Iñaki Altuna

Otegi, Urkullu eta Iriarte, hiru izen eta hiru portaera

Alcala hoteleko atentatuaren ondotik, 1989ko azaroaren 21ean, Herri Batasuneko Mahai Nazionalak prentsaurrekoa egin zuen Bilbon. Hitzartzearen amaieran, kazetari batek hauxe iradoki zuen galderen txandan: pentsa zitekeela HBk Josu Muguruzaren hilketari etekina atera nahiko ziola, biktimismoa-edo egiteko baliatuz. Ez zuen erantzun goxoa jaso. Argudioa ez zen eta ez da izan, horratik, gehiegikeria isolatua. Ezker abertzaleak pairatu izan dituen bidegabekeria galantek merezi beharko luketen gaitzespenari izkin egiteko «biktimismoa erabiltzea» leporatu izan diote beste alderdietako arduradunek eta erakundeetako ordezkariek, baita hedabide nagusi gehienek ere. Ezker abertzaleko ordezkari politikoak hil, atxilotu, torturatu, kartzelatu dituzte, hauteskundeetara aurkeztea galarazi izan diete, eta, horrenbeste basakeria eta eskubide urraketaren ostean, bidegabekeria horiek baliatu nahi izatea edo bidegabekeria horiek gertatu izanaren errudun izatea ere leporatu izan diete. Indarkeria matxistak antzeko eskema du, adibidez, bortxaketa bat jasaten duen emakumearen «portaera» edo «janzkera» auzitan jartzen denean.

Halaxe egin du aste honetan, enegarren aldiz, Iñigo Urkulluk Espainiako epaitegiek Arnalgo Otegiren hautagaitza bertan behera utz dezaketela-eta. Laburbilduz, eskubide urraketa gertatuko dela bigarren mailan utzita, urraketa jasango duena bazekiela zertan zebilen esan du. Pentsaera horrekin eskubideak eskuratzeko mundu osoko gizon-emakumeek egindako ahaleginak hutsalak lirateke, aurrerabidea ezinezkoa zatekeen. Autobus hartan eserlekutik ez altxatzeagatik Rosa Park kartzelan sartu zutenean, «bazenekien zeintzuk ziren ondorioak» izan balitz jasotako erantzun bakarra, nekez egingo luke aurrera eskubide zibilen aldeko mugimenduak.

Jakina da lehendakariak mugak dituela Otegi jasaten ari den erasoari aurre egiteko, are handiagoak bere burua mugatzeko ohitura aspaldi barneratua duenez gero. Halere, gutxienez beste portaera politiko bat beharko luke, Muguruzaren hilketa salatzeko emandako prentsaurreko hartan kazetari petral hark azaldutakoa baino zertxobait txukunagoa, behintzat. Bere burua euskal herritarren –hiru herrialdetako euskal herritarren, zehatzago izatearren– ordezkari nagusitzat aurkezten duenak beste maila bat beharko luke, «Otegik hautagaia izan behar du, bere eskubidea da, eta berari bozkatzea euskal herritarren eskubidea da» esateko, gutxienez; «Rosa Parkek eserita segitzeko eskubidea zuen, ez zion zertan zuri bati eserlekua utzi» esateko, gutxienez…

Seguru asko, Otegi Legebiltzarretik kanpo uzteko jokaldiak sortuko zion haserreak ere animatu du Maddalen Iriarte urratsa ematera. Aurreko hauteskunde batzuetan ere hautagai izan zitekeen zurrumurru nahiko fidagarria zabaldu zen. Azkenean, orain egin du urratsa eta, esan bezala, Otegiren kontra egin nahi dutena baietza emateko arrazoietako bat izango zuen. Bada, Iriarteren hautagaitzak sekulako oihartzuna izan du. Halaxe ikusi dugu GARAko eta NAIZeko webguneetan, lagun andana sartu baita berria irakurtzera. Sareetan eta lagun arteko solasaldietan iruzkinak oso positiboak izan dira. Independentismoarentzat giroa hobetuko duela uste da, nahiz eta hauteskunde zikloa kaskarra den EH Bildurentzat. Ekainean ere bazirudien giroa hobetzen ari zela, baina, azkenean, abenduko hauteskundeetan baino emaitza txarragoak lortu zituen. Horregatik zuhur izateko arrazoiak ere baditu EH Bilduk, hautesleek boza eman berri baitute, eta tartean oporrak baino ez baitira izan.

Egoera ez da erraza, hitzordua garrantzitsua izan arren. Joera txarrari buelta ematen ez hasteak asko zailduko luke berriro sortuko diren aukera politikoei (Estatuko krisia, Katalunia, egitura juridiko-politikoaren eztabaida, gatazkaren ondorioak...) aurre egin ahal izateko erronka. Horregatik ere Iriartek emandako urratsak badu beste balio erantsi bat: egoera erraza ez denean egin du, aipatu erronkan lagundu nahian.•