Gorka Elejabarrieta

Urte politiko berriko zenbait kontu

Duda izpirik gabe hastera doan urte politiko berria garrantzitsua izango da Euskal Herrian. Gure herriak oinarri sendoak behar ditu independentziarako bidean aurrerapauso garrantzitsuak eman nahi baditu. Eta zentzu horretan nazioartean eta bereziki Europan etor daitezkeenek garrantzia eta eragin berezia izan dezakete gurean. Nik horiek guztietatik batzuk azpimarratu nahi ditut gaurkoan.

Brexitak eragindako lurrikara politikoaren ondorioak modu ezberdinetan ikusiko dira hastera doan urte politiko berrian. Udazkenean, ohi bezala, Erresuma Batuko alderdi politikoek konferentzia politikoak egingo dituzte, eta, beharko lukeenaren kontra, badirudi konferentzia lasaiena izango duena Alderdi Kontserbadorea izango dela, hau da, egungo egoera eragin duen alderdia hain zuzen. Alderdi Laboristaren baitan gerra irekiak jarraitzen du, alderdikideen, sindikatuen eta alderdiko establishment-aren artean. Laboristek berriz ere haien liderra aukeratu beharko dute; Jeremy Corbynek alderdi afiliatuen eta sindikatuen babesa dauka, baina ez alderdiko egiturarena, eta, bereziki, ez alderdiak Westminsterren dituen dipatutena. Ikusteko dago zer gertatuko den konferentzian, ez ahaztu laborismoak aukeratuko duen liderra datozen Erresuma Batuko hauteskundeetarako hautagai laborista ere izango dela.

Bestalde, Eskoziak bigarren erreferendum bat egiteko bidea eta plana erabaki beharra dauka. Nicola Sturgeonek zuzentzen duen Gobernuak erreferendumaren data jarri beharko luke, eta data hori Brexita gauzatu aurretik jarri beharko luke. Izan ere, erreferenduma Europar Batasunean jarraitzeko eskoziarren gehiengoak duen nahiari oso loturik dago. Irlandan uhartearen batasunaren inguruko erreferendumak eta bake akordioen garapenak zentratuko dute urte politiko berria, eta horiengan Brexitak izango dituen ondorioak ikusteko daude oraindik.

Europar Batasuna bera ere ukitua atera da Brexitaren ondotik. Dagoeneko osasun arazo larriak zituen Europar Batasunarentzat Brexita kolpe latza izan da eta latzagoa bilaka daiteke. Kapitalismoaren logika eta interes ekonomiko eta politiko gordinak dio Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko harremanek berdin edo oso antzera jarraitu beharko luketela Erresuma Batua Batasunaren barruan edo kanpo egon. Erresuma Batua Europar Batasuneko kide izan den urte luzeetan, Batasunak bultzatu dituen akordio ugaritik kanpo geratzea erabaki du. Europar Batasunaren baitan egoteko formula ezberdin asko daude, eta Batasunetik kanpo dauden europar estatu gehienek Batasunarekin kooperazio eta elkarlan akordio ugari dituzte. Azken finean, Europar Batasunetik kanpo dagoen Norvegiak, adibide bat jartzearren, eta Erresuma Batuak Europar Batasunarekin izandako harremanak aztertzen baditugu, berehala konturatuko gara diferentzia gutxi dagoela. Hori horrela izanda ere, Europar Batasunak ez du nahi irteerak horrelakorik irudika dezan, Batasuneko kide izatearen abantailak dudan jarriko bailituzke, eta horregatik iruditzen zait Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko elkarrizketek luze joko dutela eta praktikotasunez aparte kosmetikaz ere asko izango dutela. Europar Batasunak Erresuma Batua modu batean edo bestean zigortzen duela irudikatu nahiko du. Hori modu ezberdinetan gerta daiteke, Eskoziako eta Irlandako prozesuekiko jarreran gerta zitekeen adibidez, baina horretan Erresuma Batuak izango duen Batasuneko kiderik leialena espainiar Estatua izango da, ez baitu sekula horrelakorik onartuko.

Irailaren 11ko diadak garrantzi berezia izango du, Kataluniako prozesu independentistak Estatuarekin duen, edo ez duen, harremanean soka asko tenkatzen ari baita. Hori horrela, datozen hilabeteetan, espainiar gobernu berriaren jarrerak (ez da batere aldatuko) eta abertzaleek adosten dituzten pausu berriek soka horren behin betiko apurketa ekar dezaketela susmatzen dut. Horrek zer suposatzen duen jakiterik ez dago, baina Estatuaren oinarriak kolokan jartzen ari den prozesua laguntzeko Euskal Herriaren elkartasun eraginkorrena hemengo prozesu independentista ere behingoz martxan jartzea da. •