Amagoia Mujika Telleria
ASUN CASASOLA IPUIN LEHIAKETA

Indarkeria sexistarik gabeko jendartea marrazten duten kontakizunen bilduma atondu dute

Eraso edota erailketa bat gertatu, salatu eta hurrengora arte itxaron. Dinamika horrekin kezkatuta eta indarkeria sexistaren kontrako borroka beste modu batzuetan ere egin behar dela sinetsita, Txingudi Anti Sexistak Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketa abiatu zuen 2014an. Bi ediziotan hamaika perla bilduta, liburu batean jaso dituzte orain.

Indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudika daiteke, imajinazioak marrazten dituen bideak errealitatearenak baino zabalagoak, azkarragoak eta askeagoak izan ohi direlako. Txingudi Anti Sexista plataformatik ariketa horixe proposatu zuten 2014. urtean: Irudika dezagun indarkeria matxistatik libre den jendartea eta jaso ditzagun utopia eder horren ertzak ipuin laburretan. Eta horrelaxe etorri zen Asun Casasola ipuin lehiaketaren lehen edizioa. Egitasmoak bi edizio bete ditu eta 500 ipuin jaso dituzte, 100 lehen txandan eta 400, bigarrenean. Jasotako ipuinen artean aukeraketa bat egin eta liburu bat osatu dute orain, “Gogoratzen nauzuenetan” izeneko ipuin ilustratuen bilduma.

Txingudi Anti Sexista dago ekimenaren atzean, duela bospasei urte sorturiko plataforma. Bertan batzen dira eskualdeko hogeitaka talde; Irungo auzo elkarte guztiak, emakume taldeak, gaztetxea, AEK-ko irakasleak, Antxeta Irratia, pertsona migratzaileekin lan egiten duten elkarteak eta prostituten eskubideen alde lanean ari direnak, besteren artean.

«Oso plataforma anitza da, askotariko jendea biltzen duena. Urteetan azaroaren 25ean eta martxoaren 8an bildu izan gara plataformako kideak. Hortik aparte, Euskal Herri mailan hilketa matxistaren bat gertatu izan denean edota eskualdean erasoren bat. Baina dinamika hori aldatu beharra zegoela ikusten genuen, ezin genuela egon erasoa gertatu zain elkartu eta salatzeko», kontatu du Oihana Llorente Arretxea ekimenaren bultzatzaileak. Hortik sortu zen ipuin laburren lehiaketa egiteko ideia, erasotik erasorako salaketatik harago joateko behar horretatik.

2014an abiatu zen Asun Casasola ipuin lehiaketaren lehen edizioa. Lanak entregatzeko epea azaroaren 25ean abiatu zen eta martxoaren 8an eman zen irabazleen berri; euskaraz eta gazteleraz irabazle bana. «Asun Casasolaren izena jarri genion emakume horrek irudikatzen duenagatik. Nagore Laffage-ren ama da, 2008an sanferminetan eraildako irundarraren ama. Alde batetik, Nagore Laffage gogora ekarri nahi genuen –baina ez da Irungo biktima bakarra. Inork gogoratzen ez duen emakume etorkin bat ere eraila izan zen geroago–, baina ez genuen txarrean edo negatiboan bakarrik geratu nahi. Gauza txar batetik sortu den indar berria eta positiboa nabarmendu nahi genuen, borrokari eman nahi genion garrantzia. Eta Asun Casasola hori da guretzat, borroka baten indarra eta eredua. Bere mina eta hutsunea izugarri latza da, baina sekulako lana egin du azken urteotan indarkeria sexistaren kontra».

Auzolanean jositako sarea

Gehienez, orrialde beteko luzera; euskaraz edo gazteleraz idatzia izatea eta indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzea. Horiek, gutxi edo gehiago, lehiaketan parte hartzeko baldintzak.

Ekimena, gainera, oso herrikoa da, auzolanean eta borondatezko lanean oinarritua. «Oso polita izan da, laguntza eskatu diegun guztiak erabat sartu direlako proiektuan. Eskualdeko jendearengana jo dugu eta guztiek beren egin dute proiektua. Sare polita osatu da».

Epaile lanetan Rosa Arburua, Eneritz Dueso, Mertxe Tranche, Javier Gil, Ainara Maya eta Alfontso Sastre aritu dira, guztiak ere eskualdearen bueltakoak eta alor desberdinetatik literaturarekin eta parekidetasunarekin konprometituak.

