zorionekoak direla esan daiteke, muga zeharkatzea lortu baitzuten, nahiz eta hemendik aurrera zer gertatuko zaien ez dakiten. Ugandara sartu nahi zuten beste 20.000 lagunek bidea itxita aurkitu zuten. Soldaduek, aurrera egitea oztopatzeaz gain, kasu askotan lapurreta ere egiten diete. Infernutik alde egin nahian, infernu itxurako beste leku batera iritsi dira, «zerua» omen den Europarako bidean.