Aimar Etxeberria Korta
JAIALDIEN HIRIA

Edinburgo, Munduko Futbol Txapelketa bilakatuta, hirian ospatzen diren hamabi jaialdien ondorioz

Hamabi jaialdi hartzen ditu urtean zehar Edinburgok, baina bat da ezagunena: Fringe. Munduan ospatzen den arte jaialdi handienari esker, besteak beste, Munduko Futbol Txapelketa batek mugitzen duen adina jende gerturatzen da Eskoziako hiriburura: 4,5 milioi pertsona urtean.

Abuztuan sartzearekin batera, urteko gertakari garrantzitsuenari begira jartzen da Edinburgo; Fringe jaialdiari, hain zuzen. Guztiz baldintzatzen du aipatu jaialdiak hiriaren jarduna: urte osoa ostatuan ematen duten apopiloak –berau garbitzen laguntzearen truke logela bat jasoz– ostiko bat emanez ateratzen dituzte bertatik, ostatu hartzeagatik gehiago ordainduko duten kanpotarrei tokia uzteko; eta antzeko jarrera dute ugazabek ere, hilabeteko epean errentak itxuragabe igoz. Turistentzako hiri bilakatzen da Eskoziako hiriburua, baina badira bertakoentzako abantailak ere: ordu batzuez luzatzen dira taberna eta pub-en itxiera ordutegiak, eta beso zabalik hartzen dituzte turisten poltsiko beteak.

Ez da Fringe izenez ezagutzen dena Edinburgon urtean zehar ospatzen den jaialdi bakarra, baina bai garrantzitsuena. Orotara, hamabi dira Eskoziako hiriburuari «jaialdien hiria» izena ematen dioten ekimenak: Edinburgh Art Festival, The Royal Edinburgh Military Tatto, Edinburgh Festival Fringe, Edinburgh International Festival, Edinburgh International Book Festival, Scottish International Storytelling Festival, Edinburgh’s Hogmanay, Edinburgh International Science Festival, Imaginate Festival, Edinburgh International Film Festival, Edinburgh Jazz & Blues Festival eta Edinburgh Mela. Hauek guztiek egiten dute Edinburgo erakargarri, Munduko Futbol Txapelketa batek mugitzen duen guztia mugitzeraino.

Jaialdien eragina, aztertuta

Iragan berri den uztailean argitaratu dute Edinburgon ospatzen diren jaialdiek hirian duten eraginaren inguruko azken txostena. Hamabi jaialdiak hartzen ditu kontuan aipatu txostenak, eta hauek hirian duten eragin ukaezinaren argazki bat egiten laguntzen du. Titularra argia da: Edinburgoko jaialdiek Munduko Futbol Txapelketa batek adina jende mugitzen dute. Hau zenbakietara itzuliz, txostenak dio 4,5 milioi pertsona gerturatzen direla Eskoziako hiriburura jaialdiren bat edo beste tarteko.

Beste modu batera ere adieraz daiteke esana: jaialdi denboretan, milioi bat pertsona baino gehiagoan ikusten du hazia bere biztanleria Edinburgok. Hau, batez ere da nabaria abuztuan, Fringe jaialdia dela eta. Eta noski, jendeak dirua esan nahi du. Eta noski, aztertu dute jaialdien inpaktu ekonomikoa ere. Txostenak argi uzten du «jaialdien hiria» motor oso garrantzitsu bat dela herrialdearen garapenari begira. Hala, zehazten du 280 milioi libera sortzen dituztela jaialdiek Edinburgon, eta 313 milioi libera Eskoziako negozio enpresa eta turismo sektoretara bideratzen direla. 2010. urtean egin zen azkenekoz antzeko azterketa bat, eta orduz geroztik %19 eta %24 hazi dira emaitzok, hurrenez hurren. Aurrez aipatu bezala, turismoaren alorrean diharduten negozioak dira onuradun nagusiak, ostalaritza arlokoak, batez ere.

«Jaialdiek, urtez urte, mantentzen duten kalitatea eta berrikuntzak sartzeko duten gaitasuna da, baina, inolako inpakturik garrantzitsuena, parte-hartze edo datu ekonomikoen gainetik», dio txostenak, jaialdiak identitate eta kultura eskoziarra hedatzen laguntzeko nahitaezko elementuak direla argi utziz. Eta jendea erakartzen jarraitzen badute, zerbaitegatik izango da.

