Xabier Izaga Gonzalez
ERREKALEOR, AUZO BIZIA

Gizarte eredu ezberdin baterantz abian

Errekaleor auzoko bizilagunak hirian zehar sakabanatu eta etxeak eraisteko plana aurkeztu zuen Gasteizko Udalak 2002an. Auzotarrak, presiopean, alde egiten joan ziren, «Errekaleor bizirik!» leloa gogoan. Eta bizilagun berriak iritsi ziren, etxebizitza eskubidea ez ezik, beste bizi-eredu bat ere aldarrikatzera.

Goizeko hamarrak jo baino lehen, auzoan ez da ia inor ikusten. Herrixka bare dago, isilik, euri langarra dela-eta zoruko orbela ere ez baita mugitzen. Auzoko sarreran ongietorria egiten duen murala ez da inolaz ere bakarra, ezta hurrik eman ere, etxebizitza-bloke guztietako hormetan ugari dira. Gaiak, askotarikoak, mota guztietako aldarrikapen eta elkartasun mezuak: elikadura burujabetza, Sahara, euskara, presoak, Libre dinamika, Askapenarekiko elkartasuna, Mediterraneotik datozen errefuxiatuak, memoria historikoa… Martxoaren 3ko sarraskia oroitzen duten muralak bat baino gehiago dira. Horri lotuta, etxe baten azpikoa, bertan bizi izan ziren bizilagun kutun biren omenez, Romualdo Barrosoren eta haren aitaren omenez, hain zuzen ere. Romualdo Barroso 1976ko martxo hartan Poliziak hil zituen langileetako bat zen. Haren aita langileen eskubideen eta justiziaren aldeko borrokan nabarmendu zen duela bi urte zendu arte. Muralean, bien aurpegien azpian, “Nolako zura, halako ezpala” irakurtzen da.

Atari baten ondoan, bi lagun hizketan ari dira, etxea konpontzeko lanetan hasita. Ikusi bezain laster agurtu gaituzte, eta, auzoan zehar txangoa bukatutakoan plazarantz bueltatzean, galdetu digute: «GAUR8koak? Nahi baduzue, Hodeiren bila joango naiz». Luze gabe, harekin gaude plazan, eta Amets jarraian agertu da. Biokin hitz egin dugu luze, liburutegiaren eraikin berean dagoen haurtzaindegian. «Zaintza gela esaten diogu guk», diote. Inguruko auzoetako hainbat gurasok hara eramaten dituzte beren umeak, batez ere udan.

Auzategiaren historia

1959an, hazkunde industriala zela-eta Espainiatik iritsitako immigrazio uholdeak eragindako kontrolik gabeko urbanizazioa eta, zehatzago, txabolismoa saihesteko, Artzapezpikutegiaren kooperatiba batek etxebizitza multzo bat eraikitzeari ekin zion hiritik aparte. Ez zen, beraz, Gasteizko ohiko auzoa. Garai bertsuan beste zenbait auzategi sortu ziren Gasteizen, hala nola Zaramaga, Abetxuko edo Adurtza. Errekaleor izena Mendiolatik igaro eta auzoa zeharkatuta Elorriagarantz doan errekak eman zion inguruari, duela zenbait mendetik dokumentatuta dagoena. Hainbat bloke eraiki eta haietan banatuta 192 etxebizitza atondu zituzten. Milatik gora bizilagun biltzera iritsi zen Errekaleor, “El Mundo Mejor” izenaz bataiatuta. Langile auzoa zen hasieratik, beraz, eta bizilagunak berehala hasiko ziren antolatzen eta komunitate guneak prestatzen: zinema, denda, taberna… Udala presionatuz, gainera, gizarte etxea, eskola, pilotalekua eta hainbat hobekuntza lortu zituzten. Eliza ere eraiki zuten, edo hobeto esateko, elizak, bat katolikoa, eta, geroago, hari atxikia, beste bat, txikiagoa, ebanjelikoa. Izan ere, 80ko hamarkadan hainbat bizilagun beste auzo batzuetara joan ziren bizitzera eta beste batzuk iritsi ziren Errekaleorrera, haietako zenbait ijitoak. Jakina denez, euren artean erlijio ebanjelista da nagusi. Horrela, auzo langilea, komunitate kontzientzia sendokoa sortu zen, desjabetze garaian ondo asko erakutsiko zuenez.

