Nagore Belastegi Martin
EUSKAL BALEAZALEAK

Bizitza arriskatuz, Euskal Herrira aberastasuna ekarri zuten marinelek

Arrantza ez zen kostaldeko biztanleen kontua soilik. Euskal Herri osoarentzat zen garrantzitsua itsasoko lana. Batzuek burdina edo baserriko produktuak lortzen zituzten, ostean arrainengatik trukatzeko. Baina, horrez gain, diru usainari jarraituz urruneko uretan murgildu ziren barnealdeko herrietako marinel ugari ere izan ziren.

Albaolan zaharberritzen ari diren “San Joan” baleontzia euskal historia berpizteko pauso bat da. Ondo daki hori Jose Antonio Azpiazu historialariak. Legazpiarra da jaiotzez, baina Oñatira joan zen txikitan. Bertan hitz egin genuen beretzat «droga bat bezalakoa» den gaiari buruz: euskal baleazaleak.

Julio Caro Barojak zuzendu zion tesia eta ordutik ez du burua «paper zaharretatik» altxatu. Bere bizitza osoa dokumentuei begira eman du, marinel haien historiaren puzzlea osatuz. “Hielos y oceanos. Vascos por el mundo” liburua argitaratu berri du marinel haiek egindako bidaia arriskutsuen inguruan, baina aurretik ere gai berbera jorratu zuen “Y los vascos se echaron al mar” liburuan. Oraingoan urrutiko lurraldeetara jarri da begira. Lehenengo ozeanoak aipatzen ditu, marinelek egindako bidaiei erreferentzia eginez. Ondoren izotzak ditu hizpide, Ternuan, Islandian edo Norvegian bizitako abenturen berri ematerakoan. Liburuaren azken partean, ordea, duela 70 urte bakailao bila joan ziren oñatiarrak ekartzen ditu gogora, haietako baten semearekin hitz eginez.

Egun, Azpiazu euskal arrantzaleei buruz gehien dakien pertsonetako bat dela esan dezakegu, baina gaiarekin hasi zenean ez zebilen itsaso bila. Itsasoak bera aurkitu zuen. «Dokumentazioa beti agertzen zitzaidan itsasora begira, nahiz eta barnealdeko herrietakoa izan. Hemengo bizimodua baserria zen, baina baserriak ez zuen gehiegi ematen. Mehatzeetatik burdina ateratzen zuten eta hori Zumaiara eramaten zuten, eta handik Sevillara eta gero Ameriketara. Itsasoa beti agertzen zen. Eta itsas bazterrean bizi zirenen kasuan, are gehiago. Normalean arrantza, garraioa, kortsarioak, piratak… hor ibiltzen ziren. Itsasoa zen bizimodu normala», nabarmentzen du.

Legazpin burdinolen inguruko ikerketa bat egin zuen “Euskal burdinoletako bizimodua– La vida en las ferrerias vascas” liburua idazteko, eta orduan konturatu zen burdina trukerako material bezala erabiltzen zutela. Herri aberatsetan saltzen zuten –Frantziara, Sevillara edo Gaztelara– eta ardoa, garia eta bestelakoak ekartzen zituzten. Batzuetan arraina ere lortzen zuten. Horregatik dio adituak Euskal Herriko historia itsasora lotuta egon dela beti.

Etekin handiena, noski, itsaso ondoan bizi zirenek ateratzen zuten. «Hondartza asmakizun moderno bat da –dio historialariak–. Lehen hondartza hareatzak ziren, itsasontziak egiteko tokia, emakumeek arropa garbitzeko tokia, bakailaoa, bale olioa eta arrantzaleen tresneria gordetzeko txabolak zeuden tokia. Baina guk ezagutzen dugun hondartza XIX. mendeko bigarren zatian asmatutako zerbait da. Lehen hondartza lantokia zen, ez aisialdirako tokia».

Itsasoarekin hain harreman estua izanik, negozioa azkar ikusi zuten. Dirua egiteko aukera aparta zen leku arrotzetara joatea eta bertan baleak arrantzatzea, itzultzean lortutakoa saltzeko. Hala, aitzindariak izan ziren Ternua aldera joaten. Euskaldunak oso ausartak ziren, nahiz eta baldintza oso eskasetan lan egin. Ontzi onak eta eskarmentudun marinelak zituzten. Beraiek arrantzatutako bakailaoa Europa osoan zabaltzen zuten, eta balea olioa Frantzian saltzen zuten, bertatik Ingalaterrara bidaltzeko.

