Joxean Agirre

Agenda

Agendarik gabe ez gara ezer, ez gara inor. Urte sasoi honetan oparitzen zidaten bat edo erosten nuen bestela, lodia, larru itxurako azalarekin. Han apuntatzen nituen laneko hitzorduak ez ezik, irakurri beharreko liburuak, autoan etortzen zitzaizkidan burutazioak edo zirriborra nitzakeen nobela baten hasiera ezberdinak.

Hura besapean nuela ateratzen nintzen egunero etxetik eta auzoko andre jubilatuak pentsa zezakeen «badoa kazetaria, auskalo nor izango duen elkarrizketatzeko zain». Ez dakit zer zuen agendak, baina neuri ere halako segurtasun bat ematen zidan, euskarri bat: zenbat eta beteagoa eguneko orrialdea, beteagoa ikusten nuen bizitza. Gazteagoren batek «orain primeran biziko haiz, agendarik gabe», esaten didanean baietz erantzuten diot, apaltasunagatik, baina barru-barruan pentsatzen dut: ««inozoa, ez dakik bizitzari buruz gauza handirik. Ikusiko duk urte berri bat hasi eta egutegia hutsik ikusten duanean».

Urte batzuk badira ez dudala agendarik. Zertarako? Ez daukat laneko konturik apuntatu beharrik eta gutxiago emakumeekin hitzordurik. Fraide bizimodua daramat. Apunta nezakeen lasai asko «goizeko bostetan jaiki eta matutiak kantatu». Aurten ere urteko eginkizunak Euskadiko Kutxaren egutegi txiki batean kabituko zaizkit: urteko lauzpabost manifa handienak markatu, seme-alaben urtebetetzeak gorriz jarri (emazteak berak gogaraziko dit). Mahastia inausten hasi. Gure Esku Dagoren hurrengo bilera noiz den enteratu. Idazten ari naizen nobela ekainerako bukatu edo urtebete luzatu, katuak saguarekin bezala entretenitzeko zerbait izan dezadan. Maiatzerako aste eta erdiko oporrak antolatu merke-zurrean. Udako hiru hilabeteak taularekin itsasoan ibili eta norbaitek ea surfa egiten al dudan galdetzen badit, haserre begiratu. Irailerako Katalunian egun batzuk pasatzeko modua egin, erreferenduma bertatik bertara ikusteko. Nobela ateratzen badut, abenduan Durangoko Azokara joan eta goiz batean lau ale sinatu.

Norbaitek esaten badit hain egiteko gutxirekin ere bizitza bat bete daitekeela, ez diot kontrakorik esango, baina nostalgia pixka batekin jarraituko dut gogoratzen agenda lodia besapean nuela etxetik ateratzen nintzen garai hura, egiteko ditugun zereginek justifikatzen baitute existentzia. Hiltzeko zorian zegoen baserritar aitona harekin gogoratu naiz: «hainbeste lan baserrian bukatu gabe utzita joan behar al dut?». •