Gaur egun 140 lagun inguru bizi dira auzoan. Hodei eta Amets gazteak dira, baina oso ondo ezagutzen dute auzoaren historia. Diotenez, 90eko hamarkadan andeatze eta marjinalizazio prozesu nabarmena izan zen Errekaleorren, Gasteizko Udalak berak bultzatuta. Gentrifikazio prozesua, alegia. Gentrifikazioa langile eta txiroen auzoetan maila ekonomiko handiagoko jendeak alde eginaraztea da, gero lurrok baldintza onetan eskuratzeko. Hartara, zerbitzu publiko asko kaskartu edo kendu zizkieten eta auzoaren irudi txarra hedatu zuten. Eta 2002an, Udalak auzo horretako etxeak bota eta berriak eraikitzeko plana aurkeztu zuen, hiria hego-ekialdetik ere zabaltzeko. Etxebizitzak desjabetzen eta bizilagunak, presiopean, hirian zehar sakabanatzen.

Hodei eta Ametsen ustez, 2002ko udal plan hark bi helburu zituen: batetik, negozio urbanistikoa, espekulazioaren urrezko aroan hain zuzen, eta, bestetik, helburu soziopolitikoa, langile mugimenduaren aurkakoa, alegia, auzoko bizilagun gehienak langile antolatuak baitziren; izan ere, desjabetutako lagunak ez zituzten beste auzo batera elkarrekin eraman, baizik eta hirian zehar sakabanatu zituzten.

Udalaren plan orokorraren xedea Gasteizko biztanleria ia bikoiztea zen, eta Errekaleorren, espezifikoki, desjabetutako etxeak bota eta duplexak eraikitzea. Auzotar batzuek berehala sinatu zuten eskainitako «birkokapena»; beste askok, berriz, Errekaleorreko Kaltetuen Plataforma antolatu zuten. Gazteok argi ikusten dute plan haren logika: «Egia da etxe hauek kaskarrak direla, baina auzoa oso leku aproposean dago, hirigunetik ez oso urrun baina aldi berean isolatuta, oso leku lasaian. Alde batean errepidea dago, norabide bakarrekoa, eta, bestean, berdeguneak, lau plazatxo… Hau da, bizi kalitatea». Hala ere, bertan bizi zirenak ere baziren horretaz kontziente, eta, gainera, auzoan zituzten harremanei eutsi nahi zieten.

Desjabetze prozesuak aurtengo martxoa arte iraun du, eta oraindik lehengo bi familiak bertan jarraitzen dute bizitzen. Jende gehiagok geratu nahi zuen, baina batetik presioek eta bestetik etxeak husten zihoazela-eta jende ezezaguna etxeetako materialak lapurtzera sartzen zela ikusteak apurka gero eta jende gehiagok alde egitea eragin zuten.

Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea elkarteak 12 milioi euro inguru gastatu ditu prozesuan. Baina, beste egitasmo askorekin gertatu bezala, krisi ekonomikoak bertan bera utzarazi zuen udal plan arranditsua.

Bizi-eredu berria

“Errekaleor bizirik!” irakurgai dago nonahi, Errekaleorreko hormetan eta Gasteiz osoko hainbatetan. Eta Errekaleor bizirik dago, zenbait lagunen etxebizitza arazoari konponbidea ematetik harago.

Duela lau urte hasi zen auzoaren bigarren etapa, auzotik kanpo eta ikasle mugimenduaren baitan. Indartsu zebilen orduan ikasle mugimendua eta garai hura bereziki gatazkatsua izan zen, ikasle mugimenduak greba asko antolatu zituen eta oro har oso gogotsu ibili zen. Baina mugimenduaren baitan bi ikuspuntu edo joera desberdin sortu ziren. Haietako baten arabera, greba eta mobilizazio haietan pilatutako indarra ordu arte bezala ikasleen aldarrikapenetara bideratu behar zen; bestearen arabera, berriz, kontu horietatik harago jardun behar zuten, eta, hala, salto egiteko aukera paregabea begitandu zitzaien etxebizitzaren arazoari aurre egitea. Izan ere, ikasle horietako askok beren larrutan pairatzen zuten arazo hori, alokairu batek dirutza ikaragarria xahuarazten zien-eta.

