Ion Salgado
Elkarrizketa
Ainara MENDAROZKETA
Jendartea eraso matxisten kontra altxatu den urtea

«Feminismoa armairutik atera eta mahai gainean jarri dugu»

Ion Salgado

Urte garrantzitsua izan da 2016a mugimendu feministarentzat. Apirilean, milaka lagun bildu ziren Gasteizen Feministok Prest-ek deitutako manifestazioan parte hartzeko. Hiru helburu zituen mobilizazioak: alde batetik, eraso matxistak salatzea; bestetik, mugimendu feministaren kriminalizazioa salatzea; eta bukatzeko, bortizkeria zer den, bere modu anitzak eta nola identifikatu aztertzeko hausnarketa eta debate soziala sustatzea. Asmo handiko helburuak ziren, baina azken hilabeteetan pausoak eman dira aipatutako helburuak lortzeko bidean. Hori uste du Ainara Mendarozketa mugimendu feministako kideak. Haren hitzetan, «feminismoa armairutik atera eta mahai gainean jarri dugu. Guztion agendetan jarri dugu feminismoa».

2016a urte berezia izan da mugimendu feministarentzat. Milaka lagun bildu ziren apirilean Gasteizen Feministok Prest-ek deitutako manifestazioan parte hartzeko. Nola bizi izan duzue urtea?

Guretzat oso urte garrantzitsua izan da benetan. Feminismoren loraldi bat egon delako, eta horri lotuta egon delako Feministok Prest mobilizazioa ere. Bertan Euskal Herriko mugimendu feminista guztia murgildu zen, baita norbanako asko ere. Emakume asko murgildu ziren hor lan egitera eta horrek ekarri du feminismoaren eta haren inguruan lan egiten duten mugimenduen loraldi bat. Eta oso pozik gaude, gure ustez inflexio puntu bat izan delako. Alde batetik, antolakuntza aldetik, eta bestetik, ikusarazi dugulako zein den emakumeenganako indarkeria.

Manifestazioa inflexio puntu bat izan zela diozu. Zer nabaritu duzue ordutik hona?

Alde batetik, esan dizudana, egia da ikusarazi dugula emakumeenganako indarkeria ez dela bakarrik kolpeak edo «etxe barruko indarkeria» gaizki esandako hori, baizik eta indarkeria mota asko daudela, eta hori ikusarazi dugu. Eta bestetik, emakume asko antolatu dira talde feminista ezberdinetan horren ondoren.

Mobilizazioa jendetsua izan zen, komunikabide askotan agertu zena. Gizarteak entzun zuen mugimendu feministaren aldarria. Euskal gizartearen jarrera aldatu dela esan dezakegu?

Bai, jarrera aldatu da. Kalera salatzera ateratzeko orduan ikusi da aldaketa. Ulertu da nola ikusten dugun guk indarkeria matxista, bere orokortasunean. Eta salaketa mota ere aldatu da. Salaketa publikoak egin dira, emakume askok jasan dituzte eraso desberdinak, eraso sexista ezberdinak. Eta emakume horiek animatu egin dira hori publiko egitera eta ikusaraztera, eta horrekin batera etorri da salaketa, guztiz zilegia. Herria atera da kalera gertatutakoa salatzera, hor daukagu Iruñean sanferminetan izandako mobilizazioa, Gasteizen ere erantzun handi bat egon zen, eta ikusi dugu herritarren erantzuna azaroaren 25eko manifestazioan. Aurreko egunetan Gasteizko campuseko GUET taldeak beste mobilizazio bat egin zuen. Ari gara ikusten jendea hasi dela kalera ateratzen, eraso matxistak kalean salatu behar direla konturatu dira herritarrak. Behar hori ikusten da.

Gizartearen erantzuna aldatu da, baina tamalez eraso matxistek hor jarraitzen dute.

Eraso matxistek hor jarraitzen dute, baina beti gertatu izan dira. Dena den, ezberdintasun bat ikusten dugu: orain emakumeak kokoteraino gaude eta kalera ateratzera ausartu gara, antolatzera, salatzera… Autodefentsaren arma hori mahai gainean jartzera zilegitasun osoz. Gizarteak behingoz ikustea guk autodefentsarako eskubidea daukagula. Kaleetatik libre ibili nahi dugu, gauez eta egunez, edozein egunetan, eta gure ustez aurrerapauso bat eman dugu.

Autodefentsari buruz hitz egin duzu. Nola egin ahal die aurre gizarteak eraso matxistei?

