Jose Manuel CASTILLO

HEZKUNTZAN PANTAILEK LIBURUEI LEKUKOA HAR DIEZAIETEN PREST OTE GAUDE?

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) gero eta presenteago daude hezkuntzan. Pedagogikoki eta irakaskuntza prozesuan baliagarri bihurtzean datza gakoa. Erronka horiez aritu dira Udako Euskal Unibertsitatean, Iratxe Esnaolaren eskutik.

Natibo digitalen garaian bizi omen gara, egungo gazte gehienek Lehen Hezkuntza amaitu baino lehen smartphone bat dute poltsikoan eta ordenagailuko softwarea goitik behera menderatzen dute. Horregatik, gero eta ohikoagoa da edozein ikastetxetako ikasgela batean sartu eta ikasleak liburuen ordez ordenagailu eramangarriak erabiltzen ikustea. Are gehiago, teknologia berrien erabilera onartzen ez duen hezkuntza jada “zaharkitutzat” jotzen da eta eskola zein unibertsitate guztiek egiten dute euren ikasleei punta-puntako teknologiak eskaintzeko apustua. IKT deritzen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hezkuntzan txertatu eta orain arte ezagutzen zen irakaskuntza ereduan iraultza eragin dute; edukiak partekatu, apunteak on line bidali, liburuak aurkezpen digitalengatik ordezkatu eta oraindik sartzeko dauden berrikuntzak. Argi dago, paperezko liburuak ikasgeletan zuen tokia galdu du.

Gauzak horrela, Udako Euskal Unibertsitateak “Gaitasun Digitala Irakasleentzat eta Ikasleentzat” ikastaroa antolatu du. Horren baitan, Iratxe Esnaola informatika-ingeniari eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak –eta GAUR8ko kolaboratzaileak–, “I(ra)kasteko Ingurune Birtualak eta Irakasleria: erabilera eta sinesmenak” hitzaldia eskaini du. Miramar jauregian izandako jardunaldi horietara dozenaka irakasle hurbildu da, gaiak egungo hezkuntzan duen oihartzunaren isla. Ikusle soil, kazetari eta ikasle bakan batzuen artean adin eta arlo guztietako irakasleak batu dira; unibertsitatekoak, Lehen Hezkuntzakoak eta ordezkatze lanak egiten dituztenak.

Esnaolaren aurkezpen soilak argi uzten du teknologia berriek hezkuntzan duten eragina aztertu duen irakasle baten aurrean gaudela. Hezkuntzan doktorea, tesia Moodle plataforma digitalak irakasle eta ikasleengan duen eragin eta erabileraren inguruan egin zuen. Josi Sierra Orrantia, jardunaldien zuzendaria, izan du irakasle zarauztarraren aurkezpena egiteko ardura. Lehen hausnarketa zorrotzekin entzuleak gaian murgilduz joan da. «Oso kritika gutxi egiten diegu erabiltzen ditugun tresna teknologikoei. Adibidez, denok erabiltzen ditugu Gmail edo Google Drive, zeregin berbererako beste tresna berdintsu batzuk badaudenean», ohartarazi du Esnaolak, eta horregatik aitortu du berak ez duela ez Twitterreko ez Facebookeko konturik. Ideia honi jarraiki garbi dauka ikasleei teknologien erabilera kritiko eta zentzuzkoa irakats diezaieketen bakarrak gurasoak eta, batez ere, irakasleak direla: «Ikaslearen irteera-profila izan duen irakaslearen ispilua da. Edo bestela esanda, nolako hezkuntza-eredua halako ikasle profila».

Bertaratutakoen hausnarketa eragin duen hurrengo gogoeta irakasleek ikaste prozesuan duten gehiegizko protagonismoari buruzkoa izan da. «Irakaslearen esku utzi behar al da edukiak sortzeko aukera?», bota du galdera. Egun, eskuragarri ditugun on line plataformek ahalbidetzen dute irakasleek bitartekoa eskaini eta ikasleak beraiek izatea edukiak sortzen dituztenak. Hori bai, hori egin ahal izateko irakasleak bere ohiko rol nagusia galtzeko prest egon behar du. Esnaolaren esanetan, teknologia berrien erabilera ez da mugatu behar horien ezagutzara, baizik eta horien bitartez konpetentziak garatu behar dira. Bestela esanda, ikasleak ez du informatika konpetentzia ona izatera soilik mugatu behar eta tresna horiek modu pedagogikoan erabili behar ditu. «Irakasle guztiak hezitzaileak dira, eta horien funtzioa ez da bakarrik ikas arloa irakastea, ikas arloen bidez ikaslea bizitzaren eremu guztietan modu egokian prestatzea baizik», nabarmendu du Esnaolak.

Irakasleen hausnarketak

Aurreneko ideiak aurkeztu ondoren, bertaratutakoei lantalde txikietan honako galdera honen gainean gogoeta egiteko eskatu die: «Zein faktorek eragiten dute irakasle batek tresna informatiko bat erabiltzea edo ez. Eta nola erabili erabakitzerakoan?»

Bi arrazoi nagusi agertu dira klasean tresna teknologiko bat erabili ala ez erabakitzerakoan; tresnaren erraztasuna eta erabilgarritasuna. Bertaratutako irakasleek ikasleak tresna teknologikoak erabiltzera bultzatzeko horiek errazak izan behar dutela argudiatu dute. Izan ere, klaseak emateko duten denbora mugatua da eta ezin dute tresnaren arazo teknikoez arduratzen denbora gehiegi galdu. Horregatik, eskolak teknologia berrietara moldatzekotan, teknikari gehiagoren laguntza eskatzen dute irakasleek.