Hori horrela, hamar laguneko talde bat hirian zehar mugitzen hasi zen, Errekaleor topatu arte. Bertako plataformarekin harremanetan sartu, ikerketa lan bat egin, eta, 2013ko irailean, ikasturte hasieran, auzoko 26. atarira sartu eta okupatu egin zuten, etxebizitzen jabeek berek emandako giltzak baliatuta.

Lehenengo urtea gogorra izan zen. Talde txiki bat baino ez zen, oraindik ez zegoen Gasteizko jenderik eta ez zuten ez oihartzun ez babes handirik lortu. Baina bigarren urtetik aurrera jende gehiago iristen hasi zen, eta blokeak betetzen hasi ziren. Gaur egun 140 lagun bizi dira auzoan.

Eskola izan zen eraikinean liburutegia, zaintza gela eta inprimategia daude, Gasteizko inprimategi batek negozioa itxi zuenean zenbait makina eta bestelako material eman baitzizkien. Plaza nagusiaren ondoan, gaztetxea, eta, haren aurrean, zinema. Kirol azpiegiturez gain, baratza, okindegia eta oilategia ere badaude. Oilategia hasieratik dago bertan, eta aspaldion handitu egin dute. Hori guztia, oraingoz. Komunitate azpiegitura guztiok bizi eredu desberdin bati eustea dute xede.

Euren helburua bizimodu ez-merkantilizatua lortzea da. Auzora heltzean lehen zeregina etxeak eta auzoa txukuntzea izan zen, eta luze gabe egin zuten etxebizitza arazoari aurre egiteko asmoz. Baina arazo hori gizarte honetan dauden arazo larri ugarien arteko bat baino ez da, eta horri aurre egiteaz gain, gizarte eredua bera aldatu nahi dute, aldarrikatuz eta ekinez.

Proiektuaren ildo nagusiak

Elikadura burujabetza da Errekaleorreko bizimoduaren ildoetako bat. Baratza, okindegia eta oilategia dituzte baliabide nagusiak. Azkenaldion Bilketa taldea ere sortu dute, masustak, basaranak eta bestelako fruituak eta sendabelarrak biltzeaz arduratzen dena. Baratzeko produktuak, arrautzak eta gainerako jakiak biltegi batean pilatzen dituzte eta beren beharrak asetzeko hara joaten dira jateko bila. Orain zertxobait ordaintzen dute produktuen truke, baina euren asmoa produktu guztiak ordaindu gabe hartu ahal izatea da. Ogia auzotik kanpo ere saltzen dute, Errekaleorren baino garestiago, jakina. Diotenez, kontraesana da euren produktuak ordaintzea, baina oilategiaren eta okindegiaren kostuak kitatzeko hala egin behar dute ezinbestean, eta aurrerago, azpiegitura horiek amortizatutakoan, kanpoan merkaturatu eta barruan ordaindu gabe hartzea da beren helburua, nahi duten gizarte ez-merkantilizatua oinarri. Horretan desbalorizazioa omen da giltza, eta oinarrian «zaintza» kontzeptua dagoela diote. Esate baterako, egin liteke baratzeko zenbait produkturen eta ekoizpen intelektual baten arteko baliokidetasuna, baina trukean oinarritutako ekonomia bat ez da ekonomia baliogabetua. Euren ustez, bestea zaintzeko zerbait eman beharra dago, baina «nik zuri ez dizkizut bi letxuga emango zuk tomate bat eman didazulako, baizik eta nahi dudalako, zaindu nahi zaitudalako».