Beldurrik ez

Arrantzaleek bazekiten zer-nolako arriskuak igaro beharko zituzten. Euskal Herritik ateratzean askok testamentua egiten zuten. Historialariak kontatu bezala, XVII. mendeko poesietan biltzen da Larrun mendia ikusten zutenean, Euskal Herritik ikusten zuten azken puntua, agur egiten ziotela. «Ez ziren abenturazale eroak. Bazekiten non sartzen ziren, Atlantikoa zeharkatzeak zer arrisku zituen bazekiten». Horregatik aldez aurretik egiten zuten testamentua. Bertan zorrak ere jasotzen zituzten, kapitainak olio kupelen bat zor bazieten, adibidez.

Finean, denbora luzea ematen zuten etxetik kanpo. Bidaian hilabete baino gehiago ematen zuten joaterakoan eta beste hainbeste itzultzerakoan, eta han beste lau hilabete ematen zituzten. Guztira, sei edo zazpi hilabete egiten zituzten itsasoan. Batzuetan gertatzen zen, 1576ko neguan bezala, portua izozten zela eta ezin zutela barkua atera. Orduan negua bertan igaro behar izaten zuten.

Batzuetan, gainera, intentzio horrekin abiatzen ziren Ternuara. Neguak oso gogorrak zirela jakin arren (30 gradu zero azpitik), ez zitzaien inporta negua bertan pasatzea baldin eta baleak berandu iristen baziren.

Euren bidaietarako sagardoa eramaten zuten, arrazoi praktikoengatik: ura kupeletan usteldu egiten zen eta ardoa garestia zen. Gerora jakin dugu hori zela euskaldunen sekretua gainontzeko marinelak baino gutxiago gaixotzeko. Dirudienez sagarrak duen C bitamina mesedegarria zen eskorbutoaren kontra. Gainontzekoek jakin izan balute!

Astigarraga inguruan sagasti pila bat zeuden eta horietatik sagardo pila bat lortzen zuten. Kontsumo propiorako, noski, baina asko eta asko marinelek eraman zezaten. «Pentsa, ehun lagunek sei hilabeterako zenbat edari behar zuten?», nabarmentzen du Azpiazuk. Horrez gain, ahal bazuten fruitu freskoak eramaten zituzten, lehenengo asteetarako. Arrainak bidean harrapatzen zituzten eta bertan bakailaoa jaten zuten.

Euren bizimodua ez zen batere erraza. Ia egun guztia lanean ematen zuten, zenbat eta lehenago amaitu etxera lehenago itzultzen zirelako. Balea harrapatzen zutenean itsas bazterrera eramaten zuten, edo batzuetan itsasontzira gerturatzen zuten. Olioa ontzian bertan edo itsasertzeko txaboletan urtzen zuten. Joanes Etxaniz Orioko euskal arrantzalearen testamentuan (Ipar Amerikako testu idatzirik zaharrena) kontatzen da nola 24 orduz egiten zuten lan. Lantokian bertan hartzen zuten atseden, kideek lanarekin jarraitzen zuten bitartean.

Lan gogorra zenez sasoiko jendea joaten zen Ternuara. «Medikuek diote XX. mendeko arrantzaleek baldintza txarrak jasaten zituztela: hankak eta eskuak izoztuta aritzen ziren, eskumuturretako mina izaten zuten eta arrainen hezurrekin zauriak egiten zituzten. Imajinatu XVII. mendean nolako baldintzak izango zituzten!», nabarmentzen du adituak.

Inuiten lagun eta etsai

Bertako biztanleekin harremana izaten zuten halabeharrez, nahiz eta beti ez ziren ondo eramaten. Lurrotan inuitak bizi ziren, indigenak. Dokumentuetan gertakizun xelebreak biltzen dira. Adibidez, Azpiazuk kontatu zigun euskaldunek “zer moduz?” galdetzen zutenean haiek “apaizak hobeto” erantzuten zutela, esanahia ezagutzen ez zuten arren.

Harreman horri esker ingelesek XIX. mendean lortu ez zutena lortu zuten: baldintza gogor haietara moldatzea. Euskaldunek XVII. mende hasieran itsas txakur azalak ekartzen zituzten, inuitei ikusi ondoren ikasita. Haiekin Ternuara joateko botak egiteko eskatzen zizkieten zapatariei. Ingelesek, ordea, ez zieten kasurik egin, eta, Azpiazuren ustez, horregatik hil ziren hainbeste.

Liskarrak ere izaten ziren haien artean, noski. Euskaldunek egurra behar zuten olio kupelak egiteko, eta horretarako zuhaitzak mozten zituzten. Gainera, ehizan ateratzen ziren. Inuitak ere ehiztariak ziren, eta, lehia bazuten, haientzako animalia gutxiago gelditzen ziren. Giroa baretzeko euskaldunek bale haragia ematen zieten inuitei. «Bertakoek ez zituzten baleak harrapatzen, munstro bezala ikusten zituzten. Islandian ere ez, ez zuten itsasoa menperatzen. Baleak zertarako balio zuen ere ez zekiten. Euskaldunek harrapatzen zituzten baleen zati batzuk ematen zizkieten, haragia jateko. Eta beraiek pozik, balea jateko zutelako eta gainera hemengo burdina ere eramaten zutelako», Aspiazuren arabera.

