Koldo Sagasti

Ustezko kazetaritza

Uda garaiko albistegiak errepikakorrak dira oso. Lehengo egunean, ETBkoa iazkoa ere izan zitekeen Pernandoren egia batekin ireki zuten: «Uda da eta beroa egiten du». Eta beroaldiari aurre egiteko betiko aholku txatxuak erantsi zizkioten: «itzalpean ibili behar da, ur asko edan». Bigarren berria ere, bero-boladak bezala, udarako klasikoetako bat bilakatzeko bidean den horietako bat, jai giroko erasoaldi matxistak. Egunez egun, eguraldiaren iragarpenaren gisa, hango eta hemengo jaialdietan bortxaketa saiakera bat izan dela kontatzen digute. Egun hartako albistegian, baina, bereziki eman zidan arreta erredakziogileek berria emateko aukeratutako lerroburuak: “Ustezko eraso matxistaren egileak epaituko dituzte Iruñeko Auzitegian”. Alegia, ustezkoa da erasoa, ez egileak. Uler nezakeen, akaso, hedabide ofizial bati aurreikusten zaion zuzentasun politikoaren izenean, “eraso matxistaren ustezko egileak” esatea; izan ere, legalki, ezin zaio inori delitu baten erantzukizuna leporatu epaile batek hala ebatzi arte. “Ustezko erasoaz” aritzeak, berriz, bestelako esanahia iradokitzen du. Erasoa ustezkoa dela badiogu, zalantzaren itzala erasotakoaren kontakizunaren gainean zabaltzen dugu, kolokan jartzen dugu salataria benetan erasoaldi baten biktima izan ote den, edo akaso, motibo ezkuturen batengatik, testigantza faltsua eman ote duen. Erasoa ustezkoa bada, erasotakoa da bere jarrera justifikatu behar duena, zergatik ote zebilen parrandan halako lekutan, halako ordutan, halako konpainiekin, horrela jantzita…

Geroztik, adi-adi erreparatu diot albistegietako erredakzioari eta tamalez egiaztatu ahal izan dut terrorismo matxistaren kasuetan “ustezko erasoak” aipatzea norma dela. Horixe da, nonbait, ETBko estilo liburua, erasoen erantzukizunaren jomugan erasotakoak jartzea. Eta jokaera hori errepikakorregia da salbuespena izateko. Udaro beroa egiten duela bezain errepikakorra. •