Guk garrantzi handia ematen diogu antolakuntzari. Emakumeak antolatu egin behar gara, sareak egin behar ditugu. Gure eskubideak defendatu behar ditugu, ahaldundu behar gara, ezin ditugu erasoak onartu. Ezin ditugu onartu eraso fisikoak, lanean gertatzen direnak, ekonomikoki gertatzen direnak edo emakume migratzaileek pairatzen dituztenak. Ezta ere gizarte heteropatriarkalarekin lotuta dauden erasoak.

Eta zer egin ahal dute Euskal Herriko erakundeek arazo honi amaiera emateko? Zeintzuk dira erakundeek eta gizarteak hartu behar dituzten neurriak?

Alde batetik, mugimendu feministak esaten duenari kasu egin; hasteko ez legoke txarto. Baina erakundeetan beti egoten dira gizonak, agintzen dutenak izaten dira, eta ikuspegi feminista bere osotasunean ez da betetzen. Egia da administrazioetan badaudela berdintasun sailak, baina ez dira nahikoak lan egiteko. Beti esan dugu gu prest gaudela administrazioekin lan egiteko, elkarrekin lan egin behar dugula uste dugulako, eta horretara irekiak gaude. Gasteizko Udalaren kasuan, blusen kasuan gertatu zenarekin, elkarlanean hasi ginen, baina dirudienez geldirik geratu da. Dena den, garrantzitsua da herri mugimenduarekin eta bereziki mugimendu feministarekin lan zuzen bat egitea. Hori administrazioen aldetik.

Gizartearen aldetik… gu bai kolektiboki bai indibidualki bagara arduradun gauza hauek ez gertatzeko. Era indibidualean salatu ahal ditugu erasoak, eta modu kolektiboan ere bai. Eta ahal dugun neurrian galarazi ahal ditugu. Zer egin beharko genuke? Gizartea goitik behera aldatu, gaur egungo estruktura goitik behera aldatu. Gizartea ez baitago emakumeentzat egina. Emakumeek parte hartu behar dugu gizarte berri baten diseinuan. Gizarte berri bat behar dugu, non gu libre izango garen.

Udan hainbat protokolo jarri ziren martxan Euskal Herrian eraso matxistei aurre egiteko. Eraginkorrak izan dira?

Printzipioz ondo funtzionatu dute. Mugimendu feministak martxan jarri ditu hainbat protokolo eta emakume asko aritu dira buru-belarri lanean protokolo horiek ondo ateratzeko. Gasteizko kasua da nik hobeto ezagutzen dudana. Hiriko auzoetako jaietan telefono bat egon da erasoak salatzeko, Gasteizko jaietan ere telefono zerbitzu hori indarrean egon da. Horri esker salaketak jaso dira eta mugimendu feministak kudeatu egin ditu, eta herri mugimenduekin adostutako protokoloak martxan jarri dira arazorik gabe.

Administrazioaren aldetik, guk nahi genuena zen protokolo komun bat izatea, baina gauza ezberdinengatik ez da posible izan. Egia da aurrerapausoak egon direla, egia da beraiek martxan jarritako protokoloak ere ondo funtzionatu dutela, baina gure iritziz motz geratu dira. Guk eraso sexista guztiak identifikatzen ditugu, eta beraiek zenbait gauza ez dituzte eraso sexistatzat hartzen.

Gero, Ertzaintzaren aldetik jaso den erantzuna oso larria izan da. Emakumeak joan dira salaketak jartzera eta dirudienez bortxaketa bat egon arte, penetrazio bat egon arte, ez zuten ikusten eraso sexistarik.

Horregatik ikusten dugu administrazioen aldetik gure buruak ez daudela babestuak, eta mugimendu feminista bezala erabaki dugu gu antolatzea. Gure sareak egin ditugu biktimei babesa emateko erasoak gertatzen direnean.

Erakundeen eta Ertzaintzaren jarrera kritikatzen duzue. Nolakoa da erakundeekin duzuen harremana?

Gure asmoa da harreman natural bat izatea erakundeekin. Berez interlokutore bezala onartzen gaituzte, baina guk gizartea errotik aldatu nahi dugu. Emakumea libre izateko gizarte libre bat behar dugulako. Eta erakundeetan mugimendu feministaren parte-hartzea beharrezkoa dela uste dugu. Uste dugu harremana naturalagoa izan beharko litzatekeela, baina momentuz harremana zuzena dela esan dezakegu. Egia da udal batzuk gehiago inplikatu direla, eta hori aurrerapauso bat izan daiteke beste erakunde batzuk berdina egitera bultzatzeko.

