Pello Otxandiano

Lotu eta ez deslotu

Gaur8-ko orriotan idatzi nuen aurreko artikuluan prozesu independentista baterako ikusten nituen aukerak aipatu nituen, eta ezker abertzalearen birfundazioak nire ustez zeri erantzun behar zion iradokitzen saiatu nintzen. Gaurko honetan zailtasunak hartuko ditut hizpide, eta zehatzago, herri honetan burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren aldeko mobilizazio ziklo historiko berri baten irekiera mantsotu eta agian zapuztera irits daitekeen joera bat.

Aldez aurretik esango dut, gaizki-ulertuak eragozteko-edo, hau ez dela homogeneizazio ideologikoaren aldeko aldarria, are gutxiago ezkerreko euskaltzale, abertzale eta independentisten komunitateari goitik beherako zuzentarau politikoak ezartzeko proposamena. Esana dut orriotan eta berretsi egiten dut: nire ustez, azken garaiotan gure komunitatearen bueltan loratu den sorkuntza eta berrikuntza ideologikoa –mugimendu feministan, euskalgintzan, eraldaketa sozialaren aldeko mugimenduetan, udalgintzan, sindikatugintzan, akademian– da geure buruak berrasmatzeko eta askapen prozesua arnasberritzeko giltzarria.

Hori esanik esango dut eztabaida politikoaren irakinaldian joera makur bat gorpuzten sumatzen dudala, deslotze moduko bat. Prozesu politikoak –Euskal Herriak euskal estaturantz egin dezakeen ibilbide demokratikoak– euskarari, berdintasunari edota giza garapen iraunkorrari, adibidez, mesede egingo ez dion pertzepzio lausoa, eta ondorioz askapen nazionalaren eta sozialaren arteko lokarriak deslotzeko tentaldiak.

Euskal jendartean aldaketa korronte sakonak bizitzen ari garen garaiotan prozesu politikoa berrasmatzeko saiakera egitea ez da hautu bat, hil ala biziko afera baizik. Iraganaren nostalgia eta esentzialismoak marjinalitaterako bidaia txartelak dira. Gehientsuenok ados gaude honekin, beraz, inork gutxik jartzen du zalantzan proiektu independentista birfundatzearen beharra. Alabaina, meloi hori zabaltzen denean, helduleku solidorik gabe aurkitzen dugu geure burua –orain arteko borroka paradigman ez bezala–, eta zaila gertatzen zaigu ziurtasunik gabeko jarduna. Nago garai historiko honen ezaugarri nagusietako bat, hain zuzen, ziurtasunik eza izango dela, eta, beraz, prozesua etengabe pentsatu eta birpentsatu beharko dela. Baina, gainera, prozesu politiko bat definizioz dialektika da, elkarrekintzak sortzen dituen tentsioen kudeaketa.

Uste dut testuinguru honetan kokatzen dela aipatu deslotze joera hau. Joera honek adierazpen desberdinak ditu tokian toki. Kasu batzuetan, balizko prozesu politikoari konfiantza erretiratzen zaio (independentziaren izenean euskara abandonatuko dugu). Beste kasu batzuetan, askapen nazionalaren eta sozialaren arteko mihiztaketa gaurkotuak pentsatzeko pereza sumatzen da, nor berera mugatuz («edo ez da izango» koletilla famatua). Eta azkenik bada termino teorikoetan independentziaren proiektuari uko egiteko proposamena hedatu duenik, askapen bide berrien izenean-edo.

Globalizazio neoliberalaren errealitate gordinak adierazten du gure sorrerako hipotesi estrategikoak inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela: herri eraikuntza eta gure burujabetzaren defentsa dira eraldaketa sozialerako gakoak. Europan zehar gertatzen ari diren mugimendu emantzipatzaileek herrien eta herritarren burujabetzaren (herri burujabetzaren) aldarrikapena dute oinarrian, prozesu independentistak ekintza ziklo kolektibo beraren baitan kokatzen direlarik. Ortzimuga utopikoa izan dena errealitate material bihurtu da, burujabetzan aurrera egitea ongizatearen bermea izango da gero eta gehiago. Beraz, maila politikoan, sozialean zein kulturalean aurrera urratsak egiteko aukera berriak ireki ahalko lituzkeen ofentsiba subiranista bat antolatzeko baldintza egokietan aurki gaitezke datozen urteetan Euskal Herrian.

Garai berriek tresna berriak eta eredu berriak eskatzen dituzte, noski. Birfundatu dezagun, beraz, egitasmoa, mugarik gabe. Baina egin dezagun gure sorrerako hipotesi estrategikoari kasu eginez, prozesu independentista baita herri honek eremu desberdinetan aurrera egiteko behar duen erregaia, barne dakartzan tentsio guztiekin. •