«Lehen urtean, 2014-2015eko edizioan, 100 ipuin jaso genituen. Kopuru polita. Bigarren edizioan, 2015-2016 edizioan, 400 inguru. Sekulakoa izan zen, toki oso desberdinetatik jaso genituelako ipuinak; Euskal Herri osotik, Estatu espainoletik, Argentinatik, Kolonbiatik… Sare sozialetatik zabaldu genuen deialdia eta harrera izugarria izan zuen», kontatu du Llorentek.

Miren Lanz Solbes, Ainara Lopez Zarco eta Oihana Llorente Arretxea izan dira hasieratik proiektuaren motor nagusia. Eta horrelaxe, bi ediziotan, 500 altxor eta sare eder bat josita zutela konturatu ziren, eta horrekin zeozer egin beharra zegoela erabaki. «Bildutako altxor horiekin zerbait egin beharra zegoela ikusi genuen. Gure betiko kezka da eskoletara nola iritsi, haur eta gaztetxoekin nola landu gaia. Eta horri tiraka okurritu zitzaigun liburu bat egin genezakeela bildutako ipuinen aukeraketa batekin».

Ideia horrekin proiektu bat aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundian eta diru laguntza bat eskuratu, ez behar adinakoa, baina bai proiektuarekin aurrera egingo zutela erabakitzeko neurrikoa. Horretarako, baina, Parean elkartea sortu zuten aipatu hiru militanteek, diru laguntza bat eskatzeak eta liburu bat argitaratzeak dakartzan administrazioko korapiloak errazte aldera.

Hartara, Asun Casasola ipuin motzen lehiaketako bi edizioetan aurkeztutako lanen artean 13 hautatu dituzte, eta ipuin ilustratu modura josi liburu batean. Miren Usabiagaren “Agian, beharbada”, Maite Artaberen “Oi zorion!”, Jose Luis Chaparroren “La casa de Dios”, Yose Alvarezen “Travesia de cristal”, Alexander Martinezen “Gatibuak”, Onintza Irigoienen “Milaka izen dituen protagonistaren ipuina”, Jose Aristobuloren “La derrota de Blas”, Eva Camporen “Geurea”, Iñigo Legorbururen “Heziketa hazi”, Olga Alicia Defferrariren “Como el viento”, Nerea Sarriegiren “Zeinek lortu du?”, Amaia Iriondoren “Espagetiak” eta Sergio Genereloren “Ya es primavera” izan dira hautatuak.

Ipuin bakoitzak bere ilustrazioa dauka liburuan, eskualdeko edo inguruko emakume ilustratzaileei egindako enkarguak direla medio. Lucia Calvo, Iune Trecet, Naxara Maiztegi, Olivia Gormaz, Erika Valero, Idoia Beratarbide, Nerea Olazabal, Karmen S. Campo, Iraitz Arabolaza, Lorena Martinez, Alba Sistiaga, Maider Goikoetxea eta June Martin ilustratzaileek parte hartu dute proiektuan. Eta liburuaren hitzaurrea Asun Casasolarena berarena da.

Ipuinek piztutako hausnarketa

Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketak 500 ipuin bildu ditu, baina hori baino askoz gehiago egin du. «Gu lehiaketaren antolaketan eta liburuaren kontuan buru-belarri ibili gara, gure munduan sartuta. Orain, han eta hemen liburua aurkezten ari garela, ipuinen egileen hausnarketak entzutea oso interesgarria izaten ari da guretzat, guztiek nabarmentzen baitute ipuinaren kontuak zer-nolako gogoetak eragin dizkien. Ipuinek balio izan dute jendarte matxistaren inguruko hausnarketa indibidualak pizteko, eta indibidualetik kolektibora pasatzeko, idazleek beren ingurukoekin partekatu dituztelako beren kezkak eta galderak. Hori lortu badu, kuadrillan edo familian gaiari buruz hitz egiteko balio izan badu, gu oso pozik eta helburua beteta», nabarmendu du Llorentek.

“Gogoratzen nauzuenetan” ipuin ilustratuen bilduma Irungo Oskarbi liburu-dendan dago salgai. Eta egunotan Durangoko azokan ere izango da eskura, Bilgune Feministaren postuan.

Web orrialdea ere paratu dute proiekturako, www.gogoratzennauzuenetan.eus helbidean. Eta helbide elektroniko bat ere badago martxan; asuncasasolaipuina@gmail.com.