Egun, kanadarren eta euskaldunen arteko harremana ona da. Are gehiago, bien historia lotuta dagoela jakinik, elkarlanean aritzen dira; hemen dokumentuak ditugu eta han aztarnak. «Indusketetan aurkitu izan dira kupelen eraztunak eta kupel osoak, gantza urtzeko erabiltzen zituzten teilak, galdarak eta tresneria. 400 urtetan mantendu dira, nola da posible? «Bertako itsasoa oso hotza delako. Hemen usteldu egingo ziren. Albaola elkartea berritzen ari den baleontzia ia osorik aurkitu zuten, hezurdura guztia ur hotzetan zegoelako. Oñatiko Unibertsitateko dokumentazioan aurkitu zuten itsasontzia halako tokian hondoratu zela, eta han aurkitu zuten», azaldu du.

Baldintza horiek tarteko, Azpiazuk uste du ontzi gehiago izango direla itsasoan, baita egiten ari diren indusketei esker aztarna gehiago aurkituko dituztela ere. Euskal kulturarentzako aberastasun izugarria da eta bertako museoekin akordioak lantzen ari dira. Baina duela ez hainbeste Kanadak ez zekien gauza handirik euskaldunei buruz. «1992an Sevillako Erakusketa Unibertsala egin zenean oroitzen naiz Kanadako pabiloian bazeudela euskaldunekin zerikusia zuten gauzak, baina ez zekiten ezer euskaldunei buruz. Gero Selma Barkham bezalako adituen bidez euskaldunen indarra piztu da han. Honek Ternuako historia azalarazi zuen; Ternuako histori ofizialak 200 urte ditu asko jota, baina euskaldunek Kanadan egindako historia orain dela 500 urtekoa da eta aztarnak han daude. Gaur egun euskaldunekiko ikuspegia aldatu da, positiboki. Hango museoan indusketa pila bat egin dituzte, baita dokumentazio lana ere gure ekarpenean oinarrituta. Kanadako lehenengo dokumentuak euskaldunenak dira», azaldu du Azpiazuk.

Ternuarekiko harremana eten egin zen 200 urtez, gutxi gorabehera, baleazaleen gainbehera etorri zenean. Baina XX. mendean euskal arrantzaleak bakailao bila abiatu ziren berriro ur hotz haietara. «Nik ezagutu ditut hiru oñatiar Ternuara eta Groenlandiara joaten, eta bi bizi dira oraindik», kontatu du adituak, barnealdeko herrietan ere marinelak izan direla azpimarratzeko. Izan ere, euskal marinel ospetsuenetariko bat oñatiarra zen. «Lope Agirreren inguruan gezur asko daude. Erregearen kontra oldartu zen eta hori ez zioten barkatu: garaiko idazle guztiak bere kontra jarri ziren. Erregearen kontra egiteak garai hartako bekaturik handiena zen. Bera baino askoz maltzurragoak izan ziren ospetsu egin ziren konkistatzaile asko: Zumarragako Miguel Lopez de Legazpi, Filipinetan ibili zena, adibidez. Urdaneta, behar bada garai hartako marinelik famatuena, Ordiziakoa zen. Elgoibarrek ondoan Altzola dauka, ibaiko portua, eta, horregatik, Elgoibarko kapitainak ere oso famatuak izan ziren garai batean. Arrantzan, merkataritzan, garraiogintzan, borrokan... bizi ziren. Oro har, marinel euskaldunak oso ezagunak ziren», nabarmentzen du Aspiazuk.

Esan bezala, euskaldunak aitzindariak izan ziren Ternua bezalako lurraldeetan, inor baino lehenago iritsi zirelako bertara arrantzan aritzera. XV. mendean oso indartsuak izan ziren lurrotan, baina XVI. mendean gainbehera etortzen hasi zen. Ingalaterrak inperio izugarria osatu zuen eta euskaldunek Ipar Amerikako euren lurrak konkistatuko ote zituzten beldur ziren, beraz, euren indarraz baliatu ziren. Pasaiara joaten ziren eta bertan zeuden ontziak bahitzen zituzten eta marinelak eurentzat lan egitera behartzen zituzten. Erregeak esaten zien ordainduko ziela, baina «erregea ordaintzaile txarra zen». Hori ikusirik, ontzigintzan aritzen zirenek nahiago zuten ontzi txikiagoak egitea, erregeak eraman ez zitzan.