Ahots gazteago batzuek eta ikasle garaia hain urrun ez dutenek bestelako arrazoiak ere aipatu dituzte irakasleek tresna informatikoei uko egin eta metodo tradizionalaren alde egiteko. «Irakasleak plataforma digitaletara apunte guztiak igotzen baditu, ikasleak lan hori aurreztu eta jada klasean ez du zertan adi egon», azaldu dute. Horregatik, irakasleek askotan nahiago dute ikasleak beraiek izatea apunteak sortzen dituztenak, baina on line partekatu gabe, inork ez dezan lan egin gabe abantailarik atera. Horretaz gain, askok nabarmendu dute 40 ikasleko gela batean eta denek ordenagailu eramangarria aurrean dutela, arreta galtzea askoz ere errazagoa dela.

Bestetik, zentro guztiek tresna ezberdinak erabiltzen dituztenez, irakasleek ikastetxe bakoitzeko plataformak eta lan moduak ezagutu behar dituzte. Ordezkoentzat arazo ohikoa da hori eta erakundeek hezkuntzan erabiltzen diren tresna informatikoak bateratu beharko lituzketela uste dute. Arazo hau izanik, azpiegitura teknologikoen kostuei irakasleen formakuntza kostuak gehitu behar zaizkie, «inork ez baitu hezkuntza-fakultatean ikasleekin Moodle nola erabiltzen den ikasten». Gogoeta sorta honi amaiera emateko, Esnaolak gogorarazi du ikasleekin egindako esperimentazio berri orok gutxienez lau urteko asimilazio denbora behar duela emaitzak ikusten hasteko.

TPACK eredua

Publikoaren iritziak jaso ondoren, Michiganeko Unibertsitatean garatutako eredua azaldu du, TPACK eredua, Technological Pedagogical Content Knowledge ingelesezko sigletan, teknologia eta hezkuntza uztartzeko irakasle orok eduki beharreko hiru gaitasunak laburbiltzen dituena. Horren arabera, irakasleek erabiltzen dituzten baliabideen jakintza teknologikoa menderatu behar dute, baina garrantzia bera du irakatsi beharreko edukien jakintzak eta horiek irakasteko jakintza pedagogikoak. Hiru jakintza horiek elkar elikatzen dute eta ezinezkoa da bat menderatu gabe teknologia berriak klasean era eraginkorrean integratzea.

«Irakasleek ez dute eman behar duten edukia soilik menderatu behar; horiek lantzeko erabiliko duten tresna teknologikoaren gaineko jakintza sakona ere izan behar dute; horrela, pedagogikoki erabiliz, ikasleek garatu behar dituzten jakintzak lortzeko». Tresna teknologikoak irakasle bakoitzak bere behar pedagogikoetara moldatu behar ditu. Hartara, ez ditu berdin erabiliko baliabide hauek matematika irakasle batek edo geografiakoak. «Gaitasun digitala pedagogikoki integratzen ez baldin badugu, ez da eraginkorra», laburbildu du adituak. Hau da, garai digitalean irakasleen jakintza ezin daiteke edukien ezagutza soilera mugatu; edukiak era pedagogikoan antolatu behar ditu.

Eredu berri hau azalduta, hezkuntza sistema guztia berritzeak denbora luzea eskatzen duela ohartarazi du. Izan ere, oraindik ere «teknologia berriak onartzeari uko egiten dion irakasle asko» dago. Horregatik honako galdera egin die entzuleei: «Tresna batzuk derrigorrean erabiltzera behartu beharko litzateke?». Bestalde, guztiz kontrako arriskua ere aipatu du: «Hainbeste software, programa eta plataforma ditugu, non gehiegizko saturazioa sortzeko arriskua dagoen». Gainera, hasieran esan bezala, beti tresna berak erabiltzera mugatzen garela ere gogoratu du: «Google eta Windowsetik kanpo ere bada bizitza eta tresna oso baliagarriak daude».

Irakasleei gogorarazi die, hezkuntza teknologiaren bitartez berrituko bada, ikasleei protagonismo handiagoa emateko izango dela. Horregatik, trebakuntza teknikoa soilik ez, «tekno-pedagogikoa» garatzera bultzatu ditu.

Azken auzia

Teknologia berriak ezartzeko prozesu honetan lau auzi agertuko direla azalduz amaitu du hitzaldia Esnaolak: Batetik, ikasleekin lotutako auzia eta hauek tresna informatiko berrien aurrean hartzen duten jarrera; bigarrenik, auzi teknologikoa; hirugarren tokian, auzi pedagogikoa eta, azkenik, auzi instituzionala. Jardunaldian irakasle eta ikusle askoren ahotan agertu da erakundeek hartu beharreko jarrera. Izan ere, hezkuntza komunitate guztia murrizketak salatzen ari den unean, instituzioen esku dago hezkuntza sisteman tresna berri hauek sartzeak behar duen inbertsioa egitea. Erakunde publikoak ezin baitira mugatu ordenagailu eta tresna teknologikoak erostera, horiek erabiliko dituzten hezitzaileen formazioak ere inbertsio handia eskatzen du.

Txalo zaparradaz amaitu da hitzaldia. Baina gaiak hausnarketa luzeagoak pizten ditu. Ez ote gara ari pertsonen arteko harremanak gailu teknologikoen esku uzten? Non geratuko dira apunteak elkarren artean trukatzea edota liburutegiko azken errepasoak batera egitea lan hauek guztiak ordenagailu batek egiten baldin badizkigu?