Beste ildoetako bat, oraindik garapen handia behar duena, energia burujabetzarena da. Horretan hondakinen kudeaketak berebiziko garrantzia du, eta horixe izan dute arlo horretako lehen zeregina: komunitatearen konpostontzi erraldoia eraiki zuten. Birziklapena ere sustatzen dute, ontzi guztiak marmeladak eta bestelako produktuak ontziratzeko erabiliz, brikak, dena. Udalak edukiontziak jartzen dizkie; nolanahi ere, noizbait kudeaketa eurek egiteko asmoa dute. Eta birziklapenari dagokionez, aztertzen hasi dira zer egin, adibidez, plastikoaren gehiegizko erabilera dela eta. Ideia batzuk sortu omen dira, hala nola plastiko bildukin gehiegi dituzten produktuak ez kontsumitzea.

Momentuz ideia baino ez den arren, eguzki plakak jartzea ere pentsatu dute. Dagoeneko zenbait plaka lortu dituzte; hala ere, aitortzen dute zaila dela, eta, gainera, finantziazio modu bat bilatu beharko luketela. Diotenez, ez da bihar bertan abiatzeko egitasmoa, baina zenbait lagun lanean dabiltza proiektu horren bideragarritasuna aztertzen.

Ezagutzaren kudeaketa kolektiboa eta hezkuntza dira jorratzen duten beste arloetako bat, «modu natural batean, baina baita modu formalean ere», diote. Mota guztietako jakintzak partekatzen dituzte, hainbat lan edo jakintza elkarri irakatsiz. Etxea konpontzen ari denari, kasu, horretarako jakin behar duena, zer material erabili eta nola egin dakienak irakatsiko dio.

Arlo horretan euskara lantzeko taldeak ere berebiziko garrantzia du. Errekaleorreko bizilagun gehienek euskaraz egiten dute, eta euskaraz bizitzeko hautua egina dute, baina bada ez dakienik. Nahi duenak euskara eskolak jaso ditzake, eta auzoan lehenesten den eta asanbladetan erabiltzen den hizkuntza nagusia euskara denez, itzultzaileak jartzen dituzte.

Ezagutzen kolektibizazio horretan feminismoak leku berezia du. Diagnostiko batetik abiatuta, prestakuntza saioak egiten dituzte, botere harremanen edo lan banaketaren gaineko analisiak. Gune kolektiboari ez ezik, etxeari ere dagokionez.

Orain aspaldi ez dela Ekonomia Politikoaren gaineko eztabaidarako mintegiak antolatu dituzte, egunero bizi duten praktikan sortzen diren kontraesanei aurre egiteko tresna teorikoen beharra sumatu omen zutelako, baita perspektiba orokorragoa izateko ere.

Beste proiektu batzuen artean, arestian aipatutako inprimategia lanean jartzeko asmoa dute, eta irrati bat sortzeko asmoa ere badute. Batetik irrati estudioa, eta, bestetik, grabazio gela.

Ezagutzen kolektibizazioaren arloan, azkenik, haurtzaindegiak ere badu lekua. Aspaldi hasi ziren inguruko auzoetako haurrentzako euskarazko jarduerak antolatzen, eta hara joaten ziren zenbait familia.

Memoria historikoari ere garrantzi handia ematen diote, horregatik sortu zen Erreka Gorri izeneko taldea. Esparru horretan diharduten zenbait elkarterekin harremanak dituzte, Martxoak 3 Elkartearekin kasu.

Azken ildoa kultura askearena da. Horren fruitu dira auzoan izan den literatur topaketa, artisten topaketa, hitzaldiak, proiekzioak, erakusketak (egunotan, gaztetxean, argazki eta pintura erakusketa dago), musika eta dantza eskolak... Bestetik, kirola nahi den bezala egiteko gaitasuna lantzen dute, hala nola autodefentsa eta boxeoa. Eta ez dira falta futbol zelaia eta frontoi estalia ere.

Gune irekia

Errekaleor ez da gune isolatua, ezta hurrik eman ere. Bizilagunen kopurua emendatu ahala, proiektuak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago agertzen da auzora. Bestetik, etengabeko elkarreraginean omen dabiltza Gasteizko eragileekin, eta auzoan jasotako ezagutzak beste leku batzuetara zabaldu nahi dituzte. Herri mugimendu ugari hurbiltzen da Errekaleorrera, asko bertako espazioa erabiltzera. Euskal Herriko zein beste herri batzuetako antzeko komunitate anitzekin harremanak ere badituzte; esate baterako, Autonomia Komunalarekin produkzio harremanak badituzte, eskarmentua partekatzeko, zenbait produktu ontziratzeko… Bestetik, auzoan izaten diren ekitaldi asko kanpoko eragileek sustatutakoak izaten dira.