Ontzi handiak 500 eta 700 tona artekoak izan ohi ziren, eta, txikiak, aldiz, 100 eta 150 tona artekoak. Ingalaterrako erregearekin bat egiten zutenek ontzi handiak eramaten zituzten, eta txikiek ez zuten ezer egiterik horien aurka.

Baina euskaldunek lanean jarraitu zuten, eragozpenak egon arren. Orduan hasi ziren beste leku batzuk esploratzen: Norvegia, Groenlandia, Danimarka, Islandia... Azken herrialde horretan, hain zuzen ere, euskaldun talde bat sarraskitu zuten XVII. mendean. Martin de Villafranca eta bere tripulazio osoa hil egin zituzten 1615ean, bertakoekin liskarrak izan ondoren. Martin de Villafranca bera marinel haiek zeramaten bizimoduaren eredu izan zen. 15-16 urterekin jada Ternuan izandakoa zen eta 26-27 urterekin kapitaina zen. Mutikoak 12 urterekin has zitezkeen barkuan lanean itsasmutil bezala. Ondoren paje eta marinel izaten ziren, eta, azkenik, batzuek kargua hartzen zuten. «Horrela gogortzen ziren, derrigorrez», nabarmendu du Azpiazuk.

Balea, txerria bezala

Baletik, txerritik bezala, dena aprobetxatzen zuten. Gehiena grasa zen eta horrekin olioa egiten zuten. Mingainetik ere olioa ateratzen zuten, baina beste mota batekoa. Hezurdura eraikuntzetan erabiltzen zuten. Ahoko bizarrak luxuzko labanen kirtenak egiteko, emakume arropak egiteko (azpikogona eta kortseak) edota aberatsen guardasolak egiteko balio zuen. «Garai hartako plastikoa zen; malgu eta iraunkorra», azaldu du historialariak. Frantsesek batez ere bizarrak eskatzen zizkieten euskaldunei, eta horregatik denbora ematen zuten bizarrak kentzen –hortzak kentzea bezalakoa zen–. Horri esker etekin handiak atera zituzten, baina olioa zen diru gehien ematen ziena.

Kupel bakoitza 6-12 dukatetan saltzen zuten. Langile baten hiru hilabeteko soldata 12 dukat izan ohi zen, beraz, arrantzale bakoitzak bost kupel lortzen bazituen, dirutza handia lortzen zuen. «Kapitainak are portzentaje handiagoa eramaten zuen. Itsasontzi batean 200.000 litro olio ekartzen zituzten. Urtero 800-1.000 bale artean hiltzen zituzten, urte onetan. Baina gero baleak urritu egin ziren».

Paper-sorten artean galduta

Informazio hau guztia lortzea ez da erraza izan. Urte luzeetako lanaren emaitza da, eta oraindik paper artean jarraitzen du Azpiazuk. «Oñatiko artxiboan dokumentu asko daude: ontziak nola egiten zituzten, barruan zer sartu behar zen, marinelen kontratuak… Tolosan ere badago informazioa, baina itsaso bazterretako ia negozio guztien agiriak Oñatin daude. 16.000 paper-sorta inguru daude, larruz josiak, eta bakoitzean 300 kontratu. Irakurtzen duzu batek astoa saldu zuela, besteak ez zuela ordaindu... Agiri batean oñatiar batek Ternuako negozioan sartuta Debako batekin egindako hitzarmena aurkitu nuen. Dokumentazio pila bat dago», dio liluraturik.

Valladolidera ere jo izan du informazio eske: «Lehen mailako epaileak alkateak ziren. Bere epaiarekin ados zeudenak korrejidorearengana joaten ziren. Eta korrejidorearekin ere ados ez bazeuden, Valladolidera jotzen zuten. Aurreko batean dokumentazio baten bila nenbilen eta bost paper-sorta atera zizkidaten. Zer nahi duzun eskatzen diozu eta disko batean bidaltzen dizute, formatu digitalean. Duela gutxi 400 fotokopia inguru iritsi zitzaizkidan», azaldu du.

Bere pasioa ezaguna da eta, horregatik, ingurukoek ere lagundu egiten diote. Bere suhiaren aita argentinarra da eta bertatik liburu batzuk bidali zizkion Irizar almiranteari buruzkoak. «Bitxia da, 1850ean bertara joandako oñatiar baten semea itsas munduan sartu eta teniente bihurtu zen; bada, han galduta zeuden norvegiarrak erreskatatu zituen izotza hausteko itsasontzi batekin. 1903an munduko prentsak hori islatu zuen. Orain duten izotz-hauslea “Almirante Irizar” deitzen da, haren omenez», amaitu zuen.