Jaialdien aitzakian Edinburgora gerturatutako ia 30.000 pertsonen lagin batekin osatutako inkesta baten berri ere ematen du txostenak, asebetetze mailan zentratzen dena. Ondorio nagusia da Edinburgon ospatzen diren jaialdiek Eskoziarako «sarrera ate» papera jokatzen dutela, hots, jaialdien aitzakian Edinburgora iritsi den horrek herrialdeko beste zenbait leku ikusteko baliatzen duela Eskoziako egonaldia. Asebetetze mailari dagozkion emaitzak eztabaidaezinak dira: galdekatuen %94k diote hirian ospatzen diren jaialdiak Edinburgoren «izatearen parte» direla; %92k, berriz, diote «ikusi beharrekoak» direla. Jakina da bertakoentzat gogaikarria suertatzen dela uda sasoian hiriaren populazioa bikoiztua ikustea, baina inkestaren emaitzek argi erakusten dute hiritarren gehiengoa jaialdiak ospatzearen aldekoa dela: %89k diote jaialdiek Edinburgokoa izatearen «harrotasuna» handitzen dietela.

Emaitza hauen aurrean, ez du kexa handirik Festivals Edinburgh erakundeko zuzendari den Julia Amour-ek, bai ordea harro egoteko motiborik. «Jaialdien inpaktua neurtu duen txostenak erakutsi digu hauen balioa eskaintza artistikoaren, anbizioaren eta hauetako bakoitzak duen berezitasunaren ondorio dela», azpimarratu du. «Ekimen hauetan inbertsioak egiten jarraitzea berebizikoa zaigu hartu dugun norabidean jarraitu eta munduko hiriek inbidiaz begiratzen duten eskaintza kultural berezkoa eskaintzen jarraitzeko», gaineratu du.

Azken bost urteak izan dira, batez ere, garrantzitsuak Edinburgoko jaialdientzat, euren garapenari erreparatuta. 313 milioi liberaraino igo da euren balio ekonomikoa, mundu mailako ekonomian oparoenak izan ez diren garaietan: «Denbora tarte horretan, finantza sistemaren erorketaren osteko atzeraldi ekonomikoa pairatu dugu, gure merkatu garrantzitsuenetan sekulako eragina izan duen fenomenoa. Jaialdiek, baina, hazkunde joerari jarraitu diote, Eskoziaren erresistentzia senaren isla». Laudorioak laudorio, konplazentziaren besoetan ez jausteko deia egin du Amourrek.

Fringe, 69 urteko ibilbidea

«Munduko arte jaialdirik handiena» dela esanez definitzen dute Fringe antolatzaileek. «Ate ireki» formatuan oinarritzen da, hots, zerbait kontatzeko, erakusteko edo adierazteko duen edonork parte har dezake bertan. Borondatea baino ez da behar, ez baitago ikuskizunik aurrez inolako zuzendari edo komitek aztertzen duenik. Horrek badu arriskurik –ikuskizunen kalitateari dagokionez, batez ere–, baina edozeinek edozer adierazteko duen askatasun hori bera da jaialdiaren arrakasta bermatzen duen elementu garrantzitsuena. Era berean, hori da urtez urte milaka ikuskizunek osatutako programa kaleratzearen gakoa.

Antzerkia, dantza, zirkua, komedia, musika, musikalak, opera, kabareta... Hamaika dira Fringen tokia duten ikuskizunak, hots, espresio artistiko guztiak daude ordezkatuta, norberaren intereseko ikuskizunak aurkitzea erraza suertatzen delarik. «Beti dago zerbait nahi duenarentzat. Eta beti dago zerbait berria dena ikusia duela uste duenarentzat», dio esaerak. Eskaintza hein berean da zabala eta anitza, baita munduari so egiten diona ere. Artista edo ikusle, mundu zabaletik bertaratzen da jendea abuztuan Edinburgora, zerbait «zirraragarria, entretenigarria eta berria» ikustera, antolatzaileen arabera.

1947. urtean hasi zen Fringe-ren historia, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdiari hasiera eman zitzaionean. II. Mundu Gerra osteko garaiak ziren, eta Europa, kulturaren bidez, batzeko Eskoziak eginiko apustua izan zen Edinburgh International Festival delako hori. Segituan eman zituen fruituak aipatu ekimenak; lehenengo urtean bertan ikuskizunak egiteko espaziorik gabe geratu ziren jaialdian parte hartu nahi zuen artista kopurua zela eta. Iniziatibak izaniko arrakastaren jakitun, eta hedabideek honi eskainitako arreta zela-eta, Eskoziako sei konpainia eta Ingalaterrako beste bi batu eta, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdiaren babesean, Fringe sortu zuten.