Orain dela gutxi PPk Udalari eskatu dio Errrekaleorreko bizilagunak bertatik botatzeko. Hodeik eta Ametsek diotenez, PPren mezua argia da: «EAJk marroia jan dezan nahi du PPk». Alderdi horrek, alkatetza galdu ostean, orain daudenek berak egin ez zuena egitea nahi du, alde batetik iritzi publikoa zirikatuz, eta, bestetik, ahalik bizkorren egitea ere nahi du, legegintzaldia bukatu baino lehen. Berak ez du galtzekorik. EAJk auzoa hustuko balu, sekulako oihartzuna izango luke, PPrentzako kosturik gabe. «Eta ez badu husten, PPk bere hedabideen bidez iritzi publikoaren parte bat Udalaren aurka jarriko du». PPk dio Errekaleorreko bizilagunak «antisistemak» direla, legez kanpo jarduten dutela, eta, beraz, beraiekin ez dagoela hitz egiterik. EAJren jarrera, berriz, bestelakoa da, beste argudio batzuk erabiltzen ditu. Oso proiektu interesgarria dela dio, baina auzoan ez dagoela bizitzeko baldintza higienikorik. Ez dirudi oso argudio sendoa, Udalak hara bidali zuen tekniko taldeak ondo dagoela esan baitzuen. Aretxabaletara joatea proposatu zieten, okerrago dagoen auzo batera, hain zuzen. Eta Gasteizen jende askok du Errekaleorren egindako lanaren berri. Ez litzateke hain erraza.

Lege egoerari dagokionez, kasu bat baino ez dago auzipean, 26. atarikoa, okupatutako aurrena, 21 Zabalgunea udal elkarteak auzitara eramana. Orain Auzitegi Gorenean dago, eta, hala behar izanez gero, Konstituzionalera eramango dutela diote. Prozesu horretan epaile batek auzokoen alde ebatzi zuen, Gasteizko Udalbatzak onartu zuen proposamena aintzat hartuta. Proposamen horrek zioen plan urbanistikorik izan ezean, zilegi dela auzoan egotea. Baina udal elkarteak helegitea jarri zuen eta Auzitegi Gorenera heldu zen auzia.

Errekaleor ez da gune isolatua, guztiz kontrakoa, horregatik, bukatu auretik, «mundu guztiari» hara joateko gonbitea luzatu diote, hara joan eta hango baliabideak erabiltzeko. «Proiektu hau ez litzateke bera izango kanpoko eraginik gabe», diote. Errekaleor, bizi-eredu desberdin bat, benetan mundua hobea izan dadin.

Lantaldetan oinarritutako antolakuntza

Komunitateko antolaketa dinamikoa dela diote Hodei eta Ametsek. Izan ere, bizilagun kopuruak gora egin ahala, antolaketa aldatzen joan da. «Orain ezin da hamar lagun zeudenean bezalakoa izan». Oraingo antolakuntza eredua ez da finkoa, etengabeko hausnarketa prozesuaren araberakoa baizik. Auzoko komunitatearen ezaugarri nagusia heterogeneotasuna da, «hori oso positiboa da, baina zailtasunak ere sorrarazten ditu». Adin tartea handia da, gehienak gazteak badira ere; hainbat jatorritako jendea dago, besteak beste, Katalunia, Txile, Argentina, Kolonbia, Alemania eta Ameriketako Estatu Batuetakoa, oso tradizio kultural eta politiko ezberdinetako jendea, beraz. Erabaki guztiak asanbladak hartzen dituen galdetuta, «bai eta ez» erantzun dute. Funtsezkoak dira hainbat arlo lantzen dituzten lantaldeak komunitatean, pisu nagusia beren gain dute. Jendea talde horietan banatzen da, eta haietan parte hartzea borondatezkoa da. Komunitatearen funtzionamendurako beharrezkoak zirelako eratu zituzten, eta modu naturalean, nahien, kidetasunen edo interesen araberako beste batzuk ere sortu ziren.