Gasteizen azken urteetan arazoak egon dira blusekin. Aurten epaituak izan dira bi neska, pasa den urtean mugimendu feministak hiriko jaietan egindako ekimen batean parte hartzeagatik. Nolako harremana daukazue Blusen eta Nesken Batzordearekin?

Erlaziorik berez ez dago, baina guk nahi dugu beraiekin lan egin. Bai beraiekin bai beste eragileekin. Hori beti esan izan dugu. Eta badakigu orain lehendakari berri bat dagoela Blusen eta Nesken Batzordean, eta lehen zegoen lehendakariarekin ere gu beti egon gara prest lan egiteko, nahiz eta epaiketa bat egon. Gure ustez, erasoak oso larriak dira, eta guztion artean lan egin behar dugu hori ez gertatzeko. Gu prest gaude hirian dagoen edozein eragilerekin lan egiteko.

Abuztuaren 9an blusek eta neskek ez zuten itzuleran parte hartu, bost kuadrillak izan ezik. Horren ondorioz, Luis Izaga batzordeko lehendakariak dimititu egin zuen. Nola hartu zenuten Luis Izagaren dimisioa?

Ez da gure istorioa. Mugimendu feministak horretan ez du zerikusirik izan. Izaga zen Blusen eta Nesken Batzordeko lehendakaria eta bere dimisioa aurkeztu zuen bertan gertatu diren kontuengatik. Gure burua hortik kanpo ikusten dugu, ez dugu zerikusirik izan.

Egun horretan bi elkarretaratze izan ziren Gasteizko erdialdean; alde batetik, mugimendu feminista eta bestetik Udala eta Blusen eta Nesken Batzordea.

Abuztuaren 9an modu batean edo bestean herritar ugarik salatu zituzten erasoak eta Blusen eta Nesken Batzordeak erabaki bat hartu zuen, oso zilegia. Eta egun horretan gertatu zena penaz hartu dugu. Baina horrek ez du esan nahi beraiekin lan egin behar ez dugunik.

Gasteizko kasuari buruz hitz egin duzu, baina hainbat udalerritako agintariek matxismoaren kontrako ekimenak egin zituzten. Milaka herritarrek parte hartu zuten Iruñeko Udalak deitutako elkarretaratzean, esaterako. Aipatzekoa da Iruñeko Udalaren jarrera?

Bai, aipatzekoa izan da, bere gabeziekin, izan ere, oraindik ere aurrerapauso gehiago eman behar ditu. Baina Iruñeko Udalak egindako gauza asko aipatzekoak dira. Iruñeko Udalak eta baita herri txiki askotako udalek ere. Eta Gasteizko Udalak ere mobilizazioa egin zuen abuztuaren 9an. Pausoak ematen ari dira.

Zeintzuk izango dira mugimendu feministaren hurrengo urratsak? Nolako ekimenak egingo dituzue?

Hurrengo urratsak… horretan gabiltza. Duela gutxi topaketa batzuk egon ziren mugimendu feministarenak, ze eraso dauden eta nola egin behar diegun aurre aztertzeko. Egia esan, Feministok Prest manifestazioaren ondoren ikusten dugu kristoren aukerak daudela, emakume asko hurbildu dira mugimendu feministara modu batean edo bestean militatzera, bakoitzak ahal duen neurrian. Eta hori guztia antolatu behar dugu.

Nola hartzen dituzue mugimendu feministaren aurkako kritikak?

Gizarte honetan heziketa behar da. Garrantzitsua da heziketa. Mundu guztia ez da ados egongo guk defendatzen ditugun ideiekin, baina errespetua beharrezkoa da, emakume bat zure berdina dela ikustea, azkenean gizakiak gara. Horregatik uste dugu heziketa garrantzitsua dela. Izan ere, gazteek dituzten portaera asko gure ustez oso larriak dira. Ulertarazi behar dugu ze gizarte nahi dugun, eta hori kalera eraman.

Portaera horiek aldatzen baditugu, beste guztia aldatuko dugu. Eta jarrera matxista horiek amaitzeko norbanakoaren inplikazioa behar da. Pertsona guztiok halako jarrera matxistak ikusten ditugunean salatu egin behar ditugu, bai era pertsonalean eta bai orokorrean. Denok, modu batean edo bestean, badugu aukera jendartea aldatzeko.