Montse Maritxalar Anglada
Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria

Zer egin dezaket teknologiaren martxa ez galtzeko?

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) erabat eraldatu dute gure gizartearen funtzionamendua azken urteetan, eta une oro erabat eraldatzen ari dira gure egunerokotasuna. Jarraitzerik al dago martxa hau? Ba al dakigu norantz goazen? Edo ba al dakigu norantz joan nahi dugun? Jakinda ere, teknologiaren norabidea bideratzeko edo birbideratzeko gaitasunik al dugu?

Egunerokoan une oro sortzen ari dira gailu zein aplikazio berriak, eta teknologian aditu den aditurik adituena ere ez da gai teknologiak eskaintzen dizkion aukera guztiak menperatzeko. Bestalde, teknologiaren erabilerari dagokionez, erabakiak hartu beharra izaten dugu: esaterako, Twitterra jarraitu, Whatssap taldeak kudeatu, Instagramera argazkiak igo, korreo elektronikoaz arduratu... edo ez. Azken finean, gure bizitzak denbora mugatua duenez, aukeraketa egin behar izaten dugu, batzuetan kontzienteki eta beste batzuetan, aldiz, ez. Gainera, zenbaitetan aukeraketa hori ere ez da izaten norberak egindakoa: zeini ez zaio heldu korreora eskatu gabeko informazio pertsonalizatua? Hortaz, erronka bikoitzarekin egiten dugu topo. Alde batetik, informazioa eta komunikaziorako tresneria ikasi, eta, beste alde batetik, teknologiaren erabileran zein sorreran ikuspuntu kritikoa garatu. Eta hori guztia bizitzan zeharreko etengabeko formakuntza baten testuinguruan, bai lantokian, bai eskolan, bai denbora librean, baita gizartearekiko harremanetan ere. Lan zaila egokitu zaigu gizarte digitalaren biztanleriari.

2006an Europako Batzordeak zortzi konpetentzia identifikatu zituen bizitzan zeharreko ikasketa-prozesuari dagokionez, zortzi horien arteko bat konpetentzia digitala. Horren ondorioz, 2013an DIGCOMP izeneko eredu kontzeptuala definitu zen konpetentzia digitalaren eremuak zehazteko helburuz. Aipatu ereduan, gizarte digitalaren biztanleek lortu beharreko bost dimentsio definitu ziren. Bat, informazio digitala identifikatzea, bilatzea, berreskuratzea, metatzea, antolatzea eta aztertzea, garrantziaren eta helburuaren arabera. Bi, ingurune digitaletan komunikatzea. Hiru, edukiak sortzea, txertatzea edota berregitea, edukiaren eskubideak zein erabilera-lizentziak aplikatuz. Lau, segurtasuna bermatzea, besteak beste, datu pertsonalen babesa, osasunaren babesa eta ingurumenaren babesa. Eta bost, arazoak ebazteko behar eta baliabide digitalak identifikatzea eta hautatzea. Horiek bostak erabiltzen dituzte gaur egun erreferentzia gisa hainbat erakundek, bai hezkuntza formalean, baita etengabeko formakuntzan ere. Dena den, gizartearen agente guztientzat baliagarri den eredua ote den, edo noiz arte izango den baliagarri galdetzen diot nire buruari. Lehen IKTetan trebatzeari buruz aritzen ginen, orain, aldiz, konpetentzia digitalak eskuratzeari buruz aritzen gara, eta gero?

Nolako euskal gizarte digitala eratzen ari garen, eratu nahi dugun edo eratuko dugun hausnartu beharko genuke gizarte-esparru guztietan. Baina, horretarako IKT eta konpetentzia digitaletan espezializatutako adituak behar ditugu une honetan. Bizitzan zeharreko hezkuntza formalean zein etengabeko formakuntzan teknologiaren martxa era egokian txertatzeko gaitasuna duten adituak trebatu behar ditu gure gizarteak. Zorionez, teknologiaren martxa ez galtzeko edota martxa horretan ez galtzeko Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzan garatutako espezialista titulazioa sortu da aurten, “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan” izenburupean. Aukera polita aurkezten zaigu aipatutakoak lantzeko, eztabaidatzeko, hausnartzeko... •