Azpiegituren taldeak, oro har, auzoa zaharberritzea eta garbi irautea du eginkizun. Lan horiei dagokienez, talde espezializatua da, baina ez inori etxeko konponketak egiteko, baizik eta irakatsi eta aholku emateko. Materiala komunitatearena da.

Ekonomia taldea diru-zaintzaz arduratzen da. Kuotak bildu eta gastuen kudeaketa egiten du. Kuotak ordaintzea borondatezkoa da, eta bost edo hamar eurokoak izaten dira, norberaren egoera ekonomikoaren arabera. Gaur egun auzoaren funtzionamendurako beharrezkoa omen da diru sarrera egonkor bat. Hala ere, bada beste diru iturri garrantzitsu bat, gaztetxeko barra, momentu puntualetan; esate baterako, diru sarrera azkar bat behar denean, kontzertuak antolatzen dituzte.

Harreman taldeak bi eginkizun ditu. Batetik, auzokideen artean sortzen diren gatazka pertsonalak kudeatzea, batzuetan bitartekotza talde bat sortuz edo are bitartekari profesional batekin harremanetan jarriz, eta, bestetik, asanbladan sortzen diren arazoak kudeatzea. Asanblada handietan, hain heterogeneoak izanda, botere harreman «markatuak» sortzen omen dira. Eta, beti ere ideia konfrontazioa saihestu gabe, eztabaida modu onean, errespetuz, gerta dadin ahalegintzen dira. Dogmatismoa baztertuta, minimoen logikan oinarritzen dira, eta minimo horiek komunitatearen zaintzaren, auzoaren zaintzaren eta defentsaren ingurukoak dira. Asanbladan oso gutxitan bozkatzen omen dute, eskuarki kontsentsu batera iristen baitira. Diotenez, kontuan izan beharra dago benetan lan egiten dutenak lantaldeak direla, eta auzoa haietan banatuta dago; hortaz, asanbladak gai askotan kudeaketatik harago ez du zeresan handirik, lantaldeek erabaki behar dute dagokien arloetan. Edonola ere, kontua ez da iritzi bat gailentzea, funtzionamenduak ez du zertan kontu kuantitatiboa izan. Sentsibilitate asko daude eta denak aintzat hartu beharra dago. Horren adibide, oilategiaz aritu zireneko eztabaida gogoratu dute. Animalistek baldintza batzuk proposatu zituzten, «eta gutxiengoa badira ere, ezin diezu erantzun esaten dutenak bost axola dizula»; hartara, oiloek behar zuten lekuaren gaineko baldintzak, baldintza koherenteak, aintzat hartu eta akordio batera iritsi ziren.

Astean behin koordinazio bilera bat izaten da. Bertara lantaldeetako lagun bana joaten da, asanbladara eramango dituzten gai gatazkatsuen edo auzoei eragingo dieten gaien berri emateko.

Taldeek etengabeko hausnarketa egiten dute, taldeen autonomiaz, asanbladaren erabakiek norainokoak izan behar duten eztabaidatuz. «‘Espazio formala versus espazio informala’ aukeraren gaineko eztabaida oso nabarmena da», diote. Izan ere, batzuek uste dute erabaki guztiak espazio formalean hartu behar direla, eta, beste batzuek, berriz, informalean ere iniziatibak abia daitezkeela.

Eztabaida dinamizatzeko taldea ere sortu dute, ekarpenak egiteko bide guztiak errazten ahalegintzen dena. Esate baterako, norbait jendaurrean hitz egiten eroso sentitzen ez bada, kafe-tertulia batean edo idatziz egin dezan.

Borondatezkoa da lantaldeetan parte hartzea, eta taldeok dagokien arloaren arduradunak badira ere, lana denek egiten dute, patatak biltzeko zein beste edozein lanetarako txandak antolatuta. Gustuko jarduna egiten saiatzen omen dira, gogoz kontra lan egin gabe.