joseangel.oria@gaur8.info
BRUSELA

Arrazoirik gabeko klixeen aurkako turismoa, jihadismoaren aroan

Herritar askok jakin nahi du ea hedabideek Molenbeek-i buruz esandakoak auzo horretan benetan dagoen egoerarekin zerikusirik ote duen. Jakin-mina piztu da eta turismoak gora egin du inork aurreikusten ez zuen lekuan, «ISISen hiriburu» izatea leporatu zaion auzoan. Bertakoak erabat estigmatizatuta bizi direla nabarmendu behar da.

Euskararik gabeko Nafarroa bezain arraroa da jihadismoarekin lotzen dugun Bruselako Molenbeek auzoa turistaz beteta ikustea, baina horixe gertatzen ari da azken hilabeteotan, bertako hedabideek azaldu digutenez.

ISIS Estatu Islamikoko jihadistek Europako zenbait puntutan azken bolada honetan egin dituzten eraso ikaragarrien eraginez, herritar askoren jakin-mina piztu da, batez ere Flandriako biztanleen artean.

Dhnet.be webguneak orain hilabete jakinarazi zuen azken sei hilabeteetan aurreko urteetan baino askoz ere bisitari gehiago hartu dituela auzoak, eta bisita gidatuak antolatzen dituen Brukselbinnenstebuiten izeneko elkarteak emandako datuak ipini zituen mahai gainean: 2014an, lehenengo sei hilabeteetan, zazpi bisita antolatu zituzten; 2015eko epe berean, bat gutxiago; eta aurten, 58 eginda zituzten dagoeneko informazio hura plazaratu zutenerako.

Bert De Bisschop elkarteko eledunak esplikatu du herritar askok jakin nahi zutela «ea hedabideek esandakoak auzo horretan benetan dagoen egoerarekin zerikusirik ba ote duen».

Ulertzekoa da Hans Vandecandelaere-k, “Molenbeeken” izenburuko liburuaren egileak, esatea «auzoko herritarrak zoo bateko abereak bezala» sentitu izan direla.

Bere ustez, auzotarrak erabat estigmatizatu dituzte hedabideek eta hori ez da batere zuzena, nahiz eta bertan hazi zen Salah Abdeslam, iazko azaroaren 13an Parisen egin ziren erasoen egileetako bat. Azkenean Molenbeeken bertan atxilotu zuten jihadista, eta horrek auzoarekiko interesa handitu baino ez zuen egin, orain ezagutzen ari garen datuen arabera.

Lau hilabeteko amesgaiztoa

Izan ere, Bruselako erdigunera egiten diren bisitek behera egiten zuten bitartean, Molenbeeken kontrako fenomenoa izan zuten. Turismoaren hazkunde horren zati bat kazetariei leporatu behar zaie, baina ez hazi den guztia. Turista askok auzoko eraikinak eta kaleak, hirigintza, ezagutzeko interesa agertu dute. Beste batzuek, berriz, alde soziologiko eta antropologikoa. Horri esker, Brukselbinnenstebuiten elkarteak antolatutako bidaietan urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean 930 pertsonak hartu zuten parte.

Edonola ere, turismoaren nolabaiteko boom hori Vandecandelaerek nabarmendu duen «aro beltzaren» ondoren iritsi zen, Pariseko (130 hildako 2015eko azaroaren 13an) eta Bruselako (aireportuaren eta Molenbeek auzoko metro geltokiaren aurkako erasoak egin zituzten ISISekoek 2016ko martxoaren 22an) atentatuen artean pasa ziren lau hilabete horietan.

«Hedabideen presentzia neurrigabea izan zen orduan, batez ere Abdeslan harrapatu zutenetik. Herritarrei energia guztia kendu zieten hilabete haiek», azaldu du gidari eta idazleak.

Molenbeek, berez, oso auzo handia da, Bruselako handienetakoa bere ia 80.000 biztanleekin, baina ISISen jihadismoarekin lotu izan dena askoz ere txikiagoa da, bertan 8.500 pertsona inguru bizi baitira, gehienak (%80) Afrikako iparraldeko herrialdeetatik etorritakoak eta horien ondorengoak.

Jihadismoaren aldekoak egon badaudela garbi dago, bertakoak, edo bertatik pasatutakoak, baitziren Europan azken hamabost urteotan egin diren atentatu jihadisten egile asko. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo erasoen egileetako batek ere bazuen loturarik auzoarekin.

Hala ere, bertakoei ez zaie batere egokia iruditzen kazetariek Molenbeekeko kaleetan harrapatzen duten musulman itxurako edozein pertsonari «islamaren erradikalizazioari buruz» galdetzea.

Ulertzekoa da. Auzoaren irudia nahikoa negatiboa zen Paris eta Bruselako atentatuen aurretik ere. Hiriko industriak behera egin zuenean, Molenbeek asko pobretu zen eta bertara joan ziren, bizitzera, lanik gabe geratutako langile asko. Egoera hori orain hiru urte hasi zen aldatzen, Bruselako beste auzoetako herritarrak, gazteak eta ikasleak batez ere, bertaratzen hasi zirenean. Egoera berri horren eraginez, hotel batzuk ere zabaldu zituzten Molenbeeken.

«Bat-batean, orain hamar urte pentsaezina zena ikusten hasi ginen: turistak leku batetik bestera, mapa eskuetan hartuta», kontatu du Hans Vandecandelaere idazleak.

Estatuaren laguntzak

Orain, berriz, Molenbeekekoa zarela ez esatea hobe. Horixe adierazten dute auzokoek, «jihadisten auzokoa» zarela esanez gero, lana lortzeko aukerak murriztu egingo direlakoan. Tabernariek eta hotelak zabaldu dituztenek zioten, orain aste batzuk, bezerorik gabe geratuko ez ote ziren beldur zirela. Azken boladako turistek alaitu ote diete aurpegia?

Auzoa bisitatu dutenek azaltzen dute bertan paseatuta ez dela arrisku sentsaziorik izaten. Pobrezia, berriz, ez da ikusi ere egiten, egoerarik txarrena duten familia guztiei iristen baitzaizkie Estatuak emandako laguntzak. Kaleak garbi-garbi daude eta eraikinek ere itxura ona dute, oro har.

Laguntza publikoak arazo asko estaltzen badu ere, egia da auzo berezi bat dela, bertako langabezia tasa (%30 ingurukoa, eta %40koa gazteen artean) Belgikakoa baino askoz handiagoa dela. Egia da ere Molenbeeken tankerako auzo ugari dagoela Europako hirietan, etorkinak gizarteratzeko garaian porrot egindako leku gehiegi, eta horiek izaten dira jihadisten harrobirik onenak.

Molenbeek hedabideek puztu duten irudi bat baino ez da, «askoz ere handiagoa den argazki baten zati txiki bat besterik ez», Vandecandelaerek idatzi duenez. Auzokoek garbi ikusi zuten hori, martxoaren 22ko atentatuen ondoren Polizia Belgika osoan hedatu zenean. Etorkinak gizarteratzerakoan porrot egindako leku asko dago Europan, baita Euskal Herrian ere.