Urteen joanarekin bere anaia nagusiari (Edinburgoko Nazioarteko Jaialdia) gain hartu eta gaur dena izatera iritsi da Fringe. 1958an eratu zuten lehenengoz Fringe Festival Society erakundea, Nazioarteko Jaialdiaren aitzakian hirian antolatzen ziren gainerako ikuskizunei txapel komun bat eskaini asmoz. Bada, bere 70. urteurrena ospatuko du erakundeak 2017ko jaialdiarekin batera. Erakundea bera da egun jaialdia antolatzeaz arduratzen dena, baita parte-hartzaileei behar duten guztia errazteaz, lan mediatikoaz edota ikusleen asebetetze mailaz arduratzen dena ere.

 

Fringe jaialdia: 3.260 ikuskizun baino gehiago, 25 egunetako tartean

Atzo, ostiralarekin, hasi zen munduko arte jaialdirik handiena Edinburgon: Fringe. Hilaren 29ra bitartean arte espresio guztietako ikuskizunek hartuko dute Eskoziako hiriburua, harik eta irailean sartzearen batera umezurtz geratuko den hiria. 25 egunez –eta gauez– mota guztietako 3.260 ikuskizunez baino gehiagoz gozatzeko aukera izango du Edinburgora gerturatzen den edonork.

Aipatu 3.260 ikuskizunak mundu zabaleko 48 herrialdetatik etorritako artisten eskutik garatuko dira, hirian zehar sakabanatuta dauden 294 leku ezberdinetan. Gainera, beste 50.266 performance ere izango dira. Espektakulu sorta honen ondorioz, ezinezkoa egingo zaio bati kalera atera eta ikuskizunen batekin topo ez egitea. Eta harrigarria badirudi ere, ekitaldi kopuruak behera egingo du aurreko urteko datuekin alderatuta: 3.314 ikuskizun izan ziren pasa den urtean, eta 50.459 performance. Era berean, aipatu ikuskizun guztiak hartuko dituzten guneen kopuruak ere behera egin du.

Ikuskizun gehienak komediari lotutakoak izango dira (%34), iragan urteko proportzio berean. Antzerkiak ere presentzia handia izango du jaialdian, ikuskizunen %27 ordezkatuz. Eta musika izango da hirugarren arte espresio ordezkatuena, ekitaldien %15ekin. Hauen atzetik datoz, hurrenez hurren, umeentzako ikuskizunak (%5), musikalak eta opera (%4), kabareta (%4), dantza eta zirkua (%3), spoken word ahozko espresioa (%3) eta bestelako eremu batzuetan sailkatu daitezkeen erakustaldiak (%5).

Shona McCarthy da Fringe jaialdiko zuzendari nagusi berria: «Ohore bat da aurkeztu dugun programaren mailako jaialdi bat izatea hirian. Edinburgora gerturatzen diren artisten talentua berdingabea da, eta aurtengoa ez da izango salbuespena». Era berean, jaialdiaren izaera irekiari egin zion azpimarra programa aurkezpenaren egunean, «istorio bat kontatzeko duen edonork» parte har dezakeela garbi utziz.

Interesgarria da ere ikuskizunen kokalekuei erreparatzea. Nabarmenena kalea bera da, baina ugariak dira bakarrizketak hartzen dituzten pub-ak, maila apaleko antzerkiak hartzen dituzten erabilerarik gabeko elizak edo bestelako ikuskizun mota batzuk hartu ditzaketen museoak. Aurtengo nobedadeetako bat da Gilded Ballon ikuskizun erakundeak –Fringe jaialdiko aktore nagusietariko bat– Eskoziako Museo Nazionalarekin jorratuko duen elkarlana. Era berean, St Stephen’s elizak ere irekiko dizkio ateak jaialdiari. Gune berri honi esker, 450 lagunentzako kabida duen espazio berri bat irabazi du jaialdiak. Azken berrikuntza bezala, aipatu Merchant’s Hall-ek –ezkontza, bankete eta antzeko ekitaldiak hartzen dituen eraikina– Highlandetako likore egileekin eta bertako jan-edan zerbitzu enpresa batekin abiatuko